Maider IANTZI
Emakumeen Nazioarteko Eguna

Hamaika more tonu aldaketari kolorea emanez

«Aldaketa» izan da aurtengo Martxoaren 8ko hitz gakoetako bat. «Aldaketa feminista izanen da edo ez da izanen», aldarrikatu zuten atzo Euskal Herriko hiriburu eta herrietako martxetan. Mugimendu morea lorpenengatik zoriondu, eta borrokan segitzeko deia egin zuten.

«Zutik, emakumeak!», oihu egin zuten Gasteizen eta Iruñean, berdin Hazparnen, Bilbon eta Donostian. «Hautsi gure kateak! Zutik! Zutik! Zutik!». Manifestazio koloretsuak osatu zituzten aldaketa egarri diren gizon-emakumeek, aldaketa horri hamaika tonu more eman nahi dizkioten adin guztietako lagunek. Aldatzeko zenbat dagoen ikusita (atzo goizaldean Villabonan neska gazte bati egindako erasoa horren adibide), denak beharko dira.

«Historia gabe, emazte/ Denetan ahantziak. Mende guztietan, emazte/ mundutik baztertuak». Emakumeen ekarpena aitortzeko eta garaipenengatik zorionak emateko eguna ere izan zen atzokoa. Nabarmendu zuten borroka eta presioaren bidez irabazteko ahalmena dutela eta, adibidez, Gallardonek bultzatutako abortuaren legearen erreforma bertan behera uztea lortu dutela. Horrekin batera, emakumeen gorputzaz baliatu nahian bestelako aldaketak egiten ari direla erran eta mobilizazioei adi egoteko eskatu zuten.

Irudimenaren fruituak

Ohiko pankarten aldean, irudimentsuak izan ziren Martxoaren 8koak; ohiko manifestazioen aldean, alaiagoak. Animazio eta bizitasun horrek bete-betean egiten zuen talka matxismoak eragindako min eta dramen tristeziarekin eta heriotzekin. Mugimendu eta aldaketa grin horrek bete-betean egiten zuen talka gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen eta horietatik eratorritako injustizien mugiezintasun irudiarekin.

Detaile eta puntadaz beteta egon ziren martxak. Argi printzez. Bilbon, beren jantzi tradizionalak soinean eta alai dantzan atera ziren afrikarrak, «Nire gorputza, nire lurraldea», «Sexu gehiegikeriak eta hilketak, aski da!» eta antzeko leloak zeramatzaten kartelekin; Txilen ere abortu legal, seguru eta librerako eskubidea bete dadila eskatzen zuten; eta «Ez dut zure lorerik nahi, zure errespetua nahi dut» idatzi zuten kartoietan.

Mare 26 urteko rap kantari oaxacarraren historia ere ezagutarazi zuten Bizkaiko hiriburuan. Kontzientziak ernatzeko eta sareak indartzeko erreminta gisa darabil rapa mexikarrak, desberdintasun egoera amaitzeko bidean. «Maitagarrien ipuinetako maitasun erromantikoaren ideia jendartean emakumeak gehien kaltetu dituen gauzetako bat izan da», dio.

Denen Gasteiz

Arabako hiriburuan, GARAk egindako zenbaketaren arabera, 2.000 bat lagunek osatu zuten San Anton parketik Andre Mari Zuriaren plazara arteko martxa. Bertan, bertze hiriburuetan errepikatu zen «Euskal Herria feminismotik eraikitzen ari gara! Aldaketa feminista izanen da edo ez da izanen» pankarta nagusiaz gain, bertze pankarta txikiago aunitz zeuden, adibidez islamofobiaren kontrakoa edo «Nahi dugun hiria. Eskubide guztiak emakume guztientzat» zioena, azal kolore desberdineko andreek eusten zutena.

Giro alaian abiatu zen manifestazioa, batukada doinuek lagunduta eta bildutakoen artean erabateko aniztasuna nagusi zela. Dantzan, kantuan eta jolasean egin zuten aitzinera, leloak asmatuz edo orain eseri eta gero esprint txiki bat eginez irriz lehertuz, eta, Andre Mari Zuriaren plaza bete-beterik, amaierako irudia ederra izan zen. Parte hartzaileak eskuak altxatuta hirukiak osatuz, jatorri ezberdinekoen artean Euskal Herri morea marraztuz eta ahots goxoz abestuz: «Zutik, emakumeak!».

Protesta por la agresión a una joven en Villabona

Respondiendo a la convocatoria de colectivos sociales, alrededor de 300 vecinos de Villabona se concentraron en la plaza Malkar en repulsa de la agresión sufrida por una joven la madrugada de ayer. Según fuentes de la Ertzaintza, la joven de 19 años interpuso una denuncia en comisaría tras haber sido víctima de una agresión sexual en esta localidad guipuzcoana. Según trascendió, se trataría de un intento de violación por parte de un varón, que los agentes intentaban localizar, y que ocurrió a las seis menos cuarto de la mañana, en el barrio de Arroa, cuando esta vecina se dirigía a su domicilio.

«Tolosaldeko ataria» informó en su página web que la Ertzaintza había confirmado el intento de agresión. La joven se defendió ante el ataque del hombre y éste escapó. La Policía mantiene abierta la investigación. GARA