Jon GARMENDIA
Idazlea

Ongi egitea

Jardin publikoan, Pierre Forsansen oroitarriaren ondoan esertzen da eguzkiak bere agerpena egiten duen bakoitzean, eta han topatu dut xake taularen aitzinean, Michel Houellebecqen «Soumission» eleberria eskuetan duela. «Ez dut Houellebecq maite», erran dit, «baina maite ez ditugun gauza gehienek plazer egiten digutela ohartu naiz urteekin». Pentsakor utzi nau. Hastapen batean, Pierre Forsansi eskainitakoa «egunero ondoan ditugun beste anitz bezala, harri bat baino» ez zela aitortu dit, «gero jakin nuen Biarritzeko auzapeza izan zela 1919an hil zen arte, zenbaki bitxia; Baionako trenbidearen ingeniaria izan zela, Hirugarren Errepublikako senatari... eta bere bizitzarekin interesatu arau, oroitarria nire toki kuttun bilakatu da». Zaldun zuri batekin peoi beltz bat kendu du xake taulatik, eta liburuari katalpa hosto berdea ezarri dio orri artean, oroitarriaren gaineko zuhaitzetik eroria, prefosta. «Katalpa ez da hemengoa, Ipar Amerikatik, Mendebaldeko Indiatik edo Ekialdeko Asiatik dator, oroitarria bezala, nonbaitetik ekarria izan da, gu hemen geunden, bai, baina haiek hemen jarraituko dute, guk ez». Ez dakit norat eraman nahi nauen. «Bizitzaren komedian, errege, apezpiku, zaldun ala dama izan, jantziak kendu eta denak parekatzen ditu heriotzak». Cervantesen On Kixote Mantxakoaren pasarte bat gogorarazi dit: «Sanchok erantzun zion konparaketa hori aspaldi entzuna zuela xakearekin, non pieza bakoitzak bazuen zeregin bat, eta baita posizio edo klase bat ere, baina, jokoa amaitzean, denek zaku berean amaitzen zuten». Gizarteaz ari ote den, besteengandik desberdintzeko egiten dugun ahaleginaz. Edo harrokeriaz. Liburua eskuetan berriro hartu aitzin, «kalterik egin gabe ongi egiten didan horri eusten diot» eta «ahal dudana egiten dut, ahal dudan bezala» erran dizkit. Ez dut ulertu zer erran nahi duen, baina entzuteak, ongi egin dit.