2017/11/10

Despentsa Solidarioaren Makina jarri dute Gasteizen Berakah-k eta Vital-ek

Berakah programak eta Vital Fundazioak Despentsa Solidarioaren Makina aurkeztu zuten atzo Gasteizko Azokan. Gailu horretan jasotako dohaintza guztiak Berakahk Alde Zaharrean duen Despentsa Solidarioa hornitzeko erabiliko dute.

I.S.|GASTEIZ
1110_eh_berakah

Berakah programak eta Vital Fundazioak Despentsa Solidarioaren Makina aurkeztu zuten atzo, pobreziari eta gizarte desberdintasunari aurre egiteko sortu berri duten proiektua. Izan ere, Gasteizko Azokan jarri duten makina horrek dirua biltzea ahalbidetuko die, beharra duten pertsonen artean janaria banatzeko. Diru ekarpena egin nahi duenak produktua hautatu behar du makinak emandako aukeren artean, dirua sartu eta dohaintzan eman duen elikagaiaren irudia dakarren paketetxoa jasoko du trukean.

Merkatuan egindako prentsaurrekoan Jon Urresti Vital Fundazioko presidenteak eta Berakahko Despentsa Solidarioaren arduradun Enrique Gonzalezek nabarmendu zutenez, Despentsa Solidarioaren Makinak dohaintza egiteko aukera anitz eskaintzen die laguntzeko interesa dutenei: 1 eurotik 10 euroraino. Dohaintza guztiak Despentsa Solidarioa hornitzera bideratuko dira.

«Ekimen hori Berakahrekin egiten ditugun eta babestu nahi ditugun jardueretako bat da, gure herrialdean marjinazioaren aurka borrokatzeko helburua partekatzen dugulako eta gizarte bidezkoago eta berdinagoa lortzeko erronkarekin bat egiten dugulako», nabarmendu zuen Urrestik, Despentsa Solidarioa Vitalen eta Berakahren artean sinatutako akordioetako bat dela jakinarazita.

Janaria eta baleak

Vital Fundazioak eta Berakahk 74.000 kilo janari baino gehiago banatu zuten iaz beharra zuten 5.000 familiaren artean. Era berean, jantoki sozialetarako baleak eta umeentzako askariak banatu zituzten. Halaber, eskolan gosaltzeko programak martxan jarri zituzten.

Horrez gain, Berakahk, 250 boluntario inguruk kudeatzen duten programak, aholkularitza ere eskaintzen du gai legal eta juridikoetan, baita prestakuntza eta autoenplegu gaietan ere. Despentsa Solidarioak, irabazi asmorik gabeko saltokiak, janaria eta higiene produktuak eskaintzen ditu eta San Bizente parrokiaren atzealdean dago. Tokia duela gutxi berritu dute eta, diotenez, «orain hobeto prestatuta dago eta zerbitzu hobea ematen du».

EURO BATE

 

KIN

 

 


Laguntzeko interesa duten pertsonei dohaintza egiteko aukera anitz eskaintzen dizkie makinak, euro batekin hasita hamar euroraino.