Aimar Etxeberria Korta
infraganti

BI BALA

Bertsotan egiteaz gain, rock-and-rolla ere egiten dute oholtza gainean Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaranek. Bi Bala taldeko kideak dira, eta bigarren diskoa plazaratu berri dute: «Gure eroyak». Kritika sozialak ezaugarritzen du taldea, baina kritika euren buruetatik hasten dela diote: «Indiferentzia da azkena nahiko genukeena».

Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaran, bertsolariak eta Bi Bala taldeko kideak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaran, bertsolariak eta Bi Bala taldeko kideak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Inor lurrera botatzeko asmorik gabe, baina bi bala errekamaran hartuta igotzen dira oholtza gainera, badaezpada, Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaran, Bi Bala taldeko kideak. Taldearen bigarren lan luzea argitaratu berri dute, “Gure eroyak” izenarekin bataiatu dutena, eta diskoak biltzen duenaz hitz egiteko elkartu dira GAUR8rekin.

Bi urteko ibilbidea besterik ez du taldeak, eta bi disko publikatu dituzte dagoeneko. Bi Balaren jatorriaz hitz egiterakoan, ezin da 2013ko Bertso Eguna aipatu gabe utzi. Beatles talde britainiarraren doinuak oinarri hartuta ikuskizun labur bat egin zuen bikoteak –denok izango dugu gogoan “Krisia, ze krisi?” bertso sorta–, «eta hortik aurrera etorri ziren antolatzaileen deiak, gure ‘zerbait ezberdina’ egin nahia, lehen emanaldiak, kantu propioak sortzen hastea... eta ‘Wasabi’ diskoa», azaldu du Barandiaranek.

Baina, zer egiten dute bi bertsolarik oholtza gainean, rock-and-roll doinu artean? «Izerditu, ahotsa urratu, ondo pasa eta bazterrak nahastu», dio Barandiaranek, hots, gustatzen zaien hori. Tarteka galdetzen omen dio bere buruari ea nola amaitu duen taula baten gainean aurpegia emanez eta bigarren diskoa besapean duela, baina urrats bakoitza ongi neurtua izan dela dio, «ondo pentsatua eta kontzientea. Tentuz igo ditugu eskailerak –jarraitu du–, baina lotsarik gabe».

Hala, musika talde baten izaera hartuta iritsi da Bi Bala “Gure eroyak” lanera, «hitzak eta filosofia aldatu gabe», Barandiaranen arabera, baina musikalki egin nahi duten horretara gerturatuz. Gurrutxagaren ustez ere eboluzioa logikoa izan da, eta dio laukote izaera hartzean hasi direla definitzen talde bezala, «edo definitzen hasi ginenean bihurtu gara laukote. Egia esan, ordena zehazten ez nuke asmatuko, ez naiz-eta bereziki ordenatua...».

Kontuak kontu, beti bezala jarraitzen dute, jendeari espero ez duen hori ematen, alegia. Hortik dator, akaso, taldearen arrakasta Barandiaranen aburuz, une oro zerbait berria eskaintzen ahalegintzean eta euren buruarekin ahalik eta zintzoenak izatean. Adibide gisa, Nueva Vulcanoren bertsio bat sartu dute azken lanean. Ez da berria Bi Balarentzat bertsioak egitearena, baina kasu honetan jatorrizko hitzen ahalik eta itzulpen zuzenena egiten ahalegindu dira. «Horrek bertso moldetik eta gure ohiko tematikatik aldendu egin gaitu; ez dut uste jendea indiferente utziko duenik, onerako edo txarrerako. Horrek ez gaitu beldurtzen; indiferentzia da azkena nahiko genukeena. Horretarako nahikoa da Urkullu», adierazi du Gurrutxagak.

Norberetik abiatutako kritika

Jarrera kritikatzailea da Bi Balaren muina, baina ez hautsak harrotzeagatik harrotzea edo kritika merkea egitea. «Gorroto dugu hori. Hitz bakoitza ondo neurtzen saiatzen gara, zer, nola eta nondik esaten dugun. Mundua ez dago ondo... baina gu ez gara mundua. Eta eraldaketa autokritikatik hasiko da; gure txikian, kritikak egiteko eta onartzeko borondaterik ez zaigu falta», azpimarratu du Barandiaranek. Gurrutxagak gaineratu du lehen autokritikak euren arteko zirkulu txikietatik datozela, «eta pixkanaka kezka horiek uste baino partekatuagoak direla konturatzen ari gara. Punk jarrera bat badago guztiaren atzean, baina ez genuke zerbaiten kontra jotzerik nahi bestelako oinarririk gabe, postalean geratzerik ez genuke nahi».

Modu horretan, autokritikatik abiatutako abesti kritikoak sortu dituzte. Errekan gora etorriak diren harriak bezala, gurean berri zaharrak eta zahar berriak direla nagusi diote. «Erosoegi gauden harriak gara, bakoitza bere goroldioz estalitako trintxera politikoan. Horregatik erreferentzia ‘dabiltzan harriei’; talde eta pertsona modura ere baliagarria zaigun metafora da, etengabe aldatu eta mugimenduan dauden harriak izan nahiko genuke».

Bakoitza bere trintxera politikoan kateatuta dagoela pentsatzeaz gain, uste dute gurean ere badela pulpitutik hitz egiten duen aho handi asko. Sermolari gehiegi egotearen arrazoia txalo joko dienik falta ez izatea dela dio Barandiaranek: «Gorroto ditugu diskurtso moralistak eta hatz akusatzaileak». Kasu honetan, drogen kontsumoaren eta legeztatzearen harira hainbat hedabidetan piztu zen eztabaidari eginiko kritika da. «Drogak hor daude, eta erabiltzen dira. Hortik ona eta txarra binarismoan erortzea, eta hori apaiz tonu batekin egitea, benetan nazkagarria iruditu zitzaigun», gaineratu du Gurrutxagak.

Trintxeratan kateatuak, aho handiak... kontraesanez beteak eta zuriak! Horra hor beste bi bala. Baina eurena da lehen kontraesana: musika bezalako mundu maskulino batean oholtza gainera lau gizonezko igotzea. Gauzak aldatzeko norberaren miseriez hitz egitea baino terapia hoberik ez omen da, baina, kontrara, euskaldunok asko omen dugu zuriketatik; gauza bat pentsatu eta bestea esan. «Askotan esan ohi da horrelakoak behar ditugula gizarteak funtziona dezan, baina probatu al dugu bestelakorik?», luzatu du galdera Gurrutxagak. Zuzentasuna korrekzioarekin lotzen dela gaineratu du, «ez gauzak zuzen esatearekin, eta ez da kasualitatea». Euren hitzak, berriz, politikoki inkorrektoak dira; bertsolari izate horrek ematen die aukera gauzak esaterako orduan hain korrektoak ez diren erregistroak erabiltzeko.

Baina benetako arazoa bakoitzak bere barrenean daraman “super-euskaldun” horrekin dute, euskaldun on, garbi, aratz eta eredugarriarekin. Euskaldun horri ere eman diote egurra, EAJko kideengan pertsonifikatuz. «EAJk askotan egin du bandera gureak diren zenbait ezaugarrirekin, gero ekintza politiko ezin eskuin-espainolagoa egiteko», adierazi du Gurrutxagak. Hala, Ataungo euskaldunak, Oiongoak eta Barakaldokoak daudela azpimarratu du, «modu desberdinean, baina denak euskaldun».

Lurrera botatzen ez duten balak

Mundua aldatzen hasteko norbera aldatzea omen da lehenengo urratsa. Hori garbi dute Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaranek; euren abestien hitzei so egitea besterik ez da. Baina ba omen dugu euskaldunok zain egoteko joera, salbatuko gaituen mesiasaren zain egotekoa, alegia. Bada, heroien esperoan egoteak sarri autokonplazientzian geldirik egotea justifikatzen duela azaldu du Barandiaranek, eta gaineratu du Euskal Herrian heroiek bide nekeza dutela, «gutako bakoitzak bere konpromiso zatia hartu ezean zerura begira egongo garelako, otoizka».

Amaitu da kontzertua eta bi bala gelditzen zaizkie errekamaran. Barandiaranek garbi dauka lehenengo tiroa “euskaldun zintzoarentzat” izango dela, «Mirandek irudikatutako zaldun, zintzo, hitzeko, demokrata, ez-likits eta txapeldun den euskaldun horrentzako»; bestea, berriz, norberarentzat gorde behar dela adierazi du, «beti». Gurrutxagak, aldiz, gaineratu du berak beste ertzera egingo duela tiro; autokonplazientzian eta biktimismoan trabatuta dagoen iraultzaileari egingo dio tiro. Baina Barandiaranek argitu du euren balek ez dutela inor mintzen, «eta min ematen badute, norberak atera ditzala kontuak». Gurrutxagak dio agian balak baino kartutxoak direla eurenak: «Perdigoi txiki minberak zabaltzen ahalegintzen gara, baina inor lurrera botatzeko asmorik gabe». •