Joxean Agirre

Nostalgiak

Orain hiru bat aste, Bilbon, zereginik gabeko goiz batez eta hiri bat ezagutzeko biderik onena periferiatik ibiltzea dela pentsatuz, Otxarkoagara igo nintzen, Asier Mendizabal artistak MACBAn eta Reina Sofian “Otxarkoaga M-L” lana (auzoan dauden Marxen eta Leninen bustoen gaineko gogoeta) erakutsi zuenetik buelta bat ematekotan bainengoen. Busto horien historia luzea da. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean Madrilgo enbaxadak ez zekien zer egin irudiekin eta Parla herriko komunista taldeari eman zizkien bi bustoak, baina Udalak ez zien herrian jartzen utzi eta 1993an iritsi ziren Otxarkoagara. Ordurako auzo elkarteak gestioak eginak zituen Bukaresten hango plaza batetik Leninen estatua handi bat ekartzeko ere. Bustoak ezarri zituzten baina ez zuten bakerik izan; gau batez tirokatu egin zituzten eta auzo elkartekoak haien ordez Txabi Etxebarrietaren irudi bat jartzera iritsi ziren eta Basta Ya-k auzitara jo zuen. Kontua da Asier Mendizabalek pasadizo horien gainean eraiki zuela monumentuei, iraganari eta presenteari buruzko bere arte egitasmoa.

Kostata iritsi nintzen bustoak dauden tokira, ez baitago Euskal Herri osoan hainbeste harmaila duen auzorik. Egon nintzen hamar bat minutu irudiei begira (uste dut azken urteotako turista bakarra nintzela), gogoetan murgildua eta tarteka nostalgiaren zimikoak sentitzen nituela, nahiz eta badakidan iraultzaile batek ez duela nostalgiarik sentitu behar, etorkizunarena izatekotan ere. Horrela nengoela metro batzuetara kiosko bat ikusi nuen eta, egunkaria erosi gabe nenbilenez, gerturatu eta “Egin” bat eskatu nion nahi gabe saltzaileari, lapsus arrunt bat, oso normala burua iraganean nerabilela kontuan izanik. “Egin”-ik ez zuela, baina “Gara” bat emango zidala esan zidan eta erantsi zuen nola mutikotan hasi zen auzoan “Egin” banatzen.

Handik astebetera egin genuen Parisen ikasketak egiten ibili ginenon urteroko bazkaria. Aurtengo gertakariak tarteko, Bataclan izan genuen hizpide, garai hartan (70eko hasieran) Arroako pilotari ohi batena baitzen, striptease lokal bat bezalaxe. Atentatuek izan zuten lehentasuna, noski, baina nostalgia ariketa batzuk izan ziren bazkalondoan.

Segidan Durangoko Azoka etorri zen eta Iñaki Aldekoaren “68ko belaunaldia” irakurri dut, gure gaztaroko ideia eta gertakariei buruzko collage ederra. Hor ere nostalgiaren zimikoak tarteka badira, 60ko hamarkada bereziki utopiena izan baitzen.

Orain Imanol Muruaren bigarren liburua daukat zain eta hor, hala espero dut, ez dudala nostalgiaren zimikorik sentituko. •