Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

ADOLFO MADINABEITIA

Agurainen jaio zen duela 57 urte, baina Gasteizen bizi da gazte-gaztetatik, Gasteizen eta mendian. Bizimodua: eskalada. Lanbidea: eskalada-murruak diseinatu eta fabrikatzea. Proiektuak: eskalatzen jarraitzea. Curriculuma: ikaragarria. Adolfo Madinabeitia.

Haren berri dakitenek hormatzar batean gora imajinatzen bide dute Adolfo Madinabeitia, baina –argazkiz izan ezik– horrelako ahaleginean baino askoz errazagoa da Gasteizko kaleetan topatzea; esate baterako, Alde Zaharrean edo inguruan. Bere zaletasunik handienak munduko inguru urrunetara eramaten ez duenean, lanean (milaka metroko altueran atondutako behin-behineko bulego esekitik ere kudeatu ohi ditu lan kontuak) ematen du denborarik gehien, eskalada-murruak diseinatu eta fabrikatzen dituen Horma enpresan, baina etxekoekin egoteko edo lagun artean trago batzuk hartzeko astia ere hartu ohi du. Alde Zaharraren parean, bere gustuko txoko batean hartu du GAUR 8, Foru kaleko Kupela tabernan, hain zuzen, ohi bezain abegitsu.

Gaztetxu dantza taldeko kide zen umetatik; ondoren, Indarra taldekoa. Oso maiz joaten zen Euskal Herriko edozein bazterretara dantza egitera, batez ere udaberri eta uda partean. Dantzarako irteerarik ez zuenean, kuadrillak asteburuko planak egiterakoan, berak mendia proposatuko zuen beti. Eta mendi ibilbiderik xamurrena izanda ere, bilatuko zuen Adolfok kuadrillako inork ezagutzen ez zuen bazterren bat erakusteko, zuhaitz eta sastraka artean galtzeko. Oraindik ere haren ibilien berri jakindakoan, gogoratu ohi dute lagunek: «Adolforen mendirako grina gehiegizkoa zen!».

Eta ez zen gaztetako zaletasun hutsa izan. 1986an, 27 urterekin, ekin zion maila altuko eskaladari Kaliforniako Yosemite haranean. Aspaldi zuen harakoa egiteko gogoa, ilusioa, «eskaladan genbiltzan guztiok bezala». Baina barrenak jaten zizkion harra akabatu beharrean, gizendu egin zuen, eta luze gabe itzuliko zen leku berera: «Lekuarekin adiskidetu egin behar duzu». Hainbat aldiz eskalatu du bertako Kapitaina horma mitikoa bide desberdinetatik, batzuetan bakarrean. Izan ere, zenbat eta leku ezagunagoa, orduan eta erronka zailagoa jartzen omen du, ez konpetizio gisa, «neure buruarekin ez bada», Adolfok ez baitu mendia, eskalada, konpetiziotzat jotzen, bizimodutzat baizik. Kirola baino gehiago da berarentzat; «erlijioa», dio barrez. Baina mendiak ez ezik, inguruan bizi den jendeak ere erakartzen du: «Beren jendea gabe, mendiak ez dira ezer». Eta jende horregatik itzultzen da behin eta berriro leku berera, jendearekin gero eta gusturago sentitzen omen delako.

Hartara, horma bertikaletan gora zailduz joan zen eta big wall edo horma handietako eskaladan espezializatu, munduan berak bakarrik egin dituen balentriak egiteraino, hala nola Venezuelako Aingeruaren Jauzian “Japoniarren bidea” errepikatu eta hurrengo urtean bide berria zabaldu, Jesus Galvez madrildarrarekin batera. Harrezkero, beste espedizio batzuek baliatu dute biek zabaldu eta osatu zuten bide hura.

Karakorumera joko zuen hurrengo urteetan: Trangoko Dorre Handian, 6.000 metrotik gorako erraldoian, “Itzulerarik gabeko bidea” eskalatu zuen; 1996an, Amin Brakk igotzen saiatu zen, baina 1.000 metro «besterik ez» zituen egin. Lau urte geroago, baina, osorik eskalatu zuen, 1.600 metroko hormatzarra. Hantxe eman zuen inoiz horma batean zintzilik igaro duen denbora gehien, 31 egun, hain zuzen, 41 urterekin.

Aurten 57 urte bete ditu, baina sasoi bete-betean dago. Eta ez itxuraz bakarrik. Azken urteetan Venezuelako tepui mendietara itzuli da, eta Patagoniara joaten ere hasi da. Orain dela urtebete hango hainbat «orratz» gogor eskalatu zituen Mikel Bonilla bizkaitarrarekin. Aurten ere inguru hartan izan da Ignazio Markinezekin. Azkenaldion horrelako hormak urratzea nahiago duela dio, txikiagoak, «baina eskalada bizkorragoan». Horma txikiago horiek ehunka metrokoak dira, ordea; aurten Markinezekin igo duen Saint Exupery orratza, esate baterako, 750 metro luze da.

«Horren gaizki ikusten nauzue?»

Ez da futbolaria, baina bai futbolari ospetsuenak bezain eliteko kirolaria. Haien eta Adolforen arteko aldea nabarmena da, baina. Berak bizkarra altxatu eta irribarre egin du. Eta mendiaren munduan, baita eskaladarenean ere, badira bakoitzaren ibilbidearekin bat ez datozen ospeak eta isiltasunak ere. Maiz etxekoak gutxietsienak al dira? «Bai, hala da, hemen badago oso gauza politak egin baina paperetan agertzen ez den jendea. Niri inoiz esan didate hau edo hura egin beharko nukeela; marketin gehiago, baina niri horrek ez dit axola. Halakoak esaten dizkidatenean, nik segituan esaten diet: ‘horren gaizki ikusten al nauzue?’», dio barre algara betean. Esana du beretzat mendia erlijioa dela, eta ematen dio, bai, nolabaiteko kutsu sakratua.

Oso gutxitan ibiliko da Adolfo bospasei laguneko espedizio batean. Eskuarki lagun bakar batekin joaten da, edo bakarrik. «Mila metroko horma igo behar baduzu, bost lagunen artean banatuta, 200 metro baino ez duzu egingo sokaren buruan, eta eskalada hori da, bidea zabaltzea. Alde ederra dago». Baina bere bizitzako hainbeste egun eta gau horma itzeletan zintzilik eman dituen arabarrak lurrean ditu oinak. Beti egin du bateragarri bere «erlijioa» familiarekin, lagunekin eta lanarekin. Edo alderantziz. Joan den astean Andaluzian izan zen, familiarekin eta zenbait lagunekin, baina «han ere bada nora igo», eta horma batzuk eskalatu zituen.

Epe laburrean proiekturen bat duen galdetuta, baietz dio berehalaxe: «eskalatzen jarraitzea». Orain ez du proiektu zehatzik, baina luze gabe abiatuko da hilabete edo egun baterako, batera edo bestera. Astegunetan Irati Anda eskalatzaile gasteiztarrarekin entrenatzen du, eta harekin ikasten ari diren gazteekin. Orain gazte jendearekin joaten da mendira, 20 urtekoekin, semearen adinekoekin: «Nire belaunaldikoak lagatzen joan dira; gainera, gu aspergarriagoak gara. Gazteekin gustura joaten naiz, eta motibazioari eusten laguntzen didate». Behin baino gehiagotan berarekin zihoan gazteren bati galdetu izan diote ea Adolfo aita duen, eta gazteak ezetz erantzun izan du, laguna duela, harro asko. «Eurek beren kezka eta nahiak kontatzen dizkidate; ni, berriz, eurei gauzak irakasten saiatzen naiz». Ez duela erretiratzeko asmorik dio. Ez zuen halakorik esan beharrik, ordea, solasean transmititzen duen karra nabarituta.

Hainbeste muturreko esperientzia, onak eta txarrak, bizi izanda, ez omen du ia inoiz pentsatu «zergatik sartu ote naiz abentura honetan». Estualdiak bizi izan ditu, baina ez alderdi fisikoari dagokionez. Esate baterako, Everestera joan zenean, bere lagun Antonio Miranda betiko bertan geratu zenekoa. Oro har, hori bai, bere kabuz ez dabilenean, ez da gustura ibiltzen. «Ideia on bat duzunean, ez duzu saldu behar, are gutxiago bizia jokoan jartzen duzunean».

Ez du ezeren plantarik egiten, horrelakoxea da. Bere curriculum ikaragarria ez du hitzez osatu, ekinez eta eginez baizik.

Adolfo Madinabeitia, lagun atsegin, zintzo eta jatorra, hitz hutsetatik harago. •