amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

ROSI LAZKANO

Aiako Elkano auzoko Agote Haundi baserrian bertsoa eguneroko jolasa zen; berdin bertso zaharrak, berdin senide arteko puntu erantzun zorrotzak. Giro horretan hazi zen Rosi Lazkano Larrañaga. Berak ez omen zekien barruan bertsolari bat zuenik, harik eta 50 urte bete zituen egunean Orioko Errikotxia bertso eskolako atea ireki zuen arte.

R osi Lazkano Larrañaga Aiako Elkano auzoko Agote Haundi baserrian jaio zen duela 58 urte. «Bizitza gehienbat Zarautzen egiten genuen eta gero Oriora ezkondu nintzen». Bederatzi senideetan gazteena, etxean betidanik jaso du bertso giroa. «Umetan bertso asko kantatzen genituen, senide denok. Baserri denetan hala egiten zen, gainera. Garai batean jai giroa bertsoak eta trikitiak jartzen zuten. Baina batik bat etxean eta egunerokoan kantatzen genituen bertso zaharrak. Gure etxean beti ginen kuadrilla ederra eta tarteka puntuka ere aritzen ginen, bata besteari erantzuten. Etxeko giroan bertsoa jolasa zen eta asko gustatzen zitzaigun senide guztioi. Inori ez zitzaion, baina, burutik pasatu ere egiten bertsolari izatea, eta are gutxiago emakumeei. Bertsolariak ez zeukan fama onik, beti parrandan eta desorduetan ibiltzen zen, alferraren fama zuen...», hasi da kontatzen Lazkano.

«Senideetan inor ez da bertsotan bat-batean aritzen, bertso jarriak egiten dituzte batzuek, bertso zaharrak kantatu besteek... Baina nik beti esaten dut, jarriz gero, ia denak izango zirela gai bertsotan bat-batean egiteko». Izan ere, umetan etxean egiten zituzten bertso jolas horiek entrenamendu bikaina izan ziren, konturatu gabeko entrenamendua. Ez omen zuten sekula pentsatu, ordea, plazan bat-batean aritzeko aukeraren inguruan. «Neronek ere ez nuen inoiz pentsatu halakorik egingo nuenik». Baina egin du.

Oso lotsatia izan omen da, baina dagoeneko horiek denak gainditu ditu eta gero eta buelta gutxiago ematen dio «besteek zer esango ote duten» kezka horri. «Igual berandu, baina konturatu naiz besteek zer pentsatuko ote duten begira bizitzea gogorra dela», dio umoretsu. 50 urte bete zituen egun berean gerturatu zen lehenengoz Orioko bertso eskolara, Errikotxiara. «Irakurri genuen helduentzako bertso eskola jarri behar zutela martxan eta alabak animatu ninduen. Egia da nik bertso asko idatzi izan ditudala; seme-alabek ikastolako lan bat egin behar zutenean, ospakizunen bat izan dugunean, lagunen urtebetetzeetan... jendeari sekulako ilusioa egiten dio. Baina alabak animatuta joan nintzen bertso eskolara. Ez zait sekula ahaztuko egun hura, juxtu 50 urte bete nituen eguna zen eta pasta kaxa bat hartuta joan nintzen. Gogoratzen naiz atearen aurrean egon nintzela, zalantzan, sartu edo ez sartu. Lotsa pixka bat ematen zidan. Azkenean, baina, sartu nintzen eta geroztik asko zor diet Errikotxiakoei. Pastak bueltan etxera ekarri nituen, baina mundu berri bat zabaldu zitzaidan begien aurrean».

Bertso eskolako atea zabaldu zuen lehen egun hartan gauza asko deskubritu omen zituen. «Oraindik ere ez dakit oso ondo nik bertsoa nola egiten dudan. Baina bertso eskolara joan nintzen egun hartan lehenengoz pentsatu nuen bertsoaren egituran, azken puntuan... gauza horien inguruan ez nuen sekula pentsatu ere egiten. Guk bertsoa egiten genuen, ahal bezala, eta kito. Harrigarria iruditu zitzaidan bertsoaren inguruko zehaztapen horien berri jakitea. Helduentzako bertso eskola zen, baina helduena ni nintzen, gainontzekoak nire semearen adinekoak. Sekulako harrera egin zidaten hasieratik eta oso gustura sentitu nintzen».

Asko pentsatu gabe, bat-batean

Urrian hasi zen Rosi Lazkano Errikotxian eta segidan etorri zen Korrikaren inguruko saioa Oriora, hurrengo udaberrian. «Asko pentsatu gabe, bat-batean Satxetan bertsotan ari nintzen. Sekula ez nuen egin bat-batean eta jendaurrean, eta hantxe nengoen», gogoratzen du irriz. Sekulako harrera izan zuen, jendeak asko animatu zuen eta gustura sentitu zen.

Rosi Lazkano ez da patxadatsu igotzen oholtzara, estutasunak pasatzen omen ditu, baina ez zaizkio igartzen. «Azken urteotan sekulako aukerak eman dizkidate bertsotan egiteko han eta hemen. Bertigoa sentitzen dut askotan, baina ez dakit ezetz esaten hain ederrak iruditzen zaizkidan aukera horiei. Nire jarrera hori da, nola esan ezetz? Ni jakitun naiz daukadan adinagatik eta emakumea naizelako beste batzuek izan ez dituzten aukerak izan ditudala. Horregatik ezin diet ezetz esan aukera horiei».

2014ko Bertso Egunean kantari

Bertsozale askok 2014ko Bertso Egunean jakin zuen Rosi Lazkanoren berri, juxtu generoa gai nagusi izan zuen Bertso Egunean. Gertaera batzuk eta besteak tarteko, eta asko aurreikusi gabe, Rosi Lazkano plazan bertsotan egiteko aukerarik izan ez zuen emakume belaunaldi baten ahotsa bihurtu zen. «Nire aurretik ni baino emakume bertsolariagoak eta garrantzitsuagoak izan ziren, baina inork ez zien aukerarik eman. Nik sekula ez dut pentsatu bertsolari izan nahi dudan edo ez. Orain ere ez daukat nire burua bertsolaritzat. Bertsozalea naiz eta tarteka bertsotan egiten dut, baina errespetua sortzen dit bertsolaria naizela pentsatze hutsak».

Lazkanoren ustez, baina, berak ez dauka aparteko gaitasunik. «Urtean behin elkartzen gara Elkano auzoko emakumeak afari batean. Garai bateko ohitura da eta azken urteotan berreskuratu egin dugu. Bertso jarri batzuk eramaten ditugu eta kantuan aritzen gara, gustura. Seguru nago mahai horren bueltan elkartzen diren emakume gehienak direla bertsotan egiteko gai, eta ni izaten naiz han gazteena».

Bertsolaritzak leiho asko zabaldu dizkio Rosi Lazkanori. Pare-parean eta zabal-zabal, feminismoarena. «Emakume bertsolarien talde oso interesgarriak daude eta horiekin gauza asko deskubritu ditut. Bertsolaritzari esker deskubritu dut feminismoa. Igual barruan neukan, baina kanpora ateratzen lagundu didate. Garai batean lasai ederrean kantatzen genituen emakumearen irudia hankaz gora jartzen zuten bertsoak, Txirritarenak eta beste batzuenak, eta orain askoz kontzienteago naiz gauza horiekin. Bertsotan ere –beti ez da erraza– ez nuke gero tripak jaten utziko nauen gauzarik kantatu nahi. Gauza horiek presenteago dauzkat orain».

Bertsotan hasi zen, besterik gabe, gustatzen zaiolako. Eta kasik konturatu gabe punta-puntako bertsolariekin partekatu du oholtza. «Errespetu pixka bat ematen dit. Ni, normalean, isilik geratzen naiz, ea haiek zer dioten. Denak hurbildu zaizkit gozo-gozo, denek lagundu didate, denek erraztu didate bidea... Oso eroso sentitu naiz puntako bertsolari horiekin ere. Bertsolari bikainak dira, baina pertsona hobeak. Gainera bertsolarien artean oso barneratuta dago elkarri lagundu beharra eta desberdinen artean ederki moldatzeko gaitasun handia daukate. Lan handia egiten ari dira gauzak ahal den zintzoen eta zuzenen egiteko».

Zortzi urte daramatza bat-batean bertsotan, datozkion plazak neurrian eta gustura hartuz. «Urte batzuetan bizpahiru plaza egin ditut, eta, besteetan, gehixeago. Hala ere, nahiago dut plaza handirik ez egitea, ez naiz eroso sentitzen-eta».

Bereziki gogoan du 2010eko Zarauzko gaztetxeko Kopla Txapelketa. «Han parte hartzeko deitu zidaten eta baietz esan nuen, zer zen oso ondo jakin gabe, saio txiki bat izango zelakoan. Eguna gerturatu ahala konturatu nintzen non sartu nintzen, ilobak hasi zitzaizkidanean kontua aipatzen. Hara iritsi eta sekulako ilara zegoen sartzeko, auzoko jendea ikusi nuen, nire adin bueltakoa, sekulako jende mordoa... Oso-oso urduri jarri nintzen, ez naiz akordatu ere egiten zer eta nola kantatu nuen. Oholtzatik jaitsi nintzenean denek esan zidaten oso ondo aritu nintzela, baina ni ez nintzen konturatu errimatu nuen edo ez. Igual nahiago ditut herri bueltako saio txikiak, erosoago sentitzen naiz. Ez daukat saio handiak egiteko pretentsio handirik».

“Testurak” izeneko proiektuan parte hartu du, emakumeen testu literarioak oinarri dituzten bertso saio berezietan; Gipuzkoako Herriartekoan ari da Orioko taldearekin; herri bueltan sortzen diren saioetan gustura parte hartzen du eta ingurukoekin bertso jarriekin gozatzen segitzen du.

«Ez dakit bizitza aldatu ote zaidan 50 urte bete nituen egun hartatik. Akaso ni aldatu naiz. Uste dut nire bizitzan inflexio puntu garrantzitsu bat gertatu zela orduan. Betikoa naiz, baina barruan neuzkan gauza batzuk azaleratu zaizkit». •