Nerea GOTI
EZTIA

Urte osoan gomendagarria, bertoko eztigileen «Eztiona» Eroskin aurki daiteke jada SeleQtia produktuen artean

Eztiona du izena eta berton ekoizten da, kalitate berme guztiekin. Horregatik, Eusko Label ziurtagiria ere badarama eta Eroskin aurki daiteke dagoeneko SeleQtia gourmet markako produktuen artean. Eztiko erlezain profesionalen elkartearen eta Giez-Berri ontziratzailearen arteko hitzarmenak eraman du Eztiona eztia Eroski saltokietara.

Ezagunak dira eztiaren propietateak, bereziki estimatuak neguan eztarriko gaitzei aurre egiteko. Hala ere, dituen onurak kontuan hartuta, eztia urte osoan kontsumitzea aholkatzen dute adituek, batez ere propietate guztiak gordetzen dituen kalitatezko eztia. Eroskin, hain zuzen ere, ezti natural bat merkaturatzearen aldeko apustua egin dute, bertoko eztigileekin eta Giez-Berri ontziratzailearekin sinatutako hitzarmen bati esker. SeleQtia gourmet marka duten produktuen artean topa daiteke apalategietan jada Eztiona izenarekin. «Inportanteena da Eusko Label zigilua duen eztia dela, eta, beraz, propietate guztiak eta prozesua bermatuta dauzkala», zehaztu du eztigileen izenean Alfredo Garcia Eztiko erlezain profesionalen elkarteko presidenteak.

Elikagai berria aurkezteko, nabarmendu dute erabat naturala den eztia dela, eta horren berme diren bi estamentu garrantzitsuren oniritzia dute. Batetik, Eusko Label ziurtagiria dauka produktuak, eta, nabarmendu dutenez, horrek adierazten du «zorrotz bete» direla ziurtagiriak eskatzen dituen ekoizpen baldintza guztiak, arlo ugari kontuan hartuta, «hasi erlauntzen kokapen eta identifikaziotik eta segi azken produktuaren etiketatzeraino, betiere egoki zainduta erlezaintzako manera onak eta eztia erauzteko eta ontziratzeko era».

Goi mailako chefen oniritzia

Bestetik, beste eremu garrantzitsu baten balorazio ona ere jaso du jakiak, Basque Culinary Centerrena. Zientzia Gastronomiko Fakultate horretan egindako dastatzeetan goi mailako chefek aitortu dituzte Eztionak dituen zenbait ezaugarri, hala nola itxura, testura, zaporea eta urrina.

Asun Bastida Eroskiko tokiko produktuen zuzendari komertzialak nabarmendu bezala, kooperatiba liderra da uneotan tokiko produktuen salmentan, eta ezagunak dira «elikadura osasungarri eta jasangarri» baten bidean egindako ahaleginak. «Hain zuzen, merkaturatze berri honekin, kontsumitzaileari eskura jarriko diogu janari natural-natural bat. Gainera, ingurumenari eta gure paisaien kalitateari laguntzen ariko gara».

SeleQtia gourmet markaren barruan 170 produktu daude gaur egun, eta horietatik 27k jatorri izena eta adierazpen geografiko babestuak dituzte. Jatorriari dagokionez, Euskal Herrikoak dira asko, baina baduade Katalunia, Andaluzia edo Italian ekoitzitako produktuak

Euskal kooperatibak argitu duenez, marka propioko gainerako produktuek bezala, Eztionak ez du ez transgenikorik ez kontserbagarririk ez koloragarri artifizialik ez landare-gantz partzialki hidrogenaturik. Ontzietan agertzen den beste informazio bat nabarmendu dute, aurrealdeko semaforo nutrizionala, «nutrizio kalitatearen arloan dagoen etiketa aurreratuena eta kontsumitzaileekiko gardenena».

Alfredo Garcia Llarena

«Elaborazioa hotzean egiten dugu, propietate guztiak mantentzeko»

Zer garrantzi du Eroskirekin sinatutako hitzarmenak?

Garrantzitsua da beti bezero handiekin akordio zabalak egitea. Horrek ekoizpen handi bat merkaturatzea ziurtatzen digu, baita presentzia edukitzea eta Eroskirekin konfiantzazko harremana gehiago sendotzea ere. Azken finean, segurtasun berme bat da guretzat, betiere bi aldeen interesak babestuz.

Zeintzuk dira egun eztigintzan ikusten dituzuen erronkak?

Lehendabiziko erronka errelebo falta da, jende gaztea sartzea ofizioan, kalitatezko eztia ekoizteko. Bigarrena, gure bezeroak eta gurekin lan egiten duten guztiak erleek duten garrantziaz konbentzitzea da, eta eztia ondo ordaintzen ez bada erlezainek ez dutela labeldun eztia egingo, garestiago irteten baitzaie. Hori da orain arte izan dugun borroka. Badirudi ulertzen hasi direla eta jarraitzeko moduan gaudela. Gaur egun kalitatezko eztiak prezio handia hartu du mundu osoan, erleak erdira jaitsi dira-eta. Bidoia oso ondo ordaintzen da, eta, ondorioz, ekoizle batzuk ez dira konplikatzen. Hirugarren erronka erakundeek erlezaintzak duen garrantzia ulertzea eta sektorea babestea da, baina ez diruarekin soilik: gure mendiak eta ingurumena deseginik daude, Euskal Herria basamortu berde bihurtu da, erleentzat ez dago ezer, dena da pinua eta larreak. Gero, landatu ezin daitezkeen bazterrak ditugu, sasiak, akazia gutxi batzuk... Gainera, orain akazia bera ere inbasorea izendatu dute, eta erakundeak mozten hasi dira. Ikaragarria da.

Ekoizle bezala zer nabarmenduko zenuke Eztionaz? Zer du berezi?

Hasteko, Eusko Label produktu guztiek bermatzen dutena: erleen zaintza eta eztiaren elaborazio eredua naturala da. “Zer egiten duzue eztia hain ona egoteko?” galdetzen digute, baina galdera zer ez dugun egiten da, sarri elaborazioan hondatzen baita eztia. Gure eztia hotzean dago ontziratua, ez da berotzen, eta horregatik ez ditu galtzen propietate biologikoak. Askok gehiegi filtratzen dute polena kentzeko, kristalizazioa ez areagotzeko. Guk, ordea, filtrazioan polena pasatzen uzten dugu, eztiak propietate guztiak mantentzeko. Gurea bere horretan dago; eztia hotzean krematu eta horrela ontziratzen dugu. Hori da diferentziarik handiena.

Honi buruzko guztia: EZTIA