Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

Iñaki Iriarte

Bizitza osoa saskibaloiari loturik. Baita erretiroa hartu ondoren ere. Eliteko talde asko entrenatu ditu, baina «saskibaloia ez da dena». Jendearenganako errespetua eta lagunak zaintzea lehenesten ditu. Jokalari ospetsu asko prestatu ditu, baina kiroletik harago, guztiak gizaki gisa ere hezten ahalegindu izan da beti. Iñaki Iriarte.

Erretreta hartu du, baina aspalditik, aspaldi luzetik bezala, Baskoniari lotuta segitzen du Iñaki Iriarte gasteiztarrak. GAUR8rekin hitz egiteko bezperan, Bartzelonatik itzuli berritan, tarte bat hartu zuen entrenamendu txiki bat egiteko. Gazteren batek eskertuko zuen gizon atsegin honen laguntza. Jende asko ezagutzen du, jende gehiagok ezagutzen du bera, ospe handikoak eta anonimoak, eta nekez entzungo zaio inori haren gaineko ezer txarrik. Izan ere, «lagunak zaindu egin behar dira, jendea errespetatu» esaldia taktika baino gehiago araua da Iñakirentzat, eta kirolean ere garrantzitsuena giza arloa dela dio.

Berrogei urtetik gora eman omen ditu saskibaloiari lotuta. Kontuak eginda, ordea, 50etik gora dira benetan. Gaztetan futbolean hasi zen, baina buruan kolpe bat hartu zuen eta uzteko gomendatu zioten. Orduan saskibaloira jo zuen. Denboralditxo batez jokalari jardun ondoren, entrenatzaile hasi zen San Jose ikastetxean, minibasket taldearen ardura hartuta. Hura ez zen edonolako taldea izango. Besteak beste Iñaki Garaialde, Iñaki Zengotita, Carlos Salinas, Jose Ramon Lete, Boni Rodriguez, Goyo Jimenez eta Mikel Mintegik jokatu zuten ondoren San Viator izena hartuko zuen ikastetxeko talde hartan. Eta gehienak maila gorenera iritsiko ziren, Baskonian eta Estatuko beste zenbait taldetan. Duela lauzpabost urte, honela gogorarazi zuen Iñaki Garaialdek talde hura eta bertako entrenatzailea: «Beti izan dut taldeko lagunen oroitzapen ona (...). Baita entrenatzaileena ere, batez ere lehenengoarena, Iñaki Iriarterena. Aurrerago Baskonian ere izan nuen entrenatzaile».

1970ko hamarkadaren erdialdera Baskoniako gazteen taldea entrenatzen hasi zen, eta 27 urterekin Estatuko entrenatzaile titulua lortu zuen. Hurrengo urtean, 1978an, Baskoniaren lehen taldea entrenatzeko deitu zuten, eta denboraldi hartan Kopako finalerdia jokatu zuten Bartzelonaren aurka. Bi urte geroago Patronato Bilbaora joan zen, eta 1981ean, Baskonia Estatuko bigarren mailan zela, Gasteizera itzuli zen, baita taldea lehen mailara igo ere, ACB sortu zen urtean, hain zuzen.

Berehala hasiko zuen XX. mende bukaera iristean ACBn urte gehien emandako bost entrenatzaileetako bat izatera eraman zuen ibilbidea. Granadan eman zuen lehen pausoa. 80ko hamarraldiaren bukaeran Huescara iritsi eta lau urte eman zituen han, ACBko talde apalena baina borrokalarienetakoa entrenatzen. «Huescak dena eman zidan», dio Iñakik. Han hasi omen zen ikusten nondik jo nahi zuen. Huescak dena eman zion, baina Iñakik ere asko eman zion Huescari. Izan ere, aulkian bi segundo jarraian emateko gauza ez zen entrenatzaileak jakin zuen talde hari, beste hainbati bezala, bere izaera borrokalaria eta bere grina kutsatzen. Murtzia, Gijon, Girona, Lugo... izan ziren hurrengo helmuga eta lantokiak.

1992an, ordea, Gasteizera itzuli zen, denboraldi batez Baskonia entrenatzera. Ez zen berak hamar urte lehenago utzi zuen taldea. Besteak beste, Nicola, Laso, Sibilio, Arlauckas eta Rivas zeuden taldean, eta helburua Europan jokatzea zen. Lesioek eta beste gorabehera batzuek denboraldia aldapa gora jarri zieten; hala ere, Kopan Bartzelona kanporatu eta hirugarren sailkatu ziren, bide batez hurrengo denboraldian Europan jokatzeko txartela lortuta. Eta berriro kanpora eraman zuen saskibaloiak, baina beti Baskoniarekiko eta haren prestakuntza taldeekiko loturari eutsita. Zenbait urte lehenago, Josean Kerejeta, Pepe Laso eta Alfrerdo Salazarrekin batera, Baskoniaren saskibaloi eskola sortu zuen.

Izan den lekuetako zenbait pasadizo datozkio gogora. Esate baterako, Granadan zenbait lagun Tourra ikusteko elkartu zirenekoa: Iñakik argitu zien KAS ez zela Koordinadora Abertzale Sozialistaren txirrindulari taldea. Ez omen du arazorik izan arlo politikoari dagokionez. Elkarrizketa askotan galdetu izan diote bere joera politikoaz, eta sekula ez du ezkutatu Eusko Alkartasunakoa dela. Arreta eman zion Granadan 1985ean eskuin muturraren manifestazio batzuk ikusteak, film baten aurka, uste duenez. Hiri berean, saskibaloi taldeari lotutako gizon bat ezagutu zuen, eta eskuin-muturrekoa zela jakin zuen, baina harekin ere ez zuen arazorik izan. Huescako taldean zela ere ezagutu zuen ultraeskuindar bat, eta saskibaloi kontuak zirela-eta Gasteizera etorri ziren biak. Taberna bat gomendatzeko eskatu zion hark Iñakiri, eta hotelaren inguruko herriko tabernara bidali zuen. Ziztu bizian atera zen euskal presoen argazkiak ikusi orduko. Handik gutxira Granadako taldeak Huescaren aurka jokatu behar zuen, eta bi hiriotako ultraeskuindar horiek elkartu ziren, Iñakik aurkeztuta. Han utzi zituen solasean. Geroxeago, Huescakoa Iñakiri hurbildu eta esan zion: «Hau ni baino askoz gogorragoa da! Honek denok zintzilikatuko gintuzke».

52 urterekin ACB utzi zuenean, profesional gisa etxetik kanpo ibiltzeari utzi zionean alegia, «honaino iritsi naiz», esan zuen Iñakik. Argi zeukan denak emanda entrenatzeko egunero-egunero borrokatu beharra dagoela jokalariekin, «hori da nire ustez zailena, urteko egun guztietan intentsitatez jarduteko prest egotea». Hartara, 2002an gelditzeko itzuli zen Gasteizera. «Sekula ez nion utzi hemen izateari. Urte asko eman ditut kanpoan, baina beti Gasteizekiko harremanari eutsi diot. Kanpoan nagoela sentsazio bat izaten dut, hura ez dela nire hiria sentitzen dut». Eta orain, erretiroa hartuta, noizbehinka beste leku batzuetara joaten da, leku guztietan baititu lagunak eta hor zehar ere gustura egoten baita. Baina itzultzean, berehala sumatzen omen du sentsazio hori: «hauxe da nire etxea».

Azken urteetan entrenatzaile gasteiztarraren lana agerikoa izan ez bada ere, haren emaitza ikaragarria da. Saski Baskoniako arlo teknikoa izan du zeregin nagusi. 2002an entrenatzen hasi zen gazte taldean, 2014an San Antonio Spurs taldearekin NBAko txapeldun izango zen gazte bat zegoen: Tiago Splitter, artean 15 urte zituena. Hurrengo denboraldian Splitter Bilbora joan zen, utzita; hala ere, Gasteizko taldeak ez zuen Spliterrek Iñakirekiko harremana galtzerik nahi, eta egunero autobusa hartu eta Gasteizera joaten zen entrenatzera. Bilboko etapa bukatu zuenean, Baskoniako lehen taldean, egunero elkarrekin entrenatzen jarraitu zuten.

Kirol arloan, Iñakiren emaitza begi bistan dago. Baina baita giza arloan ere. Splitterrek, bere taldeak NBAko txapela lortu zuenean, gogoan izan zuen «aita batek bezala» tratatu zuen entrenatzailea, «baloiarekin botea egitea ez ezik, Gasteizen pintxo onak non jan ere» irakatsi zion laguna. Oraindik harremanari eusten diote. Eliteko beste jokalari asko ere izan dira Iriarteren esanetara eta harremanari eusten diote, beste hainbat lagunekikoari bezalaxe. Splitter lehena izan zen, baina ondoren beste asko izango ziren Iñakiren zaintzapean; esate baterako, orain Baskonian dagoen Ilimane Diop, eta haren aurretik Mirza Teletovic, Stanko Barac, Tibor Pleiss... Kiroletik harago, baina, argi du pertsonekin ari dela, etxetik urrun dauden pertsona gazteekin, alegia, eta kirolari gisa ez ezik, pertsona gisa ere hazi eta hezteak arduratu du Iñaki beti. «Beti esaten diet ahal den lekuraino iritsi beharra dagoela, eta horretaz kontziente izan, elitera ez iristeagatik ez dela inor hiltzen». Gogorra omen da gazte horietako batek iritsiko ez dela nabaritzen duela sumatzea, «eta beraiekin egon beharra dago». Mutil normalak izan daitezen ahalegintzen da, mundua ez dela saskibaloia bakarrik ulertarazten, ikasi behar dutela, eta «hemendik ateratzen direnean, nahi nuke itzuliko direla pentsa dezaten, hemen lagunak izango dituztelako». Goraino iristen direnek ere momentu txarrak pasatzen dituzte, baina onenek une zailenetan ere errendimendua izaten dute, horregatik dio jokalari ona «burua duena» dela.

Gorabeherak ere izan ditu talde guztietan. Batzuetan tentsioa bizi izan du, baina hori ere eramaten, kudeatzen jakin beharra dagoela dio, malgutasunez, batzuetan amore emanez, besteek ere batzuetan amore eman behar izaten duten bezala, eta «denak norabide berean joan gaitezen ahaleginduz».

Solasa bukatzear gaudela, Iñakiren sakelakoak jo du. Pablo Prigioni da. «Pablo, berehala deituko dizut». Garaialde, Splitter, Prigionik... estimu handian dute, hainbesteko osperik ez duten beste hamaika, hamaika mila, lagunek bezala, saskibaloi mundukoak edo, besterik gabe, mundukoak. Iñaki Iriarte, kanpokoen eta etxekoen laguna. •