2017/09/09

INES GONZALEZ DE ZARATE

ines gonzalez de zarate artista gasteiztarra da, 70 urte ditu eta Judimendi auzoan bizi da, Jose Lejarreta kalean, zehazki. Egunotan berak egindako bi lan ikus daitezke ARTgia gunean, bere kalean kokatutako galerian: «Ingurua(k)» eta «Mendez mende» izeneko eskulturak. Biak handiak dira, bikainak dira, baina batak ez du zerikusirik bestearekin.

Ion Salgado
Pd28_ines2

Emakumea, gasteiztarra, sortzailea, aitzindaria –1968. urtean hasi zen artea sortzen– eta Judimendi auzoko alaba. Halakoa da ines gonzalez de zarate. Ez harritu, ez dago gaizki idatzita, berak letra xeheak erabiltzen ditu estetikoki hobeto ematen duelako. Hori azaldu zuen berak pasa den asteartean, datorren ostiralera arte ARTgia aretoan ikus daitekeen erakusketa aurkeztean. Bi lanek osatzen dute erakusketa: “Ingurua(k)” eta “Mendez mende”. Biak handiak dira, ikusgarriak dira, bikainak dira. Baina batak ez du zerikusirik bestearekin.

Lehena aluminio izurtu, beira eta portzelanaz egina da, eta inguruan dituenei eskaini die gonzalez de zaratek: «‘Ingurua(k)’ lanak nire inguruan dagoen guztia biltzen du. Izan ere, inguruan ditugun pertsona eta materialei esker egiten ditugu gauzak eta zenbait unetan lagungarriak dira. Nire kasuan, nire inguruan dauden guztiek konplizitate handia dute nirekin eta lan honekin itzuli nahi nien laguntza hori. Fisikoki erakutsi nahi nuen». Lau aste eman zituen buru-belarri lanean eskultura egiteko.

«Normalean banan-banan egiten ditut lanak. Batekin hasi eta horretan lan egiten dut amaitu arte, bestela oso zaila da. Eskulturak handiak izan ahal dira, eta gauzak paretik kendu behar dituzu lan egiteko. Eta egiten ari zaren beste gauzaren bat zikindu daiteke», gaineratu zuen eskulturari begira. «Pieza bat laua izatea nahi duzunean tolestu egiten da, eta tolestu nahi duzunean ezinezkoa da, laua geratzen da. Portzelana dibertigarria da, bizirik dagoela dirudi», gogoeta gaineratu zuen.

Beste lanari buruz, “Mendez mende” oso berezia dela azaldu zuen, «oso handia den lan txikia da». «Nire lan egiteko modua argi geratzen da lan honetan. Idazkien ikonografia, portzelana papera irudikatzen... paper oro manipulatuta, tolestuta... gauza guztiak desorekatuta dagoen oreka batean mantentzen dira. Niretzat hori bikaina da», zioen, paperak eta idazkerak bere lanetan protagonismo berezia izan dutela azpimarratuz.

«Papera eta idazkera atsegin ditut, baina ez naiz idazlea eta ez dut papera egiten». Berak papera eta idazkera bere mundura eramaten du. Papera portzelana bihurtzen da eta idazkera ikonografia da, «bakoitzak nahi duena irakur dezala». “Mendez mende” gonzalez de zaratek egindako beste lan baten ondorioa da. “Paperak” izena duen lan baten segida. Eta hau beste baten ondorioa da. Azken batean, bere lanek lerro bat osatzen dute, handitzen den lerroa, material berriekin eta proiektu berriekin osatuz doana. Arriskuz beteta dagoen lerroa.

Arteari lotutako bizitza

Arriskua eta trebezia elkarren eskutik joan dira artista honen bizitzan. Badira urteak lanean, artea sortzen, hasi zela. 60ko hamarkadan izan zen. Hasiera batean margotzea gustatzen zitzaion: «Ume guztiak bezala, margotzen hasi nintzen, eta Jose Luis Gonzalo Bilbaoren ikaslea izan nintzen, beste margolari ugari bezala. Egun batean honek akuarelak erabili behar nituela esan zidan, ezin nuen olioa erabili. Erabakia ez zitzaidan gustatu, baina gaur egun badakit zergatik esan zidan hori. Akuarela berehalakoa da, ezin da ezabatu, eta ni ere halakoa naiz».

Margolaritza ikasi ostean zeramikarekin topo egin zuen. «Angela Etxebarria irakaslea Arte Eskolara heldu zen. Beraren klasetik pasatu nintzen eta bertan geratu nintzen», adierazi zuen. Zeramika ikasi zuen eta nahiko itxia zen mundu batean sartu zen. «Baina ni ez natzaio fidela izan ortodoxiari. Nahi dudana egin dut eta material ezberdinak erabili ditut», azaldu, eta jarraian, AEBetan eta Europako beste herri batzuetan, Britania Handian esaterako, egoera oso ezberdina dela ohartarazi zuen: «Zaila da hemen egitea han egiten dituzten gauzak».

Baina hori ez da arazo bat izan berarentzat, izan ere, eskultura bere pasio eta lanbide bilakatu da. 70 urte ditu eta lanean tinko jarraitzen du Hedegile kalean duen tailerrean. «Niretzat eskultura ez da afizio bat, eskultura nire lanbidea da, oso gogorra den lanbidea», nabarmendu zuen. Eta bere kasua ez dela aparteko ezer gogoratu zuen, Gasteizen badirelako emakume artista helduak. «Gehienek klaseak eman dituzte; nik ez dut klaserik eman. Noizbehinka klaseren bat eman dut, baina puntuala izan da. Hori da beraiekin daukadan ezberdintasuna».

Berak zioen bezala, normalean klaseak ematen dira bizi ahal izateko, edo batzuek beste lanbide bat dute, artearekin zerikusirik ez duena. gonzalez de zaratek bere familiaren laguntza izan du beti, nahiz eta une zailak bizi izan. «Lan bat amaitzen ez duzun arte ez duzu dirua jasotzen, eta batzuetan urduri zaude dirurik ez duzulako. Eta otsailean beti bilatu behar duzu proiekturen bat, baina proiektu hori ateratzen denean gurpila mugitzen hasten da berriro eta aurrera egiten duzu, Nik beti egin izan dut lan. Lan egin dut eta lanean jarraitzen dut».

Eta lanean jarraitzen du Gasteizko Alde Zaharrean dauden beste artistekin batera. Batzuek zeramika lantzen dute, beste batzuk margolariak dira, eta baten batek beira eta metalak lantzen ditu. Guztion artean sare bat osatu dute, eta elkarri laguntzen diote. «Nire kasuan beira Mikel Delikak mozten du, eta nik berarekin lan egiten dut beste proiektu batzuetan», azaldu zuen. “Ingurua(k)” egiteko ere ines gonzalez de zaratek beste artista batzuen laguntza behar izan zuen aluminioa lantzeko. «Askotan batzen gara eta emaitzak oso onak izaten dira».

Aitortu zuenez, berari arkitektura asko gustatzen zaio, eta egiten dituen lanetan hori nabaritzen dela uste du. «Asko gustatzen zaizkit Frank Lloyd Wrightek egindako lanak. Eta arretaz jarraitu nuen New Yorkeko Guggenheim museoaren eraikuntza. Harrigarria iruditzen zait, hainbeste leku izatea ezer ez egoteko luxu bat delako», esan zuen. ARTgia gunea ez da New Yorkeko Guggenheim museoa, baina bertan ere lekua soberan izango du, eta bere kalean dagoen galeria da, bere inguruan. •

60ko hamarkadan hasi zen artea sortzen ines gonzalez de zarate artista gasteiztarra eta ordutik ez zaio lanik falta izan. Hedegile kalean dauka tailerra, Alde Zaharrean bertan.

Hasiera batean margotu egiten zuen, baina gero zeramikara pasatu zen. Hala ere, estilo eta teknika ezberdinak batzen ditu bere lanetan; aitortzen duenez, berak nahi duena egiten du.