amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

GUILLERMO ROA

Zientzia eta teknologia kontatzen ditu, asterik aste, Euskadi Irratiko «Norteko Ferrokarrilla» saioan. Kimikan doktorea da, baina ikerketaren bideak baino gehiago tentatu zuen dibulgazioarenak eta kasik bi hamarkada daramatza Elhuyarren horretan; zientzia laborategietatik atera eta jendartean dagokion tokian jarri nahian.

H ilabete hasieran jarri zuen martxan, hamalaugarrenez, “Norteko Ferrokarrilla” Euskadi Irratian. Zientziaz eta teknologiaz aritzen da bertan Guillermo Roa –ostiral iluntzez eta, errepikapena, larunbat eguerdiz–. “Teknopolis” Euskal Telebistako saioan ere aritzen da Elhuyar Fundazioko komunikatzailea. Berez “Norteko Ferrokarrilla” irratsaioak 21. denboraldia abiatu du, Roaren aurretik Pili Kaltzada, Lurdes Ansa eta Oier Araolazak gidatu baitzuten.

Guillermo Roa da bere izena baina ia jende guztiak Willy deitzen dio. «Haurra nintzela eskolan ingeleseko irakaslea hasi zen Willy deitzen eta horrekin geratu naiz. Pentsa, aitak ere Willy esaten dit!». Kimikan doktorea da eta Elhuyar Fundazioan egiten du lan 1999. urteaz geroztik. «Doktoretza egiteak balio izan zidan konturatzeko ez nintzela ikerlari ona, hori ez zela nire esparrua. Dibulgazioak, berriz, askoz gehiago tentatzen ninduen eta horrela iritsi nintzen Elhuyarrera». Hasieran aldizkarian testu dibulgatzaileak idazten zituen nagusiki. Eta horretan ari zela iritsi zitzaion irratira salto egiteko aukera.

«Oierrek uztea erabaki zuenean, Elhuyarren galdetu ziguten ea gutako norbait animatuko ote zen. Nagore Rementeriak eta biok altxatu genuen eskua. Ezagutzen genuen irratia, kolaborazioak egitera joaten ginen, eta gustatzen zitzaigun». Urtebete inguru eman zuten Nagorek eta Guillermok Oierren ondoan irratiko martxa barrutik ezagutzen, eta, 2004ko irailean, saioaren gidaritza hartu zuten. Nagore Rementeriarekin batera bizpahiru urtez aritu eta gero, hamarkada bat baino gehiago da Roak bakarrik gidatzen duela “Norteko Ferrokarrilla”.

«Hasieran oso gaizki egiten nuen. Ez zait batere gustatzen hasierako programak entzutea. Gogoratzen naiz Oier Araolazak esaten zigula gure estiloa bilatu behar genuela eta ez berea errepikatu. Eta nik ez nekien estiloa izatea zer zen ere. Bidean ikasi dut, esatari batzuetatik eta besteetatik jasoaz. Euskadi Irratian bertan laguntza handia izan dugu. Behin eskatu nion Arantxa Iturberi ea bere zuzeneko programa bat barrutik ikus nezakeen eta hiru ordu eman nituen bertan, isil-isilik».

Irratian ikusten ez dena

Izan ere, entzuleak irratia entzun egiten du, baina ez du ikusten hor barruan gertatzen den eta mugitzen den guztia. Magia berezia du irratiak, kanpotik eta barrutik. «Nire lehen sentsazioa izan zen irratian beti denak korrika dabiltzala, baina irribarre batekin. Ez dakit nire lehen pertzepzio hori egia osoa ote den. Denborarekin begiratuta, irribarreak agertzen eta desagertzen joan dira. Baina egia da irratian entzuten dena baino askoz gauza gehiago daudela. Keinu askoko jarduna da, oso adierazkorra. Eta esatariak etengabeko komunikazioa du teknikariarekin, konplize garrantzitsuak dira».

Irratiko pasilloetan presaka ibili arren, entzulearengana iristen den ahotsak patxada transmititu behar du. Egoera kontrolpean duela kontatu behar du ahots horrek. «Nire programan garrantzitsua da patxada hori. Gaueko solasaldi bat da, entretenimendua, eta lasaitasuna behar da zientziaz eta teknologiaz hitz egiteko. Behin, lanera bidean, sekulako auto istripua ikusi nuen. Auto bat airean ateratzen ikusi nuen. Izugarria. Pentsatu nuen hildakoak egongo zirela. Zorionez, ez zen halakorik izan. Baina larrialdietara deitzea eta autora gerturatzea egokitu zitzaidan. Sekulako sustoarekin iritsi nintzen irratira, oso urduri eta asaldatuta. Eta presioa sentitu nuen. Eseri eta patxada transmititu behar nuen, ezer ez zela pasa eta zientziarekin zoriontsua nintzela helarazi behar nion entzuleari. Ariketa garrantzitsua izan zen. Horrelakoak gertatzen dira».

Esan bezala, ostiral iluntzetan izaten da “Norteko Ferrokarrilla”. «Normalean ez dugu zuzenean grabatzen, baina batzuetan bai. Oso giro berezia izaten da ostiral iluntzetan irratian. Isiltasuna, lasaitasuna, argi asko itzalita... asko gustatzen zait. Batzuetan, baina, futbola izaten da eta gure saioa bertan behera utzi behar izaten dugu. Kirolak, batez ere futbolak, agintzen du eta ez zait oso justua iruditzen. Arrazionalki ulertzen dut eta, gainera, behin oso garbi esan zidaten: ‘futbolak dirua ematen du eta zure programak ez’».

Zientzia eta teknologia euskaraz dibulgatzeak, beraz, ez omen du diru askorik mugitzen. Beste gauza batzuk mugituko ote ditu. «Desfase handia dago zientziak gizartean duen garapenaren eta industrian duen garrantziaren artean eta kalera komunikatzen denaren artean. Inertzia historikoa ere hor dago... egia da, hala ere, badaudela dibulgazioan dabiltzan izar batzuk, jende asko erakartzen dutenak».

Zientzialarian lana oso barrura begirakoa izaten da. Baina azken urteotan asko dira laborategitik atera eta zertan ari diren kontatzen ari diren ikerlariak. «Nik tesia egin nuen garaian ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten ikertzen ari nintzena, egiten ari nintzena, kontatzeko aukera. Zertarako? Egia da hori aldatu egin dela, zientzialari asko konturatu dira garrantzitsua dela egiten dutena gizarteari kontatzea. Gainera, zientzialari asko konturatu dira dibulgatzaile onak direla».

Zientzia ulertzeko eta, beraz, gozatzeko, ez da nahikoa dibulgatzailea ona izatea. Hartzaileak ere jarri behar du bere partetik. «Badago asko erabiltzen den esaldi bat ez zaidana batere gustatzen: ‘Azaldu nire amonari azalduko zeniokeen bezala’. Arazoa ez da azalpenaren zailtasuna. Nire ustez entzun nahi duenaren jarrera da arazoa. ‘Nahiz eta entzuten dudana ez dudan erabat ulertzen, jarrera irekia daukat ahal dudana harrapatzeko’. Hori da jarrera onena, eta, horri esker, azkenerako gauzak ulertzen amaitzen duzula iruditzen zait. Egia da matematika, esaterako, oso-oso aurreratuta dagoela eta oso puntu abstraktuan dagoela. Azken ikerketa matematikoa ulertzeko, asko jakin behar duzu matematikaz. Beharbada biologian errazagoa da gauzak ulertzea, nahiz eta punta-puntako biologia konplexua izan. Baina hartzailearen jarrerak dena baldintzatzen du. Eduki begiak eta belarriak irekita eta egon gauza harrigarriak deskubritzeko prest».

Eta zientzia ulertzen denean, zirraragarria da. «Pentsatzen dut hori arlo guztietan gertatzen dela; ekonomian, historian... zerbait ulertzen duzunean, gertaera historiko baten eskema buruan daukazunean, ja ez da testuliburu bateko izen eta urteen zerrenda hutsa, zerbait bizia bihurtzen da eta emozionatu egiten zara. Zientzian berdina gertatzen da; zeozer ulertzen hasten zarenean, mundua ulertzen hasten zara. Eta sentsazio hori oso berezia da. Gogoratzen naiz Kimikako hirugarren mailan nengoenean, nola une batean sentitu nuen gai nintzela, gutxi gorabehera, edozer gauza zertaz egina zegoen esateko. Behin oinarri hori eta lasaitasun hori buruan edukita, askoz errazago egin nuen aurrera. Uste dut hori ez dela zientzian bakarrik gertatzen, bizitzaren arlo guztietan baizik. Abstrakzio puntu hori gainditu eta mundua ulertzen hasi zaren sentsazioa sekulakoa da».

Zientziak euskaraz ikasi du

Zientzia eta teknologia dibulgatzea, jendartearen gehiengora iritsaraztea, modu ulergarrian eta, gainera, euskaraz. «Euskaraz dibulgatzea ez dut bizi aparteko lan bat bezala. Egia da alor batzuetan zailxeagoa dela euskal hiztunak topatzea. Baina, normalean, egun izaten dira. Beharbada ‘Norteko Ferrokarrilla’ hasi zenean ez zen horrela. Orduan ere baziren zientzialarien artean euskal hiztunak, baina akaso lana ingelesez edo gazteleraz egiten zuten. Baina gero eta errazagoa da zientziaren munduan euskal hiztunak topatzea eta kolaboratzaile oso onak izan ditugu beti. Hasiera hartan, esaterako, bazen EHUn irakasle talde bat oso konprometituta zegoena dibulgazioarekin eta haiek jarri dute oinarria. Irratira etortzen ziren arazorik gabe eta euskaraz inork lantzen ez zituen gaiak lantzen zituzten. Haien meritua handiagoa da gurea baino. Terminologia bera asmatu behar izan dute, erabaki asko hartu behar izan dituzte bidean eta sekulako lana egin dute».

Egindako bidea oparoa izan da, eta, egungo panorama, aberatsa. «Euskal Herria hain txikia izanda, harrigarria da zenbat esparrutako ikerlariak dauden. Astronomiako taldeak, arkeologiakoak, biologoak, kimikariak, matematikariak, fisikariak... dibertsitate handia dago eta jende oso ona». Esparru oso desberdinetako zientzialariak izanagatik, normalean tasun komun bat izaten dute: ez dira konforme egoten beren egoerarekin eta prekarietatea bizi dute. «Agintariek asko hitz egiten dute zientziaren eta ikerketaren beharraz, baina gero hori ez da dirutan gauzatzen. Europako hainbat tokitan bekadunek egin dute ikerketa urte askoan. Egoera horiek mingarriak dira».

Argitasuna, hurbiltasuna

Irratian hasi zenean bere estilo propioa topatzeko aholkua eman ziotenetik joan dira hamahiru urte. «Dagoeneko nire estiloa dudala esan dezaket; batzuek gustuko dute, eta, beste batzuek, batere ez. Argitasuna eta hurbiltasuna garrantzitsuak dira niretzat. Azalpen bat eman behar dudanean, entzuleak dagoeneko dakizkien gauzekin abiatzen naiz, gauza ebidenteekin, eta gero horren gainean eraikitzen du diskurtsoa, mailak igoz. Nire tonuaren oinarria hori dela uste dut. Autokritika bat egin behar dut: batzuetan denbora gehiegi pasatzen dut gauza ebidente horiek azaltzen».

“Norteko Ferrokarrillera” gonbidatu asko igotzen dira astez aste. «Asko nabaritzen da gonbidatuek nire tonuarekin konektatzen dutenean. Gertatu izan zait gonbidatua nire jokoan ez sartzea eta gaizki pasatzea. Baina baita alderantziz ere. Batzuetan ordu erdian sekulako kimika sortzen da aurretik ezagutzen ez zenuen pertsona batekin». Kimikari baten hitzetan, zer da bi pertsonen arteko kimika? «Ikusten ez diren xehetasunetan oinarritutako zerbait da».