Jon GARMENDIA
Idazlea

Koloretako igandez

Haize hegoak epeldutako igandez, berdez tindaturik agertu ziren Bilboko iturriak, eta kolore horrekin bat egiten zuten euskal jende anitzek, euskal errepublikaren aldarrikapenei kamiseta berdea jantzi eta independentziaren aldeko indarrak elkartzeko dei eginda. Askatasunezko etorkizunaren berdea. Oraina bilakatzeko esperantzaz. Hori bai dela itxaropena. «Verde que te quiero verde. Verde viento. Verdes ramas. El barco sobre la mar y el caballo en la montaña» hitz horiekin hasi zuen Federico Garcia Lorcak bere «Romance Sonámbulo» poema, baina «guardias civiles borrachos, en la puerta golpeaban» idatzi zuen amaiera bidean, lo-ibiltariak baino loaren galarazleak direnei aipamen eginaz, bere amaiera ere guardia zibil horien berdeak ekarriko zuela jakin gabe. Eta atzokoan, Intxaurrondokoen berdeak festa zeukan, 1913tik urriak 12ko eguna baita haien ospakizun, sufrimendua baino eragin ez duten kasernetatik atera eta horditzeko eguna benemeritoentzat. Hispanitatearena, Amerikako indigenek espainolen krudelkeria deskubritu zutena, Lorcak idatzi bezala: itsasontziekin itsasoz, eta zaldiekin mendian; urre kolorea ekarri eta odol kolorea han uzteko. Askoren ustez hori delako Espainiako bandera, konkisten urrearen koloreko eta garaileak eragindako odolarena. Atzo, Bartzelonako Plaza de Catalunya-n ehunka batzuek faxismoz agertu zutena. Eta Madrileko zeruan hegazkinek, herritarren dirua haizearen opari bihurtuz. Dena Pilarika egunean, Sant Iacob apostoluak, jarraian ahoskatzearen ahoskatzez Santiago bihurtu zenak, amabirjinaren agerpena izan zuelako Caesaraugustan, egungo Zaragozan, eta harrinabarrezko zutoin bat utzi ziolako honek agerpenaren froga gisa, «El pilar» deitua. «Y cierra España». Nagusiki gorria den harrinabarra, jaspea, baina berdea ere badena, elkartuko gaituen zutabearena, independentista euskaldunena.