Ariane KAMIO
LUZAIDE

Erabakiaren oinetan

Luzaidarrek erabakiko dute bolanten etorkizuna. Emakumeen balizko parte hartzeari buruzko galdeketa abiatuko da gaur herritarren eta egungo eta iraganeko bolant dantzarien artean egingo den bozketarekin. Emakumezkoen atxikitzearen alde daudenetz eta, hala balitz, zein trajerekin egin beharko luketen dantza izango dira erantzun beharreko bi galderak. Generoaren ikuspuntutik egindako irakurketak ere piztu ditu ekimenak.

Igandean ez da argazki berririk ikusiko. Luzaideko bolantak gizonezkoak izango dira aurten ere. Goizeko 08.30en bueltan gosaritarako batuko da talde bat, eta jarraian Karrikaburu etxean egingo dute lehenengo dantza, herriko kaleak zeharkatuz. Pekotxeta auzoranzko bidea hartuko dute ondoren, eta handik Nafarroa Behereko Arnegi herrira joango dira. Bertan dantza eginda, Bentak –edo Pertole– auzorantz abiatuko dira horretan jarraitzeko. Goizeko azken saioa herriko plazan egingo dute, dantzari guztiak bilduta. Arratsaldean bigarren saio bat egongo da Arretxe pilotalekuan.

Dantzen zerrenda, berbera: bolant-dantzak, jauziak, kalapita-dantzak eta makilariek egiten dituzten malabar beti ikusgarriak. Pertsonaiekin, ber gauza; ziratepekoak, gorriak, zapuriak, makilariak, bolantak... Eta haien guztien atzetik, “atxo eta tupinak”. Aste Santuko igandean dantzatzen badira ere, Luzaideko bolantek harreman zuzena dute inauteriekin. Handik dator horien jatorria.

Txapel gorria, espartinak, alkandora zuria eta kotoizko galtzak, urrezko eskubandak, kaskabiloak eta zinta hori eta gorriak gizonezkoen soinetan. Horiek dira bolanten buru eta ikur nagusi. Emakumeak, laguntza dantzetan soilik, gona zuri eta marra granate eta berdeekin, txaleko bat gainaldean.

Ez dirudi, ordea, igandean errepikatuko den irudiak luze iraungo duenik, Bolanten Batzordeak herri galdeketa abiatuko baitu gaur, emakumeen parte hartzearen gainean erabakitze aldera. Izan ere, aldaketa zantzuak gero eta nabarmenagoak dira. Adibide batzuk jartzearren: beste herrietara egiten dituzten irteeretan emakumeek jauziak egin ohi dituzte gizonezkoekin batera, zaila baita bolant talde oso bat osatzea; Aste Santuko igandearen aurretik egiten diren entseguetan emakume zenbaitek gizonezkoen dantzak ikasten dituzte; eta, etorkizunera begira agian garrantzitsuena, atzetik datozen dantzari belaunaldi berrietan neskatoak direla gehiengoa.

Galdeketa gaur hasi eta larunbatera bitartean egingo da, luzaidarrek «zinea» deitzen dioten aretoan, arratsaldeko 17.00etatik 21.00etara. Bozetara deituak dira Luzaiden erroldatutako 16 urtetik gorakoak eta egungo eta iraganeko bolant dantzariak. «Ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dugu, eta ez bozketan soilik, baita beren ekarpenak eginez ere. Beste hautetsontzi bat jarriko dugu horretarako», adierazi du Jon Arrikaberrik, Bolanten Batzordeko kideak.

Hain zuzen, horien ekimenetik jaio da bozketa. «Martxoan bolanten afaria egiten da, eta aurten galdeketa egitea erabaki dugu. Batzordeko zazpi kideok eta gainontzeko bolantek –40 bat inguru– adostasun batera iritsita erabaki genuen ekimena abian jartzea», gaineratu du.

Galdera bi erantzun beharko dituzte parte hartzera deituta daudenek. Batetik, emakumeek gizonezkoen maila berean dantza egitea nahi duten eta, hala bada, zein trajerekin, gizonezkoena jantzita edo emakumeenarekin jarraituz. Zein pertsonaiaren azalean sartuko liratekeen ere aztergaien artean egongo litzateke, baina galdera hori erantzuterik ez duela aurreratu du Arrikaberrik.

Ez loteslea

Gaur abiatuko den galdeketa ez da, ordea, loteslea izango. Garrantzitsuena herritarrak mintzatzea dela iritzi dio Arrikaberrik eta lortzen den emaitzaren araberakoa izango dela bolantetan aldaketarik. Baiezkoaren eta ezezkoaren arteko emaitza estu batek ez luke emakumeen parte hartzea bermatuko epe laburrean behintzat eta baiezko nagusi bat lortuta ere, aldaketaren bidean pausoak oso poliki emango direla aurreratu du batzordeko kideak. «Ez dakigu hurrengo urtean egingo diren aldaketak, edo hemendik bi edo hiru urtera, baina argi dago luzera begira litekeena dela emakumeek gizonen maila berean parte hartzea. Hala ere, ez dago presarik emakumeek dantza egin dezaten», esan du.

Euskal dantza tradizionaletan berriki hasi dira talde zenbait emakumeak gizonen postuetan jartzen eta ikusgarritasuna horien oinen menpean uzten. Azken hilabeteetan izan diren aldaketa sonatuenen artean dago Zumarragako Antiguako ezpata dantza, iaz lehendabiziko aldiz emakumeekin batera dantzatu zena. Eta lehenago, Elizondoko mutil dantzen afera. Nolanahi ere, oraindik ere talde gehientsuenetan tradizioari atxikitako rolak mantentzen dira eta aldaketak ohikotasunetik at geratzen. Emakumeen parte hartzeak, aukeren eta eskubideen berdintasunak, baina, galdera bati erantzutea baino zerbait gehiago behar luke ekarri; hots, benetan parekidetasunaren alde ematen den pausoa behar luke izan, ez dantzari berrien artean dagoen gizonekoen hutsa betetzera datorren erremedio soil bat. Hurrengo astean jakingo da erabakiaren berri.