GARA
GERNIKA

Aberri Egunak galdeketei eta Gernikako bonbardaketari egingo die keinu

Independentista Sareak eta Gernika Batzordeak elkarrekin antolatu duten Aberri Eguneko mobilizazio eta ekitaldien berri eman zuten atzo. Aurreratu zutenez, “Bai” hitza izango da Gernikan apirilaren 16an ospatuko den 2017ko Aberri Eguneko mezuaren gako nagusia, Euskal Herri osoan zehar burutzen ari diren herri galdeketei keinu eginez. Aldarrikapena eta festa uztartuko ditu Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena akorduan izango duen ekitaldiak. «Erabakiaren garaian sartuta gaude bete-betean, eta mendekotasunezko iraganari loturik mantentzen gaituzten kateak apurtu eta etorkizunera jauzia egiteko garaia iritsi da», aldarrikatu zuen Maite Aristegik. Horregatik, honakoa da 2017ko Aberri Egunerako aukeratu duten leloa: “Askatasuna eta bakea… Euskal Herriak erabaki!”.

Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu, beraz, Aberri Egunak. 12.00etan Gernikako Udaletxeko plazatik hasita manifestazioa egingo da, eta, ondoren, ospakizunaren txanda etorriko da.

Gernikan antolatu diren beste ekimenak honakoak dira: apirilaren 6an hitzaldia izango da Astran, 19.00etan; 22an, antzezlan bat Lizeon, 19.30ean; 24an, “Gernika: historia bizia eta oroimena” mahai-ingurua Lizeon bertan, 18.00etan; 25ean, Katalunia-Euskal Herria elkartasun ekitaldia Elai Alai aretoan, 19.00etan; eta, azkenik, 28an, “Historiaren markak” kalez kaleko ibilaldia, 18.00etan.