Beñat ZALDUA
GERNIKAKO BONBARDAKETAREN URTEURRENA

ZORTZI ESKU ELKARLANEAN 80 URTEKO GEZURRAK ERRETZEKO HELBURUAREKIN

ASTRA AGERTOKI ETA XABIER IRUJO, MARIA GONZALEZ GOROSARRI, INGO NIEBEL ETA IñAKI EGAñA HIZLARI, GERNIKAKO BONBARDAKETAREN INGURUAN 80 URTEZ ERREPIKATUTAKO GEZURREK AZTERKETA ZORROTZA JASAN ZUTEN ATZO. EZ BAKARRIK HELBURU HISTORIOGRAFIKOAK BULTZATUTA, BAIZIK ETA Gernikan gertatutakoAK ETORKIZUNEAN MEREZI DUEN LEKUARI BURUZ GALDETZEKO ERE BAI.

«Noel Monks kazetariak 1937ko apirilaren 26an Gernikan ikusitakoak idatzi eta gero, Queipo de Llanok mozkor deitu zuen. Bere egunkaritik deitu eta Gernikara berriz joateko eskatu zioten, ea ikusitakoa egia zen. Itzuli eta hilerrian 600 gorpu ikusi zituen, eta horrela idatzi zuen. Gaur egun norbaitek esaten badu 600 pertsona baino gutxiago hil zirela, Queipo de Llanori arrazoia ematen ari zaio, eta Monks gezurti gisa uzten ari da». “Gernika, 26 de abril de 1937” (Crítica) liburua argitaratu berri duen Xabier Irujok oso azkar eten zituen atzo Gernikako bonbardaketaren inguruan 80 urte beranduago mantentzen diren iruzurretako batzuk.

Are gehiago, udazkenean beste liburu bat argitaratuko duela aurreratu zuen, bonbardaketaren inguruan gehien zabaldutako 35 gezur handienak jasoko dituena, hain zuzen ere. «Zenbat eta beldur gehiago bota egia baten gainean, are eta gehiago irauten du egia horrek lurperatuta; gezurra, ordea, ez da beldurrarekin lurperatzen, egiarekin baizik. Lan gehiago eskatzen du eta urrun gaude oraindik egia guztia ezagutzetik», esan zuen Nevadako Unibertsitateko Center of Basque Studies-eko zuzendari ere badenak.

Haren ondoan, EHUko irakaslea eta “Gaur8”-ko kolaboratzailea den Maria Gonzalez Gorosarrik buruarekin baietz egin eta 80 urtez bi egia elkarbizitza trakets eta desorekatu batean aritu direla gehitu zuen: «Egia ofiziala lehenengoa, gezurrezkoa dena, eta herriaren egia bigarrena». Zortzi hamarkadek ez dute gehiegi aldatu, bere ikuspuntuaren arabera: «Gaur egun Estatuak onartzen du bonbardaketa faxistak izan zirela, baina alemaniarrei eta italiarrei eskua joan zitzaiela esaten dute eta kitto, berezko helburu militarra Errenteriako zubia zela».

Mahaiaren beste puntan, Ingo Niebel kazetari eta historialari alemaniarrak –GARAko kolaboratzaileak– bere herrian bonbardaketak piztutako azterlan eskasa gaitzetsi eta azken urteetan goraka doan errebisionismoa salatu arren, gogoratu zuen bestelakoa dela Alemanian memoria historikoarekin egiten den lana: «Nazismoak bere Leningrad eta Nurenberg izan zituen, frankismoak ez». Ildo berean gogoratu zuen Gestapok Kolonia hirian zeukan kuartela memoria museo bat dela egun: «Hemen non eginen zenukete? Intxaurrondon? Diferentzia da Gestapo desagertu egin zela eta Guardia Zibila ez».

Hirurei jokoa emanez, moderatzaile eta, aldi berean, deabruaren abokatuaren paperean atzo Gernikan, Iñaki Egaña historialaria, GARAko kolaboratzailea larunbatero.

Genozidioa da. Punto.

Egañaren galderetako bat izan zen, hain zuzen, genozidioaren afera, hainbeste eztabaida sortzen duena. Frankismoak Euskal Herrian egindakoa genozidio gisa definitu daiteke? «Bai, jakina», izan zen Irujoren erantzun azkarra. Azalpena luzeagoa izan zen. XIX. mendera eta AEBetara jo zuen aipatuz nola ejertzitoak kalkulatu zuen merkeago ateratzen zitzaiola “indioak” txuri bezala heztea “indio” horiek hil beharrean. «Hala hiltzen zuten indioa, pertsona errespetatuz», esan zuen Irujok, horrekin gehituz genozidioa gerta litekeela hildako bakar bat gabe ere: «Genozidak egiten duena da giza talde baten patroi nazionala, sare kulturala, ezabatzen saiatu». Horregatik gehitu zuen genozidio bat ez dela inoiz ekintza zehatz bat izanen, luzaroan aplikatutako erabaki multzoa baizik. Gauzak garbi, beraz: Gernikako bonbardaketa, bere horretan, ez zen genozidioa izan; baina genozidio luzeago baten parte eta isla esanguratsuena da.

Argiak eta gogorrak izan ziren atzo hizlariak, bereziki Irujo, baita bonbardaketaren agindua Francok eman zuela ziurtatzean ere: «Aginte-katea ikusita, ezin zen beste inor izan». Caracaseko erbestean jaiotako Irujok jarri zizkion ere hitz zehatzenak gaur egun Gernika zer den galderari: «2003an, Irakeko inbasioa hastear zegoela, Nazio Batuen Erakundeak New Yorkeko egoitzan dagoen ‘Gernika’ margoaren erreprodukzioa estali zuen, Colin Powell-en prentsaurrekoetan ez ateratzearren».

Adierazpenak

«Bai, genozidio bat izan zen, giza talde baten patroi nazionala ezabatzen saiatu ziren»

XABIER IRUJO

Nevadako Unibertsitatea

«80 urte eta gero, bi egia daude oraindik: gezurrezkoa den egia ofiziala, eta herriaren egia»

MARIA G. GOROSARRI

EHUko irakaslea

«Gestaporen kuartela Kolonian museo bat da gaur egun. Non eginen zenukete hemen? Intxaurrondon?»

INGO NIEBEL

Historialari eta kazetaria