Maider IANTZI
PASAIA
Elkarrizketa
MIGUELTXO MOLINA, IGOR OTXOA ETA XABIER AGOTE
«ELKARREKIN-TOGETHER» FILMA

«AEBetako indiarren eta euskaldunen elkarlana gaurkotu nahi dugu»

Euskal Zinemaren Galan, Victoria Eugenian eman zuten atzo «Elkarrekin-Together». Zuzendariak kontent ziren horrekin, 2012ko arantza kendu zutelako. Orduan, «Pura vida» aukeratu zuten galarako, baina greba orokorra zela-eta ez zen ekitaldirik egin. Gaur Zinemiran ikusten ahalko da filma.

«Elkarrekin aritzeko behar handiagoa sumatzen da, gero eta leku gehiagotatik entzuten da, eta filmak horren isla izan nahi du», adierazi du “Elkarrekin-Together” dokumentalaren zuzendarietako Igor Otxoak. XVI. mendean AEBetaraino joan ziren euskal arrantzaleek eta bertako indiarrek eraiki zituzten parez pareko harremanak berreskuratu nahi ditu Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta hirurek gidatu duten lanak. «Gero, munduak beste eredu batzuk segitu ditu, eta oso inportantea da elkarlan horri balioa ematea, baita gaurkotzea ere».

Bertze erranahi bat ere badu pelikulak, euskal diasporari begira. AEBak euskaldun askoren etxea izan dira, eta proiektu honek topaleku izan nahi du horientzat ere. Sare bat osatu da egitasmoaren baitan, ez bakarrik AEBetan, eta bere emaitzak emanen ditu. Filmaz harago, elkarte bat ere sortu da, diasporarekin elkarlana sustatzeko helburuarekin.

Otxoaz eta Molinaz gain, Xabier Agote Albaolako presidentea batu zaigu elkarrizketara, filmeko protagonistetako bat. Albaolako espedizio taldea hirugarren aldiz joan da AEBetako Placentia uhartera, euskal arrantzaleen aztarnen bila. Oraingoan, “Elkarrekin-Together”-eko kamerek jarraitu diote.

«Han gertatutakoa ez da inoiz jorratu; ez dugu ezagutzen Euskal Herrian ere», agertu digu Pasaiako itsas kultur faktoria ederrean. «Inportantea da historia horri argi pixka bat ematea, oso garrantzitsua izan zelako. Euskaldunak garai hartan [XVI. mendean] bakarrenetarikoak izan ziren hara arrantzara joaten, bakarrak balea ehizatzen, eta lehenak eta denbora luzean bakarrak hango indiarrekin lankidetza harremanak eraikitzen. Historia hori Kanadan gertatu zela badakigu; Kanadako Gobernuak ikertzea erabaki zuen duela urte asko, lan handia egin dute eta horren adibide da hemen eraikitzen ari garen “San Joan” baleontzia. AEBen eremuan gauza bera gertatu zen, baina inork ez du ikerketarik egin orain arte. Gu izan gara lehenak».

Bertze mundu bat posible da

XVI. mendean bezala, elkarlanean bilatzen ari dira iragan ahantzia, bertako ikertzaile eta arkeologoekin. Zergatik ez dugu historia horren berri? Agotek argi du: «Utzikeriagatik. Argumentuak barra-barra dauzkagu aldarrikatzeko, baina ez ditugu baliatzen». Pelikulak hori aldatzen lagunduko du. «Albaolaren lanak AEBetako ikerlarien ikuspuntuak aldatu ditu eta hori ikaragarria da. Hemen ere aldatuko dituela uste dugu», adierazi du Otxoak.

Zinemagileak txundituta gelditu dira Placentia aldeko parajeekin. «Bisualki oso idilikoa da. Basoko pinuak itsasoraino iristen dira. Oso leku deigarria da», deskribatu du Molinak. Terranovaren parte da irla. Lainoaren epika du. Bat-batean sartu eta harrapatu egiten zaitu. Zenbat arrantzale galdu diren... «Gu ere irla batetik bestera joateko bueltaka ibili ginen».

Azaldutako ezkutuko historia hori irudikatzen du lainoak. Filmak laino hori kentzen lagundu nahi du. «Beste mundu bat posible izan zen elkarlanean arituz. Beraz, goazen orain gauza bera egitera», aldarrikatu du Otxoak.

Kontatzen den guztia egia da

Historia den bezala kontatzen dutela esplikatu du Migueltxo Molinak. «Egun batean ezin bazen lanera joan, egin ezin genuena filmatzen genuen. Indusketetan ari zirenean, gertaeren kronologia segitzen genuen. Joaten zineten lekura jarraitzen zintuztegun –erran dio Agoteri irribarrez–. Nazkatuta egongo zinen beti mikroa jartzeaz, baina horrela zen».

«Une bat iristen da ez zarena konturatzen. Ohitu egiten zara. Egia da sinbiosi ona egon zela», segitu dio Albaolakoak. «Denok elkarrekin bizi ginen, denok ‘together’». Hala esplikatu du Molinak lan egiteko modua. Honetatik guztitik gehien gustatzen zaion gauzetako bat da izan dezaketen gaitasuna historia hagitz interesgarri eta polit bat zabaltzeko.

Hilabete oso bat egon dira inor bizi ez den eta pinuz betea dagoen Placentia irla txikian, eta itzuliko dira. Albaola behintzat bai. «Erronka oso handia da: ingurua izugarri zabala da eta arrantzaleen aztarnak oso xumeak». Kontakizuna hasi bertzerik ez da egin.