NAIZ.INFO
GASTEIZ

Garoña 2019ra arte zabalik mantentzeko baimena eman du Gobernu espainolak

Garoñako zentral nuklearrak beste sei urtez, 2019ra arte, lanean jarraitu ahal izango du, Industria Ministerio espainolaren oniritzia jasota.

Estatu espainoleko Aldizkari Ofizialak (BOE, gazteleraz) gaur argitaratu du Garoñari 2019ra arte lanean jarraitzea ahalbidetu duen baimena. Bertan behera gelditzen da, beraz, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak 2013an ixteko eman zuen agindua.

Industria Ministerio espainolak zehaztu duenez, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren txostenetan oinarrituta hartu du ebazpena, honek baieztatu baitzuen ez zuela oztoporik antzematen zentrala irekita mantentzeko.

Gaur argitaratutako testuaren xedapenek diotenez, irailaren 6a baino lehen, zentralaren jabeek lanean jarraitzeko baimena eskatu beharko dute, eta berrikuntza eta inbertsio plan bat aurkeztu.

Gobernu espainolak esan du Estatuak duen dependentzia energetikoak baldintzatu duela erabakia.

Araba Garoñarik Gabe

Ebazpenaren berri jaso bezain pronto, Araba Garoñarik Gabe plataformak gogor salatu du PPren erabakia, eta gaineratu du alderdi horrena izango dela gerta daitekeenaren erantzule.

Bildu Arabak ere PPren jarrera txarretsi du, eta energia arloko enpresen interesak lehenestea leporatu dio.