Naiz.info

Lander Fernandez Espainiaratu egin du Italiak

Arratsaldeko lehen orduan Erromako Campino aireportura eraman du Poliziak, Madrilerako bidea hartzeko, Efe albiste agentziak dioenez. Goizean «herri harresi» batek bere atxiloketa ekidin du, eta ondoren komisaldegirako bidea hartu du abokatuarekin batera. 

Hainbat lagun gerturatu dira Lander Fernandezen etxera atxiloketa ekiditeko. (Marcelo WALLACE via Facebook)
Hainbat lagun gerturatu dira Lander Fernandezen etxera atxiloketa ekiditeko. (Marcelo WALLACE via Facebook)

Efe albiste agentziak aipatzen dituen iturri judizialen arabera, Lander Fernandez Espainiaratu egin du Italiak. Arratsaldeko lehen orduan Poliziak Erromako Campino aireportura eraman du eta handik Madrilerako bidean jarri dute, hegazkin batean.

Lehenago, gaur goizean, Italiako Polizia Lander Fernandez atxilotzen saiatu da Erroman. 20 bat polizia Fernandez bizi den etxera joan dira goizeko lehen orduetan. 60 bat lagunek etxearen sarreran eta beste 30ek «herri harresia» osatu dute atxiloketa ekiditeko. Bi abokatu eta bi parlamentari ere atxiloketa ekiditzen saiatu dira.

Azkenean, negoziazio luze baten ondoren, Lander Fernandez abokatuaren kotxean irten da bere etxetik. NAIZ-i adierazi diotenez, ez zegoen argi Justizia ministroak Espainiaratzea sinatu duen eta epe batzuk ez dituzte errespetatu.

Fernandez Erromako komisaldegian egon da baina, antza, Italiako Poliziaren asmoa bete egin da eta gaur bertan Espainiaratu dute. Senatari batek estradizioa etetea eskatu dio Justizia ministroari eta Espainiaratzearen kontrako helegiteak aurkeztu aukera izatea eskatu du.

Iragan urtarrilaren 15ean, Erromako Auziegiak Fernandezen estradizioa onartu zuen. Santutxuarrak, ordea, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen eta honek atzo jakinarazi zuen azken ebazpena. Espainiaratzeko baimena berretsi du eta gainera epaiketaren gastuak ordaintzera behartu du Fernandez.

Efe albiste agentziaren arabera, estradiziorako prozedura abian jarriko du orain Italiak eta «epe motzean» Espainiaratuko dutela dio.

Fernandez pasa den ekainean atxilotu zuen Italiako Poliziak Erromako bere etxean, Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua tarteko.

Espetxeratu egin zuten lehenengo, eta ondoren etxe barruko espetxeratzea agindu zuen epaileak. 

2009an jazarpen poliziala jasan izana salatu zuen eta handik gutxira Barajasko aireportuan atxilotu zuten Venezuelatik bueltan zetorrela. Espetxeratu egin zuten, autobus baten kontrako eraso batekin zerikusia zuelakoan.

Gutxira askatasuna berreskuratu zuen, fidantzapean.

2010ean Auzitegi Nazionalak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion eta urtebete beranduago Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen.