Naiz.info
Ondarroa

Ondarroako «ikuskizuna tristea eta penagarria» dela dio Mintegik

EH Bilduko eledun Laura Mintegik Ondarroan bizitako «ikuskizun triste eta penagarria» salatu du eta Ertzaintzari gogoetarako deia egin dio. Estefania Beltran de Herediaren deia jaso du goizeko 06.30ean, Polizia autonomikoaren interbentzioa «bortizkeriarik gabekoa» izango zela ohartarazteko.

Mintegi, ertzainekin hitz egiten, Ondarroako Zumardian. (Aritz LOIOLA)
Mintegi, ertzainekin hitz egiten, Ondarroako Zumardian. (Aritz LOIOLA)

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Mintegik adierazi du «bukatu dela indarkeriaren denbora» eta gizarteak «orokorrean, siglen gainetik, bakea nahi duela». Ildo horretatik, «atxiloketen fase honekin amaitzera» deitu du.

EH Bilduko eledunak Ertzaintzaren jarrera deitoratu du, «herria zaindu beharrean, Euskal Herrikoa ez den beste botere bati erantzuten dio» eta bere buruari galdetu dio «norena den Ertzaintza» eta «nori zor dion fideltasuna», ala «Espainiak sortutako polizia den».

«Euskal Poliziak agindu espainolei jarraitzen die, botere espainolari, eta jendeak ez du hori ulertzen. Nahikoa dela esan du herriak, atxiloketen aroa amaitu dela. Ertzaintzak gogoeta egin behar du nori kasu egin erabakitzeko, noren agindupean egon behar duen, nor den bere nagusia», nabarmendu du.

Infozazpi Irratian ere izan da Laura Mintegi. Bertan adierazi du Lakuako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediaren deia jaso duela goizeko 06.30ea. «Bortizkeriarik ez erabiltzeko kontsigna» baliatuko zutela adierazi dio eta gauza bera eskatu dio Mintegiri. «Guk argi esan diogu hemengo erresistentzia desobedientzia pazifikoa dela. Batzuk saiatzen ari dira baina egia da ezin dituztela ertzain guztiak kontrolatu», esan du.

Kontseilariaren hutsunea

Ondarroako alkate Argi Ituartek, bere aldetik Urtza Alkortaren atxiloketa salatu du, «lan politikoagatik bost urteko espetxe zigorra» ezarri baitzioten eta, «froga bakar gisa autoinkulpazioa hartuta».

Alderdi politiko zenbaitetako zuzendaritzaren babesa eskertu du alkateak, baina Beltran de Herediaren presentzia «faltan botatzen» duela esan du, nahiz eta gonbidapen zintzoa jaso.