NAIZ.INFO
BILBO

Elkartasun eguna antolatu dute urrian hasiko diren auzien aurka

Irailaren 29rako Elkartasun Eguna antolatu dute ‘Libre’ dinamikaren baitan. Urritik aurrera Batasunaren (35/02 auzia) eta gazte independentisten aurka izango diren epaiketak salatzea izango du ekitaldiak xede eta konponbidearen alde herritarrak batzea.

Bi makroepaiketetan auzipetutako hainbat militantek iragarri dute ekimena. (Argazki PRESS)
Bi makroepaiketetan auzipetutako hainbat militantek iragarri dute ekimena. (Argazki PRESS)

Urrian Batasuneko 36 militanteren eta 40 gazte independentisten aurka abiatuko diren epaiketak salatzeko elkartasun eguna antolatu dute irailaren 29rako Lekeition. Bilbon egin dute agerraldia bi auzietan diren hainbat herritarrek eta epaiketa hauei eman beharreko «erantzun egokia herritar guztien elkartasuna» dela adierazi dute.

Karmelo Landak eta Nahaia Aguadok hitz egin dute auzipetuen izenean eta bi epaiketak politikoak eta «disparateak» direla adierazi dute. Euren esanetan «aukera politiko libreak zigortu nahi dira, demokraziaren bideak itxi nahi dituzte». Espainiako estatuaren «noraeza nabarmena» dela adierazi dute eta «jai giroa ere modu bortitzean erasotzen duten gobernadoreen agindu arbitrarioak» aipatu dituzte, Urkijo espainiar delegatuaren azken ekimenak gogoan.