Naiz.info
Iruñea

Nafarroan EiTBren TDT bidezko emisioa «legez kanpokoa» dela iritzi dio Yolanda Barcinak

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinaren aburuz, EiTBren TDT bidezko emisioa «legez kanpokoa» da eta, ildo horretan, Lakuari Nafarroa «errespetatzeko» eskatu dio.

Yolanda Barcinak ez du begi onez ikusten Nafarroan EiTB ikusi ahal izatea. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Yolanda Barcinak ez du begi onez ikusten Nafarroan EiTB ikusi ahal izatea. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuraren aurretik egindako adierazpenetan, Barcinak nabarmendu du EiTBren TDT bidezko emisioa «legez kanpokoa» dela lurraldean ez baitauka «frekuentzia esleipenik». «Gure lurraldeko legezkotasuna defendatu behar dut eta ETBk ez du hori betetzen», nabarmendu du.

Nafarroako Gobernua Madrilgo Exekutiboarekin harremanetan jarri dela iragarri du, baita Lakuarekin ere. Berari eskatu dio «Nafarroa errespeta dezala», baita «baita bertan bete behar diren legeak ere». «Diru publikoz sostengatutako erakunde publiko bat legea bete gabe helburu politikoak lortzeko erabili izana» salatu du.

Bildu eta EAJren kritika

Manu Aierdi legebiltzarkide eta Nafarroako EAJko lehendakariak adierazi duenez, EiTBren erabakia «Nafarroatik atera den eskariari erantzuna da» eta «Nafarroako hiritarren gehiengoaren» nahiz Legebiltzarraren eskaerari erantzuten dio. Aierdiren ustez, beraz, ez da «inolako muturra sartzea, aurkakoa baizik».

UPNren Gobernuaren jarrera salatu du, izan ere, «badirudi auzi honetan, beste askotan bezala, ez baita gai onartzeko Nafarroako herritarren borondatea ez dela beraiek inposatzen dutena, beste bat baizik».

Maiorga Ramirezek (Bildu) hitz egin du UPNren erantzunaz eta EiTBren erabakiari eman dion erantzuna kritikatu du, alderdi horren «obsesio absurdua» nabarmendu du. Orain arte EiTBren TDT bidezko emisioaren aurka erabili dituen argudioak «erori» egin dira Bilduren iritziz, eta aitzakia ekonomikoa «gezurra zen», ekimen hori ez zaiolako «euro bakar bat ere kostako» foru Gobernuari.

Nafarrei «aspalditik desio dutena» ikusten uzteko eskatu dio UPNri Ramirezek.

PSNk, bere aldetik, «gizartearen eskakizunei irtenbidea bilatzeko» hautua baliatu du eta gogora ekarri du ETB ikusteko eskakizunak badirela Nafarroan. Roberto Jimenezen aburuz, «Nafarroako Gobernuak eta EiTBk irtenbideak bilatu behar dituzte ezarritako mugen barruan ETB ikus dadin». «Hori da herritarren zati batek nahi duena eta guk ondo ikusten dugu», gaineratu du.