NAIZ
BILBO

Bernardo Atxaga, Idoia Estornes eta Iñigo Roque, aurtengo lehen Euskadi Sariak

Bernardo Atxagak jaso du Euskadi Literatura Saria euskarazko atalean, Idoia Estornesek gaztelaniazko literaturari dagokiona eta Iñigo Roquek itzulpen onenarena.

Iñigo Roque, Idoia Estornes eta Bernardo Atxaga, saritutako lanekin. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Roque, Idoia Estornes eta Bernardo Atxaga, saritutako lanekin. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Bernardo Atxagak jaso du euskarazko literaturari dagokion Euskadi Literatura Saria, ‘Nevadako egunak’ lanagatik.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, «hitzaren magia dario» Atxagari liburu honetan eta kontatzeko modu xume bati esker «erabateko eta besteko irakurleentzako ekarpen hunkigarriak eskaintzea lortu du, literaturaren dohainez». Hainbat gai «modu leunean eta bariatuan aletzen» dituela ere kontuan hartu du, «apurka-apurka gailenduko direlarik, halere, gizakiaren baitan tematsu dirauen beldur sentimenduen eragin sakona, edota pertsona maitatuen galeraren oroimina».

Idazle asteasuarrak Espainiako Kritikaren Saria ere jaso zuen liburu horrengatik, euskarazko narratiba alorrean.

Idoia Estornes gaztelaniaz

Idoia Estornesi, berriz, gaztelaniazko literaturaren saria eman diote, ‘Cómo pudo pasarnos esto’ lanagatik.

Epaimahaiaren aburuz, «memoria liburua, autobiografia edo bizitzaren balantzea, norberaren bizitzaren eleberria» da Estornesena, «bizitza kontatua, eta ongi kontatua, ez datu, data eta gertaeren zerrendatze hutsa, hori baino zerbait gehiago baizik».

Idazleak azken mende erdiko «euskal kulturaren kronika orokorra idatzi du, itxura batean hala nahi ez izana iruditu arren. Liburu garrantzitsua, zorrotza eta aurreiritzirik gabea eta zintzoa» da, nabarmendu duenez. Horrekin batera, emakumearen ikuspegitik «lekukotza berritzailea» dela azpimarratu du.

Iñigo Roque, itzulpengintzan

Itzulpengintzan Iñigo Roquek Antonio Lobo Antunes portugaldarraren ‘A ordem natural das coisas’ euskarara itzultzean (‘Gauzen orden naturala’) egin duen lana saritu du epaimahaiak.

Jatorrizko testua «bihurri halakoa» izaki, Roquek itzultzeko erronka «ederto» gainditu du epaimahaikideen iritziz. «Egilearen prosa bihurria euskarara nola ekarri duen, merezimendu handiko lana da, oso modu pertsonalean eginda, hartu behar diren arrisku eta libertateak erabiliz».

Lan horren guztiaren emaitza, gaineratu dute, «euskal prosa eredugarria da, euskararen baliabide, lexiko eta sintaktikoak modu aberats eta orekatuan erabiliz eraikia».

18.000 mila euro

Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu eta beste 4.000 lanak beste hizkuntza batera itzultzen badira.