NAIZ
BAIONA

Koldo Etxegarai Aitzinako kidea atxilotu du Polizia frantsesak

Koldo Etxegarai Aitzinako kidea atxilotu du Polizia frantsesak, bide seinaleen afera dela-eta. Arratsaldean aske geratu da.

Koldo Etxegarai, eskuinean, Ieltxu Ostolazarekin, Aitzinaren aurkako polizia operazioa salatu zuten egunean. (Sylvain SENCRISTO)
Koldo Etxegarai, eskuinean, Ieltxu Ostolazarekin, Aitzinaren aurkako polizia operazioa salatu zuten egunean. (Sylvain SENCRISTO)

Koldo Etxegarai etxean atxilotu dute gaur goizean jendarmeek, Kazeta.eus-ek zabaldu duenez. Bide seinaleen afera dela-eta deklaratzera deitu zuten komisariara Etxegarai, baina joateari uko egin zion, Ieltxu Ostolazak bezala. Arratsaldeko 16.30ak aldera, aske utzi dute.

Ostolaza joan zen astean atxilotu zuten eta ordu batzuen buruan ere aske geratu zen.

Uztailaren 14an Aitzinak frantses hutsean zeuden bide seinaleen aurka egin zuen ekimenagatik deitu zituzten biak. Urriaren 15ean jendarmeak Aitzinaren lokalean sartu ziren miaketa egiteko asmoz. Gazteek poliziak material informatikoa eraman zuela salatu zuten. Hurrengo egunean, frantses seinaleak eskutan hartuta egin zuten salaketa, agerraldi jendetsu batean.

Atxiloketa salatzeko Aitzinak elkarretaratzea deitu du Baionako Herriko Etxearen aurrean, 18.30ean.

Aitzinak biharko prentsaurreko bat deitua zuen, dinamika berriak azaltzeko, baina hitzordua bertan behera utzi dute, «gure kanpaina politiko berriaren aurkezpena ez dezan atxiloketaren informazioak irents».

Abenduaren 23rako Ipar Euskal Herri mailako «ekimen ikusgarria» egingo duela iragarri du gazte antolakundeak.