NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako 89. herria da Itsaso, udalerri izaera ofizialki berreskuratuta

Udalerri izaera ofizialki berreskuratu du Itsasok eta, ofizialki Gipuzkoako 89. herri gisa egin dute bertan lehen osoko bilkura, Aldundiak deituta, Ezkiorekiko desanexioa gauzatu ondoren berari baitzegokion formalki deialdia egitea.

Udalerri izaera berreskuratu eta lehen osoko bilkura egin du Itsasok. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Udalerri izaera berreskuratu eta lehen osoko bilkura egin du Itsasok. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ezkiorekiko desanexioa gauzatu ondoren, Aldundiari zegokion Itsasoko lehen osoko bilkurarako deia egitea eta han izan da Markel Olano ahaldun nagusia, udalerri izaera berreskuratu duen Itsasori ongietorria adierazteko.

Aurrerantzean eman beharreko pausuetarako «elkarlanerako erabateko borondatea» adierazi die Olanok Itsasori eta bertako batzorde kudeatzaileari. «Bidelagun izan gaituzue orain arte, eta aurretik duzuen bidean ere laguntzeko dago Aldundia, behar duzuen guztian», azpimarratu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Osoko bilkura horretan izan dira ere Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, Luis Elicegui Araubide Juridikoko zuzendaria, Ezkio eta Itsasoko ordezkari instituzionalak eta eragileak, eta eskualdeko alkateak.

Ezkioko kontuhartzaile Martin Iparragirrek egin ditu idazkari lanak Itsasoko udal aretoan. Hiru gai eduki ditu zerrendak: lehenik eta behin, adineko mahaia eratu da.

Ondoren, Aldundiaren Gobernu Kontseiluak joan den asteartean, hilak 10, hartutako erabakiaren berri eman da, Itsason eratu beharreko batzorde kudeatzaileko kideen izendapena, alegia. Batzorde horrek zuzenduko du udalerria eta kudeatuko ditu haren gaiak hurrengo udal hauteskundeak egin eta dagozkion gobernu organoak eratu arte.

Bertaratu direla eta haien nortasuna egiaztatu ondoren, batzorde kudeatzailearen bost kideek, Gorka Sasietak, Jose Maria Barrenetxeak, Anttoni Okarizek, Maria Isabel Olangak eta Xabier Elgarrestak, onartu egin dute kargua. Azken udal hauteskundeetan, 2015ekoetan, Itsasori dagokion mahaian izandako emaitzen arabera osatu da zerrenda.

Aldundiak ontzat eman zuen Ezkio-Itsasokoak (EIK) hautesle elkarteak egindako proposamena –berak irabazi zituen hauteskundeak, baleko 321 botoetatik 277 eskuratuta-.

Azkenik, batzorde kudeatzailearen kideek presidentea izendatzeari ekin diote; Gorka Sasieta izan da aukeratua aho batez, eta kargua onartu eta bere gain hartu du formalki. Sasieta buru duen batzordeari dagokio orain udalerria zuzentzea, bereizketa espedientearekin batera onartutako estipulazio juridiko eta ekonomikoen agiria betearaziz. Eragindako alderdi guztiek sinatu zuten dokumentu hori, eta egoera berria arautzen du, besteak beste, udal zerbitzuen prestazioari, Ezkio zein Itsasoko udaletako langileei, eta bien arteko lankidetza eta elkarrekiko laguntzari dagokienez

Markel Olanoren hitzaldiak eman dio amaiera Osoko Bilkurari.