Emakume uholde batek Euskal Herriko kaleak hartu ditu

Euskal Herriko kaleak kolore morez bete dira eguerdian. Mobilizazio oso jendetsuak izan dira han eta hemen, martxoaren 8 honetako greba feministarekin bat eginez. «Gora borroka feminista!» leloak oihartzun erraldoia izan du.

naiz|2018/03/08|Iruzkin 1
Int20180308017488
Emakumez lepo, Iruñeko Sarasate pasealekua. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Emakume uholdea bizi izan dute eguerdian Euskal Herriko kaleek. Goizean-goizetik ikusi da martxoaren 8 hau berezia izanen zela, baina 12:00ak aldera hartu duen dimentsioak aurreikuspen asko gainditu ditu. Euskal Herriko hiriburuek irudi ikusgarriak utzi dituzte, milaka emakumek planto egin eta kaleak eta plazak hartu dituztenean.

Planto egiteko deia zegoen eta planto egin dute. Iruñean Sarasate pasealekuaren luze eta zabalaera guztia hartu dute, gauza bera Bilbon Arriaga plazan lehenbizi eta kale Nagusian ondoren edo Donostiko Bulebarrean. Gasteizko Andra Mari zuriaren plaza ere ez da sartu nahi zuen jende guztiarentzako aski izan. Baionan, aldiz, Herriko Etxeko plazan bildu da Ipar Euskal Herriko emakume andana. Eta asko hiriburuetara gerturatu diren arren, herri askotan ere izan dira mobilizazioak.

Herri batetik bestera hedatu den oihua argia izan da. «Gora borroka feminista!». Eserialdiak manifestazioarekin uztartu dituzte eta asko izan dira bidean mobilizazioetara batu direnak.

Orokorra izan da mugimendu feministak Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan egin duten balorazioa, mobilizazioak aurreikuspenak gainditu dituela azpimarratuz eta, batez ere, bihartik aurrera borroka feministan jarraitzeko eskaria eginez. Gaur bizitakoa «historikoa» izan dela ere errepikatu dute behin baino gehiagotan.

Bide mozketak ere herri ugaritan eman dira eta aldarrikapen egunaren giro alaiarekin bat eginez, musika, dantza eta ikuskizun desberdinak izan dira.

Hala ere, ez da eguerdira arte itxaron behar izan gaurkoa egun desberdina izanen zela asmatzeko. Gauerdian zaratan handi batek bizilagun ugari esnatu ditu herri eta hiri desberdinetan. Greba eta borroka feministaren aldeko oihuak kazeroladaren zaratarekin bat egin duenean. Eta 08:00ak aldera informazio taldeak auzo eta herrietan barreiatu dira, ondoren ikusiko ziren mobilizazio erraldoien aurrekari gisa.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.