NAIZ

Larri gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoak positibo eman du covid-19an eta sintomak ditu

Ibon Fernandez Iradi euskal presoak positibo eman du covid-19 gaitzan eta gainera sintomak ditu, Bake Bideak jakitera eman duenez. Bere ziegan isolatu dute, Lannemezango espetxean. Lasartearrak gaixotasun larria duen arren, frantziar auzitegiek bere askatasuna ukatu dute behin eta berriro.

Ibon Fernandez eta gaixorik dauden presoen aldeko mobilizazioa Baionan.
Ibon Fernandez eta gaixorik dauden presoen aldeko mobilizazioa Baionan.

Bake Bideak ohar batean jakinarazi duenez, Ibon Fernadez Iradi, gaixotasun larria pairatzen duen euskal presoak, positibo eman du covid 19 proban eta sintomatikoa da. Ondorioz, bere ziegan isolatu dute, Lannemezango kartzelan. Esklerosi anizkoitza du lasartearrak

Gogora ekarri behar da joan den urteko azaroaren 12an espetxe zigorrak kudeatzen dituen Parisko auzitegiak Ibon Fernandez Iradiri ezarritako kondena etetea onartu zuela, bere osasun egoera eta espetxea ez direla bateragarriak onartuta, baina Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuenez, lasartearra ez zen aske geratu. Ondoren, Dei Auzitegiak aukera hori erabat itxi zuen 2020ko otsailaren 27an.

Bake Bidea eta Sareren kezka

Bake Bideak eta Sarek, ohar banatan, kezka adierazi dute, Fernandez Iradik bizi duen egoeragatik baita Lannemezanen espetxeratuta dauden eta kutsatuak izan daitezkeen beste euskal presoengatik.

Bake Bideak oroitu duenez, osasun krisiaren hastapenean frantziar Gobernuak krisiari aurre egiteko neurriak hartu zituen baina legedia «antiterroristaren» pean kondenatuak ziren presoak baztertu egin zituen. Horren ondorioz, Fernandez Iradi bera, Gurutz Maiza, Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Ion Parot eta Josu Urrutikoetxea preso gelditu ziren. Beraz, «preso horiek kutsatzeko arriskuan jarri zituzten».

«Ibon Fernadez Iradik pairatzen duen egoera ekidin zitekeen. Fiskaltza Antiterroristaren jarrera mendeketzailearen eta frantses Gobernuak egoera sanitarioan hartutako erabakien ondorio zuzena da», salatu dute Bake Bideak eta Sarek.

«Gobernua Ibon eta larriki eri diren presoak askatzeko bidean jarri behar da. Bada garaia Parisek eta Madrilek entzun gaitzaten eta elkarbizitza eraikuntza honetan euskal presoen auzian pauso erabakigarriak egin ditzaten. Arrisku taldeko pertsonak dira eta espetxean mantentzeak euren biziarekin jokatzea baino ez dakar», ohartarazi dute.

Elkarretaratzea asteazkenean Lasarte-Orian

Sarek gogora ekarri du pandemia egoera hasi zenetik «behin eta berriro» adierazi duen kezka «errealitate» bilakatu dela. «Hasieratik eskatu dugu larriki gaixo diren presoak etxera ekarri behar zirela, jada espetxean egote hutsak euren biziarekiko duen arriskuari covid-19a gehitu baitzaio. Ibonen kasuan ordea, muzin egin zaio errealitate honi», salatu du.

Egoera hau salatu eta Fernandez Iradi eta larri gaixo dauden gainontzeko presoen etxeratzea eskatzeko kontzentrazioa deitu du Sarek bihar Lasarte-Orian. arratsaldeko 19.00etan, Okendo plazan.

EH Bildu eta EH Bai: «Kalean behar luke aspaldi»

Ohar bateratu batean EH Bilduk eta EH Baik azpimarratu dutenez, Fernandez Iradik, «lehendik duen gaixotasunagatik, kalean behar luke aspaldi, artapen egoki bat jasotzeko».

«Ez da onargarria –gaineratu dute– mota horretako gaitz bat duen pertsona bat kartzelan egotea eta horrela galdegin du, besteak beste, Gipuzkoako Batzar Nagusieetako Giza Eskubideen batzordeak ere, kontsentsu politiko zabala lortuz (EH Bildu, EAJ, PSE, Podemos eta EAJren babesarekin). Parisko Kasazio Auzitegiak berak ere zigorraren etena onartua du, apelazio auzitegiak eta Fiskaltzak oztopatu dutena».

Egoera «larriki» okertu eta gero, «arduraz» jokatu eta Fernandez Iradi berehala aske uzteko eskatu diote Gobernu frantsesari: «Fernandez Iradik eta gaixotasun larriak dituzten gainerako presoek kalean egon behar dute, are gehiago pandemia honen erdian, koronabirusaren eragina arriskutsua baita pertsona hauentzat».