1977/2024 , February 16

Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Bi ama ditut, eta zer?

2004ko GARAko lehena, bi amen aldeko sententzia jasoz.
2004ko GARAko lehena, bi amen aldeko sententzia jasoz. (GARA)

Bizitza borroka handi bat da. Eta bere zentzuak norabide desberdinak har ditzake. Politikoak eta sozialak izan daitezke asko, eta pertsonalak, nahiz eta hauek ere erabat politikoak izan, beti.

Hogei urte atzera goaz gaur. Iruñerrira. Bi emakumez osatutako bikote batek bikiak izan ditu duela hilabete gutxi, baina haietako bat da soilik haur horien ama ofiziala. Legeak, Estatuak, ez du oraino bi emakumez osatutako bikote bati amatasun bikoitza emateko onarpenik eman. Zer esan nahi du horrek? Batek adingabe horien gaineko eskumen guztiak dituela. Besteak, bakar bat ere ez.

GARAko azaleko albiste nagusia da. 2004ko otsailaren 16an iritsi da lehen aldiz Euskal Herrira bi ama ofizial izango dituzten bikien arduraren gaineko sententzia. Cristina Chivite eta Asun Eslavak hilabeteetan luzatu den borrokari eman diote amaiera. Pertsonala izan zitekeen, baina erabat politikoa izan zen haien alde igorritako sententzia, batez ere, atzetik etorri garen emakumeontzat. Maiz, borrokarik handienak isilpean, bozgorailurik gabe eta bideak astiro urratuz gertatzen baitira.

«Utikan Euskadi Sariak»

Baina, zer da, bada, bizitza, aldarrikapenik gabe? Pertsonaletik, kultur arlora (hura ere politikoa, ezta?). Idazle talde bat agertu da prentsaren aurrean. 2007a da. Euskadi Literatura Sariak dituzte aipagai, edo salaketa gai. Haien ustez, sariok «Literaturaren ikuspegi murritza hedatzen dute». 29 idazlek sinatzen dute «Utikan Euskadi Sariak» manifestua, Jon Alonsok 'Argia'-n plazaratutako iritzi artikuluak hautsak harrotu ondoren. «Uko egiten diogu Euskadi Sari hauetan parte hartzeari, hala lehiakide gisa nola epaimahaikide gisa», dio manifestuak. Eta gaineratzen du, «sumatzen hasiak gara egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literarioa sortzea ez ote den». 2007a da, eta sinatzaileen artean dira Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Lander Garro, Oier Guillan, Eider Rodriguez eta Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi', besteak beste. Eta bizitza borroka handi bat bada, izango da paradoxa handiz inguratzen delako maiz, batzuetan, borroka berberak guztiz kontrakoa den zentzua hartuko badu ere.

Hitzak, arma. Kantua, borrokaleku. Pablo Hasel rap kantari katalanak kartzela zigorra bete beharko du bere letrekin «terrorismoari gorazarre» egiteagatik. Sententzia emana dago dagoeneko eta espetxera sartzekotan da. Baina ez nolanahi. 2021eko otsailaren 16an amaituko zaizkio, behin-behinean, askatasun egunak. Joan aurretik, ordea, azken errimaren bulkada. Harrizko herri harresia. Jendetza batu da Lleidako Unibertsitateko Errektoretzan Haselen atzematea ekidin nahian. Tentsio uneak bizi izan dira. Baina azkenean eraman dute, nahiz eta borroka ondorenaren duintasun lurrin hori bertan geratuko den.


Joan Mari Irigoien, erdian, Irati Jimenez eta Xabier Mendigurenekin batera. (Jon URBE/FOKU)
Joan Mari Irigoien, erdian, Irati Jimenez eta Xabier Mendigurenekin batera. (Jon URBE/FOKU)

Eta badira, noski, denboran asko luzatzen diren borrokak ere. Joan Mari Irigoien agertu da prentsaren aurrean. 2022ko otsailaren 16a da eta, betiko legez, zapi ederra darama lepoaldean. Aurkezpen bikoitza du gaurkoa. 'Babilonia'-ren edizio berritua eta azken poesia liburu bat. 'Sorgin-argien ehizan', garrasi, kexu eta aldarria batzen dituen lana, batetik, eta otoitza, esker ona eta espiritualitatea, bestetik. Endekapenezko gaixotasun batez eri, hil aurreko azken aurkezpena izango du Irigoienek. Izan ere, pertsonal, politiko, sozial, literario edo dena delakoa izanagatik ere burura eraman nahi den borroka, berea propioa balorez jantzita gauzatu zuen berak. Halaxe idatzi zuen 'La Santa' poeman: «Joan zaigu ihesi noizbehinka argi egiten zigun itzala. Itzali zaio, beraz, ipurtargiari argia, eta umezurtz sentitu gara une ezin astunago batez. Zergatik, ordea? […] Begiak itxi eta gaua amildu zait berriro bihotzera. Gau hau, baina, ez da argirik gabekoa, oroiminaren baitatik, izan ere, milaka ipurtargi sortu dira absentziaren mortuan. Zer besterik dira poema honen hitzak ere? […] Orain oro da oroitargi. Begiak ireki eta zerura begira paratu naiz, unibertso guztien argi guztiak Big Bang-eko lehen argira bilduko diren esperantzan». Eta joan zen, Big Bang-eko lehen argira, luzaro eutsi zion borroka batetik. Hain zuzen, bere altzatartasun mugagabe horrekin.