Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Sorgin-argien ehizan’ poesia-liburua eman eta ‘Babilonia’ gaurkotu du Joan Mari Irigoienek

Lan berri bat eta beste zahar-berri bat eman ditu Joan Mari Irigoienek. Haren kezka sakonenak bildu ditu ‘Sorgin-argien ehizan’ poesia-liburuan, eta gaurkotu eta dotoretu egin du 30 urtetik gora dituen ‘Babilonia’ eleberria.

Irati Jimenez, Joan Mari Irigoien eta Xabier Mendiguren, liburuen aurkezpenean.
Irati Jimenez, Joan Mari Irigoien eta Xabier Mendiguren, liburuen aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Endekapenezko gaixotasunak ahotsera bai, baina ez dio lumara eragin Joan Mari Irigoien idazle altzatarrari. 'Derbia' (2019, Elkar) eleberritik hiru urtera eman du argitara bere azken lana, poesia-liburua oraingoan, 'Sorgin-argien ehizan'. Hori bakarrik ez: 'Babilonia' (1989, Elkar) eleberriaren edizio gaurkotua ere osatu du Elkar argitaletxearekin bat.

Aspaldi ez bezala agertu da jendaurrera Irigoien, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera, liburu berri eta zahar-berria aurkeztera. Ahozko hitzak, ordea, Xabier Mendiguren editorearen eta Irati Jimenezen esku utzi ditu. Haiek izan ditu «medium» eta «mihi», Mendigurenek esan bezala.

Azkendu berri duen poesia-liburua Leon Felipe poeta bizkaitarraren aipu batekin hasi du Irigoienek. Xabier Mendigurenek irakurri du: «Hay un turno de voces / yo grito, tú rezas, él canta / El grito es el primero».

Eta Leon Feliperen hitzok, Mendigurenen esanetan, ongi ordezkatzen dute 'Sorgin-argien ehizan' liburuaren lehen erdia, «garrasi, kexu eta aldarria» biltzen dituen partea.

Egileak bere sakoneko kezkak agertu ditu olerkien infrentzu eta azalean. Mancha Blanca tituludun poema irakurri du Elkarreko editoreak, poesia-liburuaren garrasi, kexu eta aldarrien aldeari dagokiona, gerraren eta inperialismoaren arbuioa, injustizia guztien salaketa, handikien kontrako manifestua. Aurretik argitu du poemen izenburuak Irigoienek Lanzarotera egindako bidaia baten hari-muturra direla, Kanarietako irlako tokien izenak, testuetan inspirazioaz haragoko garrantzirik ez duten arren.

Hasi du Mancha Blanca: «Batean nahiz bestean egon, Mancha Blancan nahiz Bilbon, jaiki bezain laster degiot otoitz on Gabriel Arestiri: segi dezala eta segi dezagula hitzaren eta solidaritatearen mailua hartuta bazterrak astintzen, ea mundu higuingarri honi irauli bat ematen diogun eta ea haren hitzak ipar-izartzat harturik garaile irteten garen egiaren aldeko eta gezurraren aurkako gerran. Zeren, maisu handiaren hitzak neure egiten ditudala, inoiz ere nire juramentua hautsirik gezur bat badiot, izan dadila eguzkia ilundu ez dadin, ilargia argitu dadin, arrosa gorriren bat irabaz dezan, krabelinak usainik gal ez dezan. Ez etsi, Gabriel».

Liburuaren bigarren erdiak, aldiz, otoitza, esker ona eta espiritualitatearen adierazpena biltzen ditu. Eta erdi hori ordezkatzeko ere topatu du Mendigurenek zati bat, La Santa poema, aurrekoa Gabriel Aresti «maisuari» bazen, hau Pedro Zubiagirre lagunari eskainia: «Joan zaigu ihesi noizbehinka argi egiten zigun itzala. Itzali zaio, beraz, ipurtargiari argia, eta umezurtz sentitu gara une ezin astunago batez. Zergatik, ordea? Ez ote dirau, bada, itzalaren argiak zutik gure zelula bakoitzaren oroimenean? Zer dira, izan ere, zutarriak eta dolmenak eta zer dira Oteizaren apostoluak, argiak huts eta hutsak argi? Begiak itxi eta gaua amildu zait berriro bihotzera. Gau hau, baina, ez da argirik gabekoa, oroiminaren baitatik, izan ere, milaka ipurtargi sortu dira absentziaren mortuan. Zer besterik dira poema honen hitzak ere? […] Orain oro da oroitargi. Begiak ireki eta zerura begira paratu naiz, unibertso guztien argi guztiak Big Bang-eko lehen argira bilduko diren esperantzan».

Berpiztu da 'Babilonia'

Gutxi-asko, oraingoz iritsi duen bizitzaren erdian eman zuen argitara Joan Mari Irigoienek 'Babilonia', 36 urterekin, eta gutxira euskal literatura modernoaren bideari lotu, Ramon Saizarbitoriak “Egunero hasten delako” lanarekin abiatu zuen horri. Elkar argitaletxeak editatu zuen 100. lana izan zen.

Orain, 73rekin Irigoienek eta 33rekin haren 'Babilonia'-k, gaurkotu egin dute Garaialde familiaren hondamen, gudu-zelai eta beste kontatzen dituen eleberria. Hitzaurrea Irati Jimenez idazle mundakarrak osatu du, aitortu duenez, sekula ez du ezer «hain urduri» idatzi.

Jimenezen hitzetan, euskal eleberrigintzak egindako bidea erakusten du 'Babilonia'-k eta «iragan mitiko bati buruzko nobela sailkaezin» gisa definitu du, «baita gaur egun ere», azpimarratuz.

Nobela horren lerroetan nabari zaio Irigoieni «literaturaren botereetan sinesten duenaren anbizioa», esan du mundakarrak. Orain, gaurkotuta eta dotoretuta jaurti du berriz dendetara ahots urratu baina luma finaren idazle altzatarrak.