Maddi Txintxurreta

‘Dantza gaitezen hil arte’ diskoa aurkeztu du Modus Operandi taldeak

Koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatu du Modus Operandiren bigarren lan luzea, ‘Dantza gaitezen hil arte’ diskoa. Maitasunari eskainitako kantuak dakartza ska estilotik harago doan bildumak.

Modus Operandiko taldekideak, disko berriaren aurkezpenean. (NAIZ)
Modus Operandiko taldekideak, disko berriaren aurkezpenean. (NAIZ)

Modus Operandi taldeak ‘Dantza gaitezen hil arte’ diskoa aurkeztu du asteartean Gasteizko Jimmy Jazz antzokian, Baga Biga ekoiztetxearekin. Bigarren lan luzea du Betagarri eta Lauroba desegin berri ziren taldeetako Iñaki Ortiz de Villalbak eta Andoni Matxainek 2018an sortutako proiektu berriak, batik bat ska doinuetara emanak.

Eta ska musika dakar Modus Operandiren bigarren lanak ere, baina ez soil-soilean. Punk-rock, musika latinoa, reggaetoia, salsa eta funky estiloak nahasten dira hamar kantuko lanean, Ortiz de Villalbaren musika dantzagarriari leial. Horregatik, baita, diskoari izena ematen dion single-a: ‘Dantza gaitezen hil arte’.

Taldean, gainera, partaide batzuk erori eta beste batzuk batu dira: Diego Martinez (Luz de Putas), Joseba San Sebastian (Sen) eta Josu Erbiti (Iseo, Tximeleta, Txarrena). Azken honek diskoaren produktore tekniko eta artistiko gisa egin du lan, bateria-jole izateaz gain.

Maitasunari eta desamodioari eskainitako letrak idatzi ditu Iñaki Ortiz de Villalbak, bazter utzi gabe Betagarritik dakarren kantu soziala, salaketarena. Proiektua borobiltzeko, gainera, hiru artistak kolaboratu dute Modus Operandirekin: La Furiak, Bad Sound System-eko ‘Moro’-k eta Karmele Jaiok.

Covid-19aren eragina ekoizpenean

Indartsu hasi zen Modus Operandi. 2019an, taldea eratu eta urtebetera, 45 kontzertu eman zituen Euskal Herrian eta horietako bat Madrilen, marka esanguratsua talde hasiberri batendako. Alta, pandemiak harrapatu ditu aurten, eta bigarren diskoaren ekoizpena konfinamenduak baldintzatu du.

2020rako «irrikitan» zeudela segurtatu du prentsaurrean Iñaki Ortiz de Villalbak. Diskoa pentsatzen ari ziren eta Katalunian eta Suitzan kontzertu bana ematekoak ziren. Dena bertan behera geratu zen, ordea, diskoarena salbu.

Konfinamenduan sortu dute ‘Dantza gaitezen hil arte’, ezinbestean, lan egiteko modu berriak arakatuz. Esplikatu dutenez, Ortiz de Villalba abeslariak whatsapp bidez audioak bidaltzen zizkien taldekideei, kantu baten ideia batekin, doinu argi bat edo estilo berri baterako pista bat. Ondotik, taldekideek bakoitzak bere etxetik audio horren gainean lan egin zuen, hamar kantu osatu arte.

Halere, dudak izan zituzten. «Diskoa atera ala ez». Egoera «kaotiko» baten erdian, «Durangoko Azokarik gabe, kontzerturik gabe», zehaztu du Ortiz de Villalbak, ez zekiten momentu egokiena ote zen lana kaleratzeko.

Baina entsegu gutxirekin, proiektuan «lan eta konfiantza handia» jarrita, ‘Dantza gaitezen hil arte’ aurkeztu dute, eta oraingoz itxita daukaten kontzerturako data ere iragarri dute: Bilboko Santa Ana aretoan izango da, urtarrilaren 15ean.