NAIZ

Zuhaitz zaharrenak ezinbestekoak dira basoen egokitzapen gaitasuna mantentzeko

Ikerketa batek ohartarazi duenez, basoetako zuhaitz zaharrenak nahitaezkoak dira epe luzeko basoen adaptazio gaitasuna mantentzeko, zeina, etengabeko ingurugiro aldakor baten testuinguruan, oso garrantzitsua den.

Zuhaitz zaharrenek berebiziko garrantzia dutela ondorioztatu du ikerketak.
Zuhaitz zaharrenek berebiziko garrantzia dutela ondorioztatu du ikerketak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

‘Nature Plants’ aldizkariak argitaratu berri duen ikerketa batek ohartarazi duenez, basoetako arbola zaharrenek rol oso garrantzitsua betetzen dute basoen adaptazio gaitasunaren mantentze lanean. Klima aldaketaren eta etengabeko inguru aldakorraren markoan, inoiz baino garrantzitsuagoa da basoak ingurugirora egokitzeko gai izatea.

Ikerketa ondorengo adituek burutu dute: Sergi Munné-Bosch Bartzelonako Unibertsitateko Biologiako katedradunak, Chuk Cannon The Morton Arboretum-eko Zuhaitzen Zientzia Zentroko zuzendariak (AEB) eta Gianluca Piovesan Tusciako (Italia) Unibertsitateko paisaia ekologikoa planifikatu eta kudeatzeko irakasleak.

Ikerketaren egileek nabarmendu dute zuhaitz zaharrenek, basoetako populazioaren %1 baino gutxiago ordezkatzen dutenek, aniztasun genetiko eta biologiko handia opatzen dietela basoei. Era berean, zuhaitz zaharrenak ingurumen-baldintza historikoen gama zabal baten lekukoak direla azaldu dute adituek.

Arbola hauek ehunka edota milaka urte biziraun dezakete eta Munné-Bosch katedradunak zehaztu duenez, «onura ikaragarriak ekartzen dizkiote basoko ekosistemari, beste espezie batzuentzako habitata eskainiz eta askoz ere zuhaitz gazteagoekin alderatuta karbono kantitate handia harrapatuz».

Txanponaren beste aldean, ikerlariek salatu dute deforestazioak etengabe aurrera jarraitzen duela eta zuhaitzen hilkortasun tasa mundu osoan zehar igotzen ari dela, hein handi batean klima aldaketagatik. Hori horrela, egungo zuhaitz gazteek bizitza ehundaka edo milaka urtetan zehar bizirauteko aukera oso urria edo ia ezinezkoa da.

Gainera, tokiko habitatak eta habitat globalak hobetzeko xedez basoetan zuhaitz berriak landatu arren, antzinako zuhaitzak ezin dira berreskuratu edo birsortu mende eta belaunaldi dezente igaro gabe.

«Ikerketa honek gogorarazten du premiazkoa dela estrategia global bat bultzatzea, biodibertsitatea kontserbatzeko eta ehun urtetik gorako zuhaitzak babesteko, etorkizuneko baso zaharretako biodibertsitatearen ardatzak bihur baitaitezke», ondorioztatu du Piovesanek.