Testua eta argazkiak: Sergi Reboredo

Uruguaiko hegoaldea, paradisu australa

Hondartza hutsak ehunka kilometrotan zehar, munduko haragirik onena eta bizitza handiko hamaika hiri. Hori eskaintzen du, besteak beste, Uruguaiko hegoaldeak. Montevideo, hiriburua, atzean utzita amaierako gingara goaz, herrialdearen hegoaldera.

Montevideoko panoramika. (Getty images)
Montevideoko panoramika. (Getty images)

Hego Amerikako bi erraldoien, Argentina eta Brasilen, artean egonik, Uruguai bien uztarketa garbia da. Agian ez zuten tangoa asmatuko, ezta chimichurri saltsa ere, eta ez ziren lehenengo inauterien anfitrioiak izango, baina esaerak dioen bezala, perfume onena poto txikian saltzen dena da. Eta halakoa da Uruguai. 175.000 kilometro koadroko azalera du –nolabait irudikatzeko, Estatu espainiarraren heren baten parekoa– eta 3,5 milioi pertsona baino ez dira bizi bertan.

Akaso horregatik harro esan dezakete uruguaitarrek Amerikako Hegoaldeko Konoko pobrezia, langabezia eta analfabetismo tasa txikienak dituztela. Bere ekonomiaz hitz eginez gero, esan beharra dago Bigarren Mundu Gerran jada “Amerikako Suitza” esaten ziotela. Montevideo, hiriburua, atzean utzita amaierako gingara goaz, herrialdearen hegoaldera.

Colonia del Sacramento Montevideotik 180 kilometrora kokatuta dago, Rio de la Plata ibaiaren ertzean eta Munduko Ondarea da. Galtzada-harrizko kaleei eta ametsetako etxetxo kolonialei iraganeko garaiekiko nostalgia darie. Hiria 1860an eraiki zen, hispaniar-portugaldar kolonizazio garaian eta Uruguaiko lehen hiri bihurtu zen. 1970eko urteetan berritze lan izugarria egin zen, egun oraindik amaitu gabe dagoena. Bertako kale ospetsuena hasperenena da, film eta telebistako iragarki andanan agertu dena.

Egia esan, hiri osoak zinema plato batetik ateratakoa dirudi. Garaiko autoek ibilaldi turistikoak egiteko ez ezik, espazioa girotzeko ere balio dute. Oso interesgarria da bertan galtzea, bere itsasargiko eskaileretatik igotzea, Porton del Campo-n presarik gabe ibiltzea, edota Bastion del Carmen, Erregeordearen Etxea eta bere iraganaren lekukotzaren parte diren zortzi museoetakoren bat bisitatzea.

Proposamen gastronomikoei dagokienez, Casa Jorge Páez Vilaró nabarmentzen da, arte galeria itxurako espazio bat, non koadroek eta gourmet platerrek bat egiten duten. Denbora gehiago dutenentzat, Buenos Aireserako ontziak ateratzen dira hemendik, Buquebus konpainiaren eskutik. Ordubete eta 50 kilometro daude Colonia del Sacramento eta Argentinako hiriburuaren artean.

Piriápolis, ziur asko Uruguaiko hiri mistikoena

Montevideo zeharkatu eta Ruta 8 delakoari jarraituz Piriápolisera iritsiko gara. 9.000 biztanleko kostaldeko hiri polit hau harro dago herrialdeko lehen bainuetxea izateaz. Ez da, hala ere, spa edo gune terapeutikoez beterik dagoen hiri horietakoa. Uruguaitarrentzat “bainuetxe” hitzaren esanahia bainatzeko hondartza onak dituen kostaldeko tokia da soilik. Eta noski dituela, hareatza luze-luzeak, apenas olaturen bat dutenak; Copacabanako hondartzekin alderatzen dituenik ere badago.

Baina Piriápolisek hondartzez gain mistizismoa ere badu. Hiriak Francisco Piria ameslari eta alkimistari zor dio bere izena. Negozio gizon honen aginduz eraiki ziren hainbat eraikin Maldonado departamentuan eta Montevideoko hainbat auzotan. Bere obra nagusia Pirako eliza bukatugabea da. Eliza katolikoak bazterrean utzi zuen eliza hori, masoiekin eta alkimiarekin loturiko ikur piloa zituelako.

Cabo Polonio, kolonia neo-hippy uruguaitarra

Nahaste arraro samarra sumatzen da toki honetara iristean, 60ko hamarkadako Formentera hippyaren eta “Mad Max” sagako edozein filmetako agertokiaren uztarketa bitxia da.

Kostaldeko bazter galdu honetara heltzeko modu bakarra dago: Rocha departamentuan 10. ibilbideko 264 kilometro-puntutik ateratzen diren safari estiloko 4x4 kamioi ofizialetan egitea. Eskuarki biztanle gutxi ditu, gehienak arrantzaleak, artisauak eta itsasargiko langile finkoak. Baina turismo denboraldian (urtarril eta martxo artean) jatetxe eta ostatuak loratzen dira han eta hemen.

Etxebizitzek ez dute energia elektrikorik, itsasargiak eta ekipo elektrogeno propioa duten tokiek izan ezik. Argiteria publikorik ere ez dago; bertako bereizgarri horri esker, gauez zerua behatzea izugarria da Uruguaiko kostaldeko toki gehienetan ez bezala. Bertaratzen denak atsedena eta erabateko deskonexioa topatu nahi du, baina hori egiten ez dakitenentzako ere wifia iritsia da bertara. Bertako amu nagusietakoa bertan ezarritako itsas otsoen kolonia da. Animaliok gertutik ikusteaz gain, interesgarria da itsasargiaren gainaldetik ikustea ere.

Ezin duzu Rocha departamentutik joan Barra de Valizas arrantzale herria bisitatu gabe. Hortik, Cabalgatas Valiceras enpresari esker, Punta del Diabloraino zaldi gainean iristeko aukera duzu. Hor Ozeano Atlantiko suharra atzean dela, dunaz inguratutako hondartza zabal eta hutsak topatuko dituzu.

La Barra, modako tokia

Kale zabalak ditu postaletako herria dirudien honek. Arrantzale portu zahar hau turisten toki gogokoenetakoa bihurtu da, batik bat, jende ospetsuaren artean. Hondar zurizko hondartzak, luxuzko hotel eta gune erresidentzialak, yate ikusgarriak eta gaugiro animatua; horiek guztiek osatzen dute glamourra darion paradisu hau. Hogei kilometroko hondartza horretatik pasatu dira Ralph Lauren, Zinedine Zidane, Valeria Mazza edota Shakira bera, beste askoren artean. Tamalez, horren eraginez, hainbat txiringitotan, La Huellan esaterako, bezero xumeagooi eskaintzen zaigun arreta nahiko eskasa da. La Barrak, Punta del Este hiriarekin, Maldonadorekin eta Jose Ignaciorekin batera, Punta del Este deituriko penintsula osatzen du.

Jose Ignaciora atseden hartzera etortzen da jendea, bertako hondartzek eskaintzen dituzten eguzki-sarrera ikusgarriez gozatzera eta janari tipikoa dastatzera. Punta del Estek, ostera, Estatu espainiarreko Benidorm moduko baten antza dauka, hondartza parean bertan dauden hotel izugarriekin. Eskultura bat nabarmentzen da selfie-ak egin nahi dituztenetzat, “La Mano de Punta del Este” delakoa.

“Los Dedos” ere esaten diote, eta hondarretan sartuta dauden bost behatz dira, Mario Irarrazabal artista txiletarraren obra.

Casapueblo, Ibizako ilunabarren gisakoak

Punta del Estetik hamahiru kilometrora, Punta Ballenan, dago itxura mediterraneoko etxe-museo hau, Carlos Páez Vilaró uruguaitar artistak eraikitakoa. 1960an eraiki zuen bere eskuekin eta udako etxe eta tailer bihurtu zuen, gerora egoitza, arte galeria, jatetxe eta hotel bihurtu zen arren. Artisau eran eraiki zen, aurreko planorik gabe, labirinto forman, barrualdean lerro zuzenik gabe eta gehienbat zuriz margotuta.

Bere itxurak Uruguai baino Ibiza, Tunisiako kostaldea edota Greziako Santorini dakarzkigu burura. Terrazadun hamahiru solairu ditu; Ozeano Atlantikoko uren gainean eguzki sarrera ederrak ikusteko toki aparta. Hain zuzen, arrastsalderoko une gorena erritual pagano bat da; eguzki sarrerarekin bat eginez eta Joaquín Rodrigoren “Aranjuezeko Kontzertua” entzun bitartean, hilik dagoen artistaren ahotsa entzuten da eguzkiari oda bat eginez.