Juan Luis Mugertza Unanue

Oulu, antzaren karrankak eta hontzen uluak

Oulu Finlandiako bosgarren hiririk handiena da, eta ipar-ekialdeko kostan dago, Botnia badiaren bazterrean. Oulujoki ibaiak ematen dio izena Ouluri, eta «uholdea» esan nahi du.

Hegaztiak behatzen Vihiluotoko dorre-begiratokian.
Hegaztiak behatzen Vihiluotoko dorre-begiratokian. (Juan Luis MUGERTZA)

Garai batean izokinen arrantzak eta alkaternaren ekoizpenak garrantzi handia bazuten ere, egun, teknologia berrien erdigunea da Oulu. Air Guitar (aire-gitarra) izeneko txapelketa da, Oulun ospatzen den ekarpen kultural handiena 1996az geroztik. Parte-hartzaileek gitarra jo behar dute, baina benetako instrumenturik izan gabe. Lehiaketaren ideologiaren arabera, gerrak amaituko dira, klima aldaketa geldituko da eta gauza txar guztiak desagertuko dira, munduko jende guztiak aire-gitarra joko balu.

Baina azken hamarkadetan beste zerbaitegatik hartu dute ospe handia hiriak eta bere inguruek, bereziki ornitologoen artean. Bestelako hegaztiak badaude ere (antzarak, beltxargak, limikolak…), gure parajeetan ez dauden hontzak ikusteko leku paregabea da.

Hegaztiak behatzeko bidexkak eta dorreak

Oulutik 35 kilometrotara Liminkako badia dago, eta bertan Finlandiako hezegunerik onenetakoa. Hegaztien gaineko informazioa nahi izanez gero, Virkkulako Liminganlahti bisitarien zentrora joan, eta 600 metrotara dagoen bi solairuko dorretik inguruak behatu. Izan ere, itsasondoko zelaiek, sakonera txikiko kanaberadiek, sahats-sastrakek eta urki-basoek aukera handia ematen dute paseoan ibiltzeko, eta urte osoan zehar 200 bat espezie ikusteko. Hauetako 160 inguruk bertan egiten dute habia. Habiagileen artean honako hauek aipa genitzake: antzara hankagorrizta, zingira-mirotza, eta kuliska buztanbeltzak; migratzaileen artean, beltxarga oihulariak eta borrokalariak.

Alabaina, ezin aipatu gabe utzi txori-zaleen artean estima handiko txori zezenak, antzara muturzuriak, antzara mokolaburrak eta basoilar lirak, besteak beste.

Liminka badiaren eremuan, udaberriko eta udazkeneko migrazio garaiak izaten dira sasoirik onenak. Udaberrian, goi denboraldia martxoaren amaieran hasten da (neguaren arabera), eta ekainaren erdialdera arte irauten du. Udazkenean, denboraldi gorena abuztuaren azken partean hasi, eta urriaren erdialdera dirau.

Begiratokirik ezagunena Virkkulakoa bada ere, Oulu inguruan, kontinenteari ferryaren bidez konektatuta dagoen Hailuoto irla ere kontuan harturik, beste 23 dorre edo plataforma daude.

Istingor arruntaren gorteatzea eta kuliska buztanbeltzaren habia egiteko lekua

Apirilaren bukaera aldera, Liminkako badiara etorritako bisitarien artean, badago moko luzeko hegazti zangaluze bat, hegoetan arraia zuriak eta buztanaren punta beltza dituena, gorteatze sasoian sekulako ikuskizuna ematen duena.

Bere burua nabarmen uzteko, ozen kantatzen du, eta oso gora egiten du hegan. Gero, gain behera egiten du ziztu bizian. Hori bai, lurzoruan talka egin aurretik egindako akrobaziak zuzendu, eta lurra hartzen du piloturik onenaren antzera. Hegaldi hauetan egiten duen uluaren antzeko soinua, egia esan, ez da kantua, bere hegoen bibrazioek sortutako hotsa baizik. Oso zaratatsua da, eta inolako beldurrik gabe ahalegintzen da kabia eta txitak arerioen aurrean defendatzen. Habia itsasondoko zelaietan eta Oulu eskualdeko soro lehorretan egiten du istingor arruntak (Gallinago gallinago).

Badago beste espezie bat aipamen berezia merezi duena: kuliska buztanbeltza (Limosa limosa), alegia. Finlandiara etorri berri xamarra da, 1950eko hamarraldian egin baitzuen estreinako aldiz habia. Egun, 200 bikote baino gehiago daude Finlandia osoan, eta gehienak Liminka badiaren bueltan.

Halarik ere, kuliska buztanbeltza Europan galzorian dagoen limikola-espezie bat da, baina ez bakarra: txirri arrunta (Calidris alpina) ere arriskuan dago-eta. Dirudienez, itsasbazterretan zabaldutako landaretzak eta eutrofizazioak (gehiegizko nitrogeno eta fosforo pilatzea ur-ekosistemetan gizakiaren aktibitatea dela-eta), kaltea ekarri diete.

Antzara hankagorriztak, ohiko bisitariak

Lehenengo antzara hankagorriztak (Anser anser) martxoaren bukaera aldera heltzen dira Liminkara ugaltzeko. Hauxe da antzararik ugariena paraje hauetan. Lehenengo txitak maiatzaren amaieran izaten dituzte, udazkenean, ehiza sasoia baino lehenago, alde egin ahal izateko.

Uretako beste espezie batzuek bezala, antzara hankagorriztek ezin izan ohi dute hegan egin uda partean, hegoen lumak galtzen dituztelako. Mudak hilabete inguru irauten du, eta tarte horretan, antzarak ezkutuan izaten dira. Abuztuan, migrazio saldo handitan (batzuetan, mila ale) batzen dira zelaietan leku epelagoetara joateko. Azken antzarak irailean joaten dira. Antzarakumeak nagusiekin joaten dira, eta hauek erakusten dizkiete atseden lekurik onenak.

Badaude beste antzara espezie batzuk Liminka badian pasekoak direnak: Europako hegoaldean gero eta urriagoa den antzara hankahoria (Anser fabalis), antzara mokolaburra (Anser brachyrhynchus), antzara muturzuria (Anser albifrons), eta mehatxaturiko antzara nanoa (Anser erythropus). Bigarren mundu gerra baino lehen, antzaretan ugariena antzara nanoa zen, baina, egun, desagertzear dago, haien habitataren galera eta isileko ehiza direla-eta. Finlandian, azkenengoz, 1995. urtean egin zuten habia, eta udaberriko migrazioan Liminka inguruan 100 bat ale ikusi zituzten.

Taigako antzara hankahoria (Anser fabalis) Liminka inguruko zelai batean. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE)

Dirudienez, azken urteotan kopuruak apurtxo bat gora egin du babesteko programei esker. Satelitearen bidez egindako jarraipenak laguntza handia ekarri du jakiteko nondik nora joaten diren antzara hauek. Azken urteotan, Europako iparraldeko antzara nano gehienak Norvegiako iparraldeko Porsang fiordoan batzen dira.

Borrokalarien dantza maiatzean

Hegaztietan ez dago koloretan borrokalari arrak (Calidris pugnax) besteko bariazioa duenik gorteatze sasoian. Arraren buruaren uztaiak eta ile xerloak kolore zuritik beltzera eta gorritik grisera egiten dute, eta ez dago itxura berbera duen alerik. Arren arteko borrokak gogorrak izaten dira horretarako propio hartutako eremuetan (lek izeneko tokietan); hegoak, hankak, eta mokoak erabiltzen dituzte lehiatzeko. Lurralderik gabeko arrak borroka horietaz baliatzen dira ezkutuko gorteatzea egiteko.

Gu maiatzaren erdialdean izan ginen, eta borrokalari ar asko soineko dotoreak jantzita ikusteko aukera izan genuen. Borrokalarien kopuruak %85ean egin du behera 1980. hamarkadatik. Laborantzak, habia lekuetan egindako drainatze-sistemek, eta elikadurak izandako aldaketek ekarri dute galera hori.

Borrokalari arra (Philomachus pugnax) udako lumaiaz dotoretuta. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE)

Gainera, Afrikako mendebaldean pasatzen dute negua, eta han ehiztariek akabatzen dituzte. Liminkan ere kopuruak nabarmen egin du behera. Egun, 100 bat bikote daude habia egiten Oulu inguruan.

Eper grisa, ametsetako txoria

Gurean oso ohikoa den eper gorria baino txikiagoa da eper grisa (Perdix perdix). Europa eta Asiako larre eta sastrakadietan bizi da, baina Eskandinaviako iparraldeko eta beste eskualde polarretan, ez. Iberiar penintsulan ere badago, baina Finlandian ez bezala, paraje altuetan, 1.600 metrotik gora gehienetan: Pirinioetan, Galizia, Asturias eta Kantabria barnealdeko mendiguneetan, baita Gaztela eta Leongo iparraldeko zenbait mendikatetan ere ikus daiteke.

Eper grisa (Perdix perdix): arra eta emea. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE)

Espezie gregarioa da, zein belar laburreko belardietan eta berriki ereindako soroetan egoten den. Normalean, goizean goiz edo ilunabarrean izaten da aktiboago. Eper grisa hegazti monogamoa da; otsailean bikoteak osatuta daude, dagoeneko, eta habia martxoa eta maiatza bitartean egiten dute. Arrautzek eklosioa egin eta gutxira, txitak gurasoei jarraitzeko gai dira, eta hauek janaria bilatzen irakatsiko diete, funtsean, intsektuak bizitzako lehen hilabeteetan.

Guk, Karinkanta inguruko zelai batean (Virkkulatik 20 kilometro mendebaldera) ikusi genuen bikote bat bertatik bertara denbora luzean, arra tente zelatan, eta emea mokoka belartxoak jaten. Poza handia eman zigun, Finlandiara joan aurretik, urtetan saiatu izan garelako eper grisari argazkia egiten Espainian eta Katalunian, baina alperrik.

Oulu, hontzetan, hontzena

Urtea oso ona baldin bada, Finlandian hamar espezie hontz ikus daitezke. Horretarako, ezinbestekoa da naturaren eskuzabaltasuna, alegia, karraskari asko egotea (saguak, satitsuak, lursaguak…), txorikumeek zer jan izan dezaten. Hontz handia (Bubo bubo), urubi arrunta (Strix aluco), Laponiako urubia (Strix nebulosa), hontz gabiraia (Surnia ulula), Uraletako hontza (Stris uralensis), Tengmalm hontza (Aegolius funereus) eta mozolo txikia (Glaucidium passerinum) egoiliarrak dira, hots, Finlandian egoten dira urte osoan. Zingira-hontza (Asio flammeus), hontz ertaina (Asio otus), eta elur-hontza (Nyctea scandiaca), aldiz, migratzaileak. Azken hau ez da ohikoa Finlandian.

Tenglmam hontza (Aegolius funereus) kutxa-habi batean. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE)

Guk, guztira, sei espezie ikusi genituen. Ikusgarriena, dudarik gabe, Laponiako urubia da, eta ehizean, lursaguei kolpe egiten ikustea, ikaragarria. Denbora aldetik mugatuta egonez gero, gaueko izaki eder hauek ikusteko aukera ona izan daiteke Finnature-koekin joatea, bertan diharduten arituek aldez aurretik hontzak non dauden kontrolpean izan ohi dituzte-eta. Goizeko hiruretan hasten dira haien ibilaldiak, eta hamaikak inguruan bukatu.

Laponiako urubia (Strix nebulosa) goizean goiz ehizean. (Juan Luis MUGERTZA UNANUE)

Enpresa hau 1993an hasi zen Oulu inguruko hegaztiak ikusteko eta haiei argazkiak egiteko irteerak antolatzen, baina azken hamar urteotan, ordea, beste leku batzuetara joaten dira eta bestelako txangoak ere egiten dituzte, adibidez, hartzak eta otsoak ikusteko Errusiako mugatik hurbil, eta basoilarrak behatzeko Oulutik 3 ordura dagoen Kuusamo herrira. Mundu osoko bezeroak dituzte, baina gehienak ingelesak dira, Erresuma Batuan milioi bat hegazti-zale baitaude. Haien irabazien portzentaje bat hegaztien babesera zuzendua egoten da, esaterako, hontzek eta bestelako hegaztiek habia egin dezaten kutxak jartzeko zuhaitzetan.