NAIZ

Poloniako bira Beethovenen jaialdiarekin «harremana estutzeko» baliatu du Euskadiko Orkestrak

Polonian zehar egin duen biraren ostean pozik agertu da Euskadiko Orkestra, Beethoven jaialdiarekin «harremana estutu» duela eta. «Etorkizunean itzultzeko aukera zigilatu dugu», ziurtatu du Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Rochek.

Euskadiko Orkestrak Polonian eskaini dituen lau kontzertuetako bateko irudia.
Euskadiko Orkestrak Polonian eskaini dituen lau kontzertuetako bateko irudia. (Karol SOKOLOWSKI | NFM)

Azken egunotan Polonian zehar ibili da Euskadiko Orkestra. Beethoven jaialdiaren gonbidapena zabalduz lau kontzertuko bira antolatu zuten eta, berau amaituta, pozik agertu dira Orkestrako ordezkariak. Ziurtatu dutenez, «erritmo eta exijentzia artistiko altuko bira» izan da, Orkestrak «sendotasun handiz eta kalitate estandar altuekin gainditu duena».

Horrez gainera, Beethoven jaialdiarekin «harremana estutu» eta «etorkizunean itzultzeko aukera zigilatu» dutela esan du Oriol Roch, Orkestrako zuzendari nagusiak.

«Euskadiko Orkestrak DNAn darama nazioarteko bokazioa duela 41 urte abian jarri zenetik. Denbora honetan guztian Europako herrialde ugari bisitatu ditu, baita Hego Amerikakoak ere, baina irteera europar berri hau, historiako hogeita bigarrena, inflesio-puntua izan da bere nazioarteko ibilbidean», ziurtatu dute.

Polonia musika-tradizio nabarmena duen herrialdea dela ekarri dute gogora, artista eta musikagile handien eta ehun urte baino gehiagoko orkestren sorterria, eta Beethoven Jaialdia, Robert Treviño titularrarekin duen harremanari esker Euskadiko Orkestra gonbidatu duena, Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean bilakatu dela ere nabarmendu dute.

Amaitu berri duen biran, Orkestrak Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice hirietan eskaini ditu kontzertuak, guztira 5.400 pertsonaren aurrean, eta kasu guztietan sarrera guztiak agortu dira. «Euskadiko Orkestrak ezin zuen huts egin, eta programa exijentea eta maila altukoa eraman du, eta indarrez egin dio aurre», ziurtatu dute. Ravel (‘Bolero’ eta ‘Pavane’) eta Mahlerren (‘5. Sinfonia’) piezak eskaini dituzte.

Robert Treviñoren zuzendariaren hitzetan, «musikariek pasio, botere eta gogo handia erakutsi dute. Lau aldiz jo dute sinfonia hau jende askoren aurrean, eta soinurik onena eta interpretazio sakona eskaintzea lortu dute. Horregatik guztiagatik oso harro nago Euskadiko Orkestraren zuzendari titular izateaz. Orkestrak maila oso altuan dagoela erakutsi du».