NAIZ

Ingurune digitalean hizkuntza-aniztasuna bermatzeko eskatu du Puntueusek Europako Parlamentuan

Sortu zenetik izan du presente Puntueus Fundazioak mundu digitalean euskarak aurrera urratsak eman behar dituela. Ostegun honetan Europako Legebiltzarrean izan da fundazioko lehendakari Josu Waliño, eta inguru digitalean hizkuntza-aniztasuna bermatzeko eskatu.

Estrasburgoko kamerako hizkuntza gutxituen lan taldean egindako aurkezpena.
Estrasburgoko kamerako hizkuntza gutxituen lan taldean egindako aurkezpena. (Puntueus)

Europako Legebiltzarrean egin du agerraldia Puntueus Fundazioak, industria teknologiko handiek hizkuntza-aniztasunari «ezikusiarena» egiten diotela salatzeko. Euskarak interneten, eta batez ere, Google tresna eta zerbitzuetan duen egoera aurkeztu du fundazioak Estrasburgoko kamerako hizkuntza gutxituen lan taldean, eta azken urteetan izandako gorabeherak.

Josu Waliño Puntueuseko zuzendariak egin du Estrasburgora bisita euskarari internetek jartzen dizkion mugak azaltzeko. Pasa den uztailean azaldu bezala, zuzendariak Google bilaketa zerbitzuak euskara diskriminatzen duela azaldu du. Udaran hizkuntza-komunitateak egindako salaketen ondorioz, Googlek bere bilaketa-motorraren algoritmoa eguneratu zuen eta egoera «zuzendu» zen. Baina Waliñok Europako Legebiltzarrean salatu duenez, Googlek euskara baztertzen jarraitzen du eskaintzen dituen beste hainbat zerbitzutan; hala nola, Google Ads, Google Chrome edota Google Advanced Search zerbitzuetan.

«Googlek bere bilaketa-algoritmoa eguneratu badu ere, oraindik, badira euskara baztertzen duten Googleren beste tresna eta zerbitzu batzuk, eta horiek ere gure hizkuntza sartu behar dute aukeren artean», aldarrikatu du Puntueuseko zuzendariak.

Digitalizazioak gizartea eraldatzeko gaitasuna duela adierazi du Waliñok eta hizkuntzen garapenari zuzenean eragiten ari zaiela: «Industria teknologikoko enpresa handiek ezarritako hizkuntza-politikak munduko hizkuntza handienak indartu eta gainerakoak baztertzen ari dira». Gaineratu du ingurune digitala «funtsezkoa» ari dela bihurtzen gizartearen eguneroko ekintza eta harremanetan, eta horregatik ezinbesteko dela «plataforma digitalek Europako hizkuntza guztien presentzia bermatzea beren tresna eta zerbitzuetan, Europako kulturak eta hizkuntzak zaindu, garatu eta iraunarazteko».

Bilatzailean gorabeherak

Joan den uztailean Puntueusek euskarak bilatzailearen emaitzetan jasandako atzerapausoa salatu eta gero, Googlek bere algoritmoak aldatu zituen. Ondorioz, euskarazko web edukiaren ikusgarritasuna nabarmen hobetu zen Fundazioaren arabera.

Puntueusek arazoa detektatu zuenean egindako azterketaren arabera Googlen bilaketa zerbitzuan euskara gaztelaniaren mesedetan diskriminatzen zen. Aztertutako laginaren emaitzen erdia soilik agertzen zen euskaraz lehen tokian.