NAIZ

Euskarak ikusgarritasuna berreskuratu du Googlen bilaketetan

Puntueus Fundazioak uztailean egindako salaketen ondoren, bilaketetan erabiltzen duen algoritmoa eguneratu du Googlek, eta ondorioz gure hizkuntzak galdu zuen ikusgarritasuna du berriz. Euskarazko emaitzen kopurua %73 dela baieztatu du. Uztailean kopuru hau %50ean zegoen.

Josu Waliño eta Lorea Arakistain Puntueus Fundazioko zuzendaria eta marketin arduraduna, iragan uztailean Donostian eman zuten prentsaurrekoan.
Josu Waliño eta Lorea Arakistain Puntueus Fundazioko zuzendaria eta marketin arduraduna, iragan uztailean Donostian eman zuten prentsaurrekoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Googlek Puntueus entzun du. Fundazioak euskara esparru digitalean lehen mailakoa izan dadin egiten du lan, eta azken hilabeteetan egindako ikerketa, lan zein hausnarketek, emaitza positiboak ekarri dituzte. Izan ere, Googlen bilatzailearen emaitzek euskarazko web edukien ikusgarritasuna denbora luze batez kaltetzen jardun ondoren, bilaketen emaitzetan euskarazko edukia lehen tokira itzultzea lortu dute.

Joan den uztailean Puntueusek euskarak bilatzailearen emaitzetan jasandako atzerapausoa salatu eta gero, Googlek bere algoritmoak aldatu ditu. Ondorioz, euskarazko web edukiaren ikusgarritasuna nabarmen hobetu da.

Fundazioak arazoa detektatu zuenean egindako azterketaren arabera Googlen bilaketa zerbitzuan euskara gaztelaniaren mesedetan diskriminatzen zen. Aztertutako laginaren emaitzen erdia soilik agertzen zen euskaraz lehen tokian.

Googleren erantzuna

Puntueusekek Googlen esku utzi zituen azterketaren emaitzak bilatzailean euskararen presentzia berreskuratzeko, eta bai lortu ere. Googlek ostiral honetan atera duen oharrean, bere bilatzailearen algoritmoa hizkuntzen tratamendu egokiagoa egiteko asmoz eguneratu duela azaldu du, Puntueus bezala bidelagun izan dituen erakundeen ekarpena eskertuz.

Gaur egun, Google bilaketetan euskarazko emaitzen %73 agertzen da lehen tokian.

Albiste pozgarria

«Pozgarria da Googlek interneteko euskal komunitatea entzun eta bere bilatzailean euskarari dagokion tokia berreskuratzeko urratsak egin dituela ikustea. Lanean jarraituko dugu euskara bilatzaileetan eta ingurune digitalean oro har lehen mailako hizkuntza izan dadin», azaldu du Josu Waliño Puntueus Fundazioko zuzendari nagusiak.

Euskarazko Wikipedian ere hobetu dira datuak. Duela bi hilabeteko emaitzei erreparatuz gero, Google bilaketetan Wikipediako euskarazko emaitzak %45 soilik lehenesten ziren. Algoritmoaren aldaketen ondoren, %80 dira lehen tokian agertzen diren euskarazko emaitzak.

Kezkaren eta ondorengo salaketaren abiapuntuetako bat Aliança per la Presència Digital del Català erakundeak egindako ikerketa izan zen. Albert Cuesta koordinatzaileak uztaileko prentsaurrean azaldu zuen bezala, bilaketak egiterako an Googlen algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean duen eragina aztertu zuten, eta 2022ko udaberritik aurrera, gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanez zeudenak zigortzen zebilela ondorioztatu zuten. Gaur, euskararen kasuan bezala, katalanak ere interneten zuen tokia berreskuratzeko aurrerapauso nabarmena eman du Googlek egindako eguneratzeari esker.