
Aspanovasek, minbizia duten haurren eta nerabeen Bizkaiko gurasoen elkarteak, Arreta Integraleko Espazioa eraikitzeko obrak hasi ditu, proiektua urteetan landu eta diseinatu ondoren. Honen helburua minbizia duten adingabeen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea da.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalaren eta elkartearen egungo egoitzatik gertu dago eraikitzen ari diren zentro berria, eta bertan haurren tratamendu onkologikoan laguntza fisikoa, emozionala eta soziala eskaintzeko diseinatuta dago.
Arreta Integraleko Espazioak adingabe bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzu espezializatuak izango ditu, besteak beste: ariketa fisiko onkologikoa, fisioterapia, logopedia, terapia okupazionala, yoga onkologikoa eta nutrizioa.
Gainera, zentroak arreta osoarekin konprometitutako profesional-talde bat izango du, tratamenduan sortzen diren zailtasun fisikoak, sozialak eta emozionalak azkar eta eraginkortasunez prebenitzeko eta tratatzeko. Izan ere, zerbitzu horiek eskaintzeko lanetan aritu da elkartea 1989an sortu zenetik.
«Urte askoren ondoren, funtsezko urrats bat eman dugu hainbeste itxarondako proiektu bat gauzatzeko. Zentro horretan familiak beren ongizatearen alderdi guztietan babestuta eta artatuta sentituko dira», adierazi du Maria Jose Martinez Senra Aspanovaseko lehendakariak.
Proiektua aurrera ateratzea posible izan da bazkideen, enpresa laguntzaile zein elkartasunezko erakundeen lankidetzari esker, eta udazkenerako prest egotea espero dute. Ausartak proiektuaren baitan kokatzen da zentrua.

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute Pantxoak eta Peiok ‘Azken dantza’

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles
