Igone Mariezkurrena
EMAKUMEAK PALESTINAN

Ikusezina ikusarazteko sei istorio

Palestinarren aurkako holokaustoa helburu progresibo gisa kontzebitu zuten, eta sionismoa pazientzia betez ari da ibarrez ibar, herriz herri, auzoz auzo eta etxez etxe bere proiektua gauzatzen. Inurri-lan suntsitzaile horrek baditu milaka egiteko manera. Batzuk, esplizituenak, murruez bestaldeko telebista eta egunkari orrietara iristen dira. Besteak, sotilagoak, gizarte palestinarraren zimenduak higatzen ari dira, hauek ez beste inor ohartu gabe. Eta gizarte palestinarraren oinarriei eusten, erresistentzian, emakumeak daude eta dabiltza; kultura arabiar-islamiarrak jagole, babesle, transmisore eta lotune rol tradizionala egokitu dielako, ondorengo-emaile eta familien baitako gidari baina menpeko figura aldi berean. Hain justu posizio horrek eta zenbait gaitzen aurrean duten zaurgarritasunak bilakatzen ditu Israelengandiko zeharkako indarkeria formen zuzeneko biktima, baita beste albo-kalte eta trauma kolektibo askoren azken hartzaile ere. Ikusezina ikusarazi nahi duten sei emakumezkoren istorioak dira hauek.

 

Arwa Zamarah (Halhul, 1970)

«Espetxealdiak erabat aldatu zuen Hamzah gure bigarren semea. Atxilotu eta 25 egunez eduki zuten isolatuta. Ez zigun inoiz kontatu zer egin zioten, baina epaiketa saioetan ikusten genuenean ozta-ozta altxatzen zuen burua. Hamalau hilabetez eduki zuten barruan, eta etxera itzuli zenerako beste norbait zen: ez zuen inorekin egon eta hitz egin nahi, isolatuta bizi zen». Zamarahtarrek otsailaren amaieran lurperatu zuten semearen gorpua. Israeldar soldaduek tiroz hil zuten hilaren 7ko goizean, haiek diotenez, Ariel kolono-asentamenduan sartu eta labanaz mehatxatu zituenean. «Nik ez dakit gure semea militar haiek zauritzen saiatu ote zen ala ez. Hala balitz, ulertuko nuke isolamenduan eta kartzelan haien eskuetan jasandako guztiagatik mendekua hartu nahi izatea. Baina, esadazu: labana bat besterik ez duen 18 urteko mutiko bat benetako mehatxua al da metrailetaz jositako soldaduen aurrean? Oinean tiro eginez erraz geldiaraz zezaketen. Hala erabaki zutelako hil zuten. Lekukoek bi tiroketa entzun zituzten, eta gorpuan lau bala aurkitu genituen, barruan lehertzen diren horietakoak: hiru gerrialdean, eta beste bat bihotzean. Pentsatzen dugu lehenengo bala-sortak zauritu zuela, eta laugarrenarekin hil zutela. Eskuin sorbalda bere lekutik aterata zuen, eta labankada bat ere eman zioten eskuin saihetsen artean. Hain gaztea zen... Zergatik?! Bigarren Hezkuntza bukatzekotan zegoen...», Arwak ezin dio negarrari eutsi. Armada israeldarrak hamar egunez bahituta eduki zuen Hamzahren hilotza, hozkailu batean. «Eman zigutenean –jarraitu du amak– izotz bloke bat zen, gogor-gogorra. Burua altxatu nahi izan nion kufija (palestinar zapi tradizionala) lepo inguruan jartzeko, baina...», ezin du jarraitu. «Gorpu batzuek hamar urte daramatzate hozkailu horietan –gehitu du senarrak–. Espetxealdian zehar hiltzen direnen hilotzak, esate baterako, kondena osoa bete arte bahitzen dituzte familiak zigortzeko. Ohiko praktika da, eta orain Israelgo Gobernua lege gisa erredaktatzen ari da gainera».

Hamasei urte zituelarik epaitu zuten Hamzah aurrenekoz, kale-istiluetan harriak botatzea leporatuta. Etxe barruko urtebeteko atxiloaldia ezarri zioten orduan. «Horrelakoetan, kalera ateraz gero zigorra bikoiztu egingo dela jaso ohi du epaiak. Baina umeak eta nerabeak dira, kanpora atera nahi izaten dute eta, finean, ama garenok arduratu behar izaten dugu bulkada hori erreprimitzeaz. Emakumeon izaera babeslea baliatuta, Israelek gure seme-alaben kartzelari bihurtzen gaitu. Kasu batzuetan beren asmoa betetzea lortu eta ama-umeen arteko harremana hausten dute, zuzen-zuzenean kolpatzen gaituzte. Eta hori zinez garaipen handia da proiektu sionistarentzat, badakitelako emakumeok garela gure familien sostengu nagusia eta, luzapenez, palestinar erresistentziarena».

 

 

Fayzeh Jousef (Aljanye, 1965)

«Biopsiak konfirmatu zuen ezker bularrean antzeman nuen koskorra minbizia zela. Mastektomia egin eta bi astera abiatu genuen kimioterapia Jerusalemgo Augusta Victoria ospitalean. Sei hilabete izan ziren, eta gero 20 erradioterapia saio jaso nituen, astero bost». Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioko aseguruak barne hartu zuen tratamendu osoa, urteko 1.000 shekel izaten dira (250 euro inguru). Zisjordanian bizi diren palestinarrek, baina, galarazia dute Jerusalemen sartzea, eta horrek sufrimendu erantsia dakar, Fayzehk bezala, halako gaitz baten aurka borroka egin behar dutenentzat. «Onkologoak txosten bat baino gehiago idatzi behar izan zuen Israelgo Gobernuak igarotze baimen berezia aitortu zidan arte. Ramallah hiritik ordubetera bizi naiz, baina maiz polizia kontrolak edo hesiak aurkitzen ditugu bidean, eta denbora bikoitza behar izaten dugu. Ramallahn Jerusalemera eramango ninduen autobusa hartzen nuen gero, bakarrik, nire senideek ez zutelako baimen berezirik. Izatez, 15 minutuko tartea da, baina Kalandiako checkpointa gurutzatzeak oso luze jotzen du beti, orduak izan daitezke. Minbizia nuela zioen fitxa medikoa erakutsi arren, autobusetik jaitsarazten ninduten beti, errenkadan zutik jarri, itxaron... gorputza ahul-ahul nuen, goragalea... sekulako jipoia zen saio bakoitzeko hori guztia pasatu behar izatea».

Nablus hiriko Najah Unibertsitate Ospitalean kimioterapia tratamenduak kudeatzen hasi dira berriki, gaixoei Zisjordaniatik atera beharrak dakarkien kalbarioa ekidinez. Erradioterapiak, ordea, debekatuta jarraitzen du, Israelgo Gobernuak segurtasun mehatxua ikusten duelako palestinarrek ekipamendu hauei eta erradiazioari eman diezaioketen erabileran. «Aparatu bakarra dago Jerusalemen, sekulako txanda-pilaketak egoten dira beti», dio Fayzehk ezintasunez.

Health Work Committees (HWC) erakundearen hainbat txostenek Armada israeldarrak lurralde okupatuetan isurtzen duen gasarekin lotu dute minbizi kasuen gorakada. Hanan Abu Gosh HWCko Emakumeentzako Programako burua da: «Gas toxiko honen konposizioa ezezaguna da. Baina esposizioak palestinarren osasunean eragiten duen kaltea frogatzen duten ebidentziak asko eta ukaezinak dira». Dr. Mahmud Sehwail psikiatrak, bestalde, irakurketa psikosomatikoa egiten du: «Urtero 1.200 kasu tratatzen ditut. Lurralde okupatuetan tortura airean arnasten da; harresiak, checkpointak, denbora/espazioaren gaineko kudeaketaren galera, desjabetzeak, indarkeria esplizitua, beldurra, ziurgabetasuna... Palestinarren %25ek estres post-traumatikoa dute (nazioarteko batez bestekoaren bikoitza), eta horrek eragin zuzena du maila somatikoan».

Fayzeh Jousefek partida irabazi dio gaixotasunari. «Orain, nire bizipenekin beste emakume batzuk indartzen ditut Ramallahko Dunia diagnosi zentroan. Eta ile-inplanteak egin nahi ditut; horretarako klinika berri bat zabaldu dute hirian».

 


Safaa’ Taiseer (Kalkilia, 1983)

Hamasei urte zituen ezkondu zutenean. «Behinola kalean ikusi ninduen, non bizi nintzen bilatu eta bertan agertu zen aitari nire eskua eskatzeko. Urtebeteren buruan izan zen ezkontza, 2000ko uztailaren 15ean. Orduan ezagutu nuen. Banekien ez zegoela atzera bueltarik, eta negarrez erregutu nion ikasketekin aurrera egiteko baimena. Gurasoen aurrean baietz erantzun zidan. Lehenengo gau hartan sexu harremanak edukitzera behartu ninduen. Esan nion ez nuela nahi, eta isiltzeko erantzun zidan, edozein emazteren obligazioa dela». Aurreneko jipoia bi hilabetera eman zion: «Bere herrira aldatu ginen, han ez nuen inor ezagutzen. Berak egun osoa etxetik kanpo pasatzen zuen, lanean edo amarenean, baina niri ez zidan uzten ateratzen, ezta inorekin erlazionatzen ere. Soilik gauetan ikusten nuen, ohean, ni behartzen. Ikasketak uztera derrigortu ninduen. Sekulako bakardadea sentitzen nuen, esan egin nion, eta masaileko batekin erantzun zidan. Gero ostikoka eta iletik tiraka hasi zitzaidan, iraintzen». Safaa’k gurasoenean bilatu zuen babesa, baina atzera bota zuten, bere emazte betebeharrak onartu behar zituela esanez. «Hasieran ni otzantzea lortu zuen, baina umeak eduki genituen (guztira lau) eta hauek ere jotzen hasi zenean jaiki nintzen berriz. Txikiak defendatzen nituen bakoitzean ematen zidan egurra, eta maiz etxe kanpora botatzen ninduen, pijama jantzita eta hijab-ik gabe. Auzokideek negarrez begiratzen zidaten, zaila da emakume islamiar batentzat umiliazio krudelagorik imajinatzea. Baina ez zuen inoiz inork deus egin». Inflexio-puntua orain dela urtebete iritsi zen, aitak seme zaharra ama jotzera behartu zuenean: «Beste askotan bezala, ama eta emazte txarra naizela oihuka zebilen, eta semeari agindu zion ni jotzeko. Eta egin egin zuen». Safaa’ Taiser-ek urtebete darama dibortzioa eskuratzeko bidean. Lanpostu bat lortu arte abokatuak ez dio dirurik eskatuko, eta gurasoen “etxe zaharrean” bizi da lau seme-alabekin. Ez daude bera bezalako asko; gizarte palestinarraren baitan oraindik ere tabu hermetikoa diren bi gaitz salatzeko gai izan baita, emazte ororen ustezko betebeharren aterkipean ezkutatu eta justifikatzen direnak: etxe barruko indarkeria matxista, eta bortxaketak. «Hamazazpi urtez errepikatu izan dit ezertarako balio ez duen emakumea naizela, baina ez diot sekula ere sinetsi».

Dr. Mahmud Sehwail psikiatraren aburuz, okupazio testuingurua emakumeen aurkako indarkeria-haztegi beldurgarria da, biolentoak are biolentoago bilakatzen dituelako: «Espetxealdiek bizi-proiektu asko eteten dituzte, mugitzeko askatasunik ezak lan-munduratzea zailtzen du, tentsioa itogarria da. Ondorioz, gizon askok frustratuta ikusten dute gizarte honek eurengandik espero duen rola edo betekizun-multzoa. Ezintasun horren aurrean, indarkeriaranzko joera dutenek etxean topatzen dute azken botere-gotorlekua, eta emakume nahiz haurrengan iraultzen dute euren frustrazio osoa».

 


Islam Jameel (Aida Camp errefuxiatu-eremua, Betleem, 1979)

Mohammad-ek adimen-urritasun larria du eta epilepsia krisiak jasaten ditu maiz. «18 urte ditu eta gero eta gehiago pisatzen du –dio bere ama Islam-ek, nekea begiradan duela–, senarrak etxetik kanpo egiten du lan, eta nik bakarrik ezin dut behar bezala zaindu». Beste lau seme-alaba dituzte, eta Betleemgo Aida Camp errefuxitu-eremuan bizi dira. 2010ean, antzeko egoeran zeuden hamahiru emakume elkartu eta Noor Women’s Empowerment Group taldea sortu zuten. «Atzerritarrentzat palestinar sukaldaritza tradizionala ikasteko tailerrak antolatzen hasi ginen, errezeta-liburuak ere argitaratu genituen, eskulanak egin eta saltzen ditugu, errefuxiatu-eremua ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen ditugu... pixkanaka eta Europako hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin dugun lankidetzari esker ere, eskola eta eguneko zentro berezitu bat martxan jartzea lortu dugu». Fisioterapia, psikomotrizitate eta estimulazio saioei esker, Jomana Zboun gizarte langilearen arabera, izugarri hobetu da artatzen dituzten 125 ume eta helduen bizi-kalitatea. «Tamalez –dio–, susmoa dugu etxe askotan oraindik seme-alabak ezkutatuta dituztela, zaintza egokirik gabe edota baztertuta». Horienganako estigma soziala handia omen da eta: «Errefuxiatu-eremu barruko gizarte itxi honetan, komunitateak gaitz-eramaile bezala seinalatzen ditu, eta familia hauetako alaba osasuntsuek ondorengo desgaituak emango dituztela sinesten dute. Horregatik, lan sozial nekeza baina pozgarria egiten ari gara ezjakintasunari aurre egin eta bizilagunak elkarrengana hurbiltzeko».

Bazil eta Amal Abdarrahman anai-arrebak gurpil-aulkian eta bakarrik bizi dira. Muskuluak kaltetzen dituen endekapenezko gaitza heredatu zuten, lehengusu arteko ezkontza tradizionalen ondoriozko odolkidetasunak eraginda. Kexu dira, UNRWAk (Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia) kudeatzen duen errefuxiatu-eremuan bizi arren auzokideen borondate ona besterik ez dutelako jasotzen. Islam Jameel bera goizero joaten da Abdahrrahmandarrenera, Bazil nahiz Amal ohetik altxatu eta gurpildun aulkira pasatzeko. Gauetan bere ahizpa Eisrah hurbiltzen da justu kontrako maniobra egiten laguntzeko. «Aida Camp-eko kaleak eta etxeak mugikortasun oztopo itzela dira bere horretan. Bestalde, harresi artean bizitzeak senidearteko ezkontzak sustatu ditu urte luzez; okupaziotik salbatutako jabetza apurrak familiaren baitan gera daitezen bilatu izan du jendeak. Zorionez, gero eta gazte gehiago ateratzen dira kanpora ikastera, eta horrek harreman eta bikote berriei bidea eman die», dio itxaropentsu Jomana Zbounek.

 


Dima al Wawi (Halhul, 2004)

Hamabi urte zituen 2016ko otsailaren 9an atxilotu eta lau hilabete eta erdiko kartzela zigorra ezarri ziotenean. Familiaren lursailera bidean, Karmei Tzur asentamendu judua gurutzatzen ari zela, kolono familia baten segurtasun-agente pribatuak geldiarazi zuen pistolarekin apuntatuz. «Buruz behera etzanarazi ninduen, eskuak bizkarrean lotu eta hanka gainean jarri zidan zoruaren kontra presioa eginez. Berehala 20 bat soldadu agertu ziren, eskuz nahiz makinekin txekeatu ninduten, begiak estali zizkidaten eta ostikoka hasi ziren. Gero ibilgailu batean sartu ninduten oinak ere lotuta. Barruan dena zen metalezkoa, oso hotz zegoen, eta aire girotua ere hotza zen. Joka jarraitu zuten, eta hebreeraz hizketan. Ez nien ezer ulertzen». Mandela Asociation elkarteak gerora salatu duenez, Dimari asentamendu barruko polizia-etxean bertan egin zioten galdeketa, bere abokatuaren presentziarik gabe. «Denak gizonak ziren eta goizetik gauera arte aritu zitzaizkidan oihuka galdezka. Bizitza osorako kartzela zigorra ezarriko zidatela esaten zidaten behin eta berriz». Labana bat eramatea leporatuta, Haifan giltzapetu zuten, etxetik 200 kilometrora. Amaren bi bisita besterik ez zizkioten baimendu, eta 7.200 shekeleko fidantzapean askatu zuten (1.800 euro).

Dima al Wawiren kontaketa ez da gehiegi aldentzen beste adin txikiko palestinar askoren esperientzietatik, eta ezarri zioten kondena antzeko beste kasu batzuetan baino samurragoa izan zen. Hedabideek titular borobilak behar dituzte, ordea, eta Dima inoizko preso politiko palestinar gazteena zen. Hala, adingabe palestinarren aurkako errepresioa (330 daude giltzapean) fokupean ipintzeko balio izan zuen. Ezezagunagoak dira, aldiz, espetxealdiak gaztetxoengan eta bereziki neskatoengan eragiten dituen ondorioak.

Razan Jobeh abokatua da, Palestinako Aginte Nazionaleko Presoentzako Komisioko Mohammad Mahmood abokatuaren kabinetean egiten du lan eta, hortaz, ehunka kasu jarraitzen ditu gertutik: «Mutikoentzat kasik igarotze-erritu bilakatu da kartzelatik pasatzea, eta etxera itzultzen direnean komunitatearen begirune osoa jasotzen dute. Neskatoekin ez da guztiz horrela gertatzen. Gurea bezalako gizarte arabiar-islamiarretan ohorea funtsezko balioa da eta, neurri handi batean, neskei dagokie familien ohorearen jagole eta gordailu izatea. Espetxetik pasatako neska ez dute baztertuko, baina, ahal den neurrian, ingurune hurbila gertatutakoa estaltzen saiatuko da, oharkabean pasa dadin. Preso egondako emakume helduen kasuan, zigor soziala gogorragoa izan daiteke, eta jaso ditugun testigantza batzuen arabera, zenbaitetan familia apurtu izana edota seme-alabak eta senarra abandonatu izana leporatzen diete auzokoek». Indarkeria israeldarrak eta auzo-zigorrak irudikatzen duten mehatxuaren aurrean, gurasoek jarrera protekzionista hartu ohi dutela dio Razan Jobehk: «Aitek neskak gero eta gazteago ezkonarazteko joera indartzen ari da; horrek eskola uztea eta bizitza etxe barruko espaziora mugatzea dakar».

 


Xireen Nazal (Ramallah, 1978)

Birzeit-eko Unibertsitatean injinerutza ikasten ari zela ezagutu zuen gaur egun bere senarra dena, Salah Mohammad Husein. «1998a zen, bera espetxetik atera berria zen bi urteko kondena bete ostean, eta ni preso ohiei babesa ematen dien talde batean boluntario nenbilen. Ez genuen astirik izan ezer ofizialtzeko, 2000. urteko irailean, Bigarren Intifadak eztanda egitearekin batera, ihesi atera eta kasik hiru urte pasatu zituelako ezkutatuta, harik eta 2004ko abenduan tiroz zauritu eta atzeman zuten arte. Handik hiru urtera iritsi zen epaia: hamabost urteko kartzela-zigorra. Bitarte horretan, epaiketa-saioetan eta urrutitik bakarrik ikusi ahal izan genuen elkar, baina keinuka adierazi zidan nirekin ezkondu nahi zuela». Xireenek bi urte behar izan zituen aita konbentzitzeko: «Salah estimatzen zuten, baina oinazetik eta bizitza are zailago batetik babestu nahi ninduten. Oso gogoan zuten nire anaia hamar urte luzez eduki zutela espetxean, eta libre atera bezain pronto erail zutela». Paperekin batera eskuratu zuen bisita baimena, 2010ean. Orduz geroztik sei hilabetean behin ikusten dute elkar, kristal batek bereizita eta interfono bidez. «2012an ume bat eduki nahi genuela erabaki genuen. Esperma kartzelatik ateratzea lortu eta 12 ordu eskasera klinikako hozkailuan zegoen. Hilabetera xiringatu zidaten eta, zorionez, lehenengo saiakeran geratu nintzen haurdun! Zesarea bidez edukitzea aukeratu nuen, ez nuelako nahi okupazioak nire birjintasuna lapurtzerik. Aita-semeek ezin dute elkar ikusi, ofizialki ez direlako senitarteko, baina eskutitzak idatzi eta irakurtzen dizkiet elkarri, argazkiak erakutsi, detaile txikienak ere kontatzen dizkiet. Senarraren gurasoak oso zaharrak dira, baina umea asteburuero eramaten dut haienera».

Kideetako bat giltzapean egonda ezkon-hitza eman (eta ezkondu) den lehendabiziko bikote palestinarra osatzen dute, beste askori bidea zabaldu diena. Bi urte barru kartzela-zigorra betea izango du Salahk. 20 urte elkar ukitu gabe. 20 urtez, beste makina bat emakume palestinarrek bezalaxe, Xireenek hartu du bere gain familia-proiektua eraiki eta bizirik mantentzeko ardura. «Ziur aski, honek ez luke funtzionatuko ni ekonomikoki independentea izango ez banintz, ezta Salah eta biok konbentzimendu berbera sakon sustraituta edukiko ez bagenu ere: okupazioak ez digu galaraziko geure bizitzen gidari izatea».