Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Fokuetatik kanpo

Bageunden ama eta biok egungo jendartearen nolabaiteko erretratua agertzen duten film horietako bat ikusten. Besteak beste, emakume eta gizon gazte banak osaturiko bikote bat ageri zen, maiteminduak, dirudunak, etorkizun zoriontsua aurretik. Ez zirudien apartekorik zutenik, baina bat-batean, afalorduan, emakumeak zerbait esan eta gizonak burua platerean sartzen dio, izugarrizko indarkeriaz… berehala eskua lepondotik kendu eta barkamena eskatzen hasten zaio, damututa, torturatuarena ez eta torturatzailearen zama garratzaz. Tori nahi baino eszena errealistagoa. Susto ederra hartu genuen, espero ez genuelako-edo. Bigarren aldian, amak ia garrasika galdetzen zion neskari: «Baina-baina zergatik zaude hor?». Zergatik egoten dira, bada, egoten direnak? Horixe da jendartearen gehiengoak, barne-barnean, bortizkeria matxista jasaten dutenei oraindik ere ulertu ezin diena: zergatik egoerari euste hori, zergatik beren burua defendatzeko ekintza eza, zergatik halako otzantasun duineza.

Zalantza barik, zaila da konprenitzea halakotik urrun bizi denaren ikuspuntutik, harreman osasungarriak eraikitzen dakienaren ikuskeratik. Errazagoa da betiere, urruntasunaren erosotasunetik, autoestimua urratu gabe duenaren babeslekutik, arrotza eta ulergaitza epaitzea eta, gehienetan, kondenatzea, enpatia garatzeko eta jokabideen erroak bilatzeko ahalegin nekeza egitea baino.

Zer esanik ez kolektiboki; beraz, diskurtso ofizialetan eta iritzi publikoetan sumatuko ez badugu ere, biktimen gaineko nolabaiteko aurreiritziak, «nahi duelako aguantatzen du» maltzur horrek sustraituta jarraitzen du oraindik gizon zein emakume askorengan; gazteengan ere bai, indarkeria jasateari uzteko baliabideak egun mugagabeak nahiz unibertsalak direlakoan, emakumeen babesa –zentzu guztietan– inoiz baino handiagoa delakoan.

Sentsazio horren pean bizi gara. Are gehiago hauteskunde-garaian, alderdi guztiek emakume osoaren banderari tinko helduta; behintzat, indarkeria matxistaren arloan, horixe falta genuen-eta. Geure eskubide osoei dagokienez, ostera, bortizkeria hori jasaten duten emakumeekiko sentipen ezkutuarekin bezala gertatzen da fokuetatik kanpoko errealitatean: gehiegik eusten diote oraindik sexu ahula egoteko nahiari, legeetan eta erabaki politiko eta ekonomikoetan gauzatzen dutena, emakumeak eta geure arazoak etekinak irabazteko tresnatzat jota.