Jon LEUNDA
KIROLA

Erasunek eta Larretxeak aurrera egingo dute

Bi aizkolari nafarrek Joxemari Olasagasti eta Ugaitz Mugertza mendean hartu zituzten Elgoibarren.

Donato Larretxea eta Ander Erasun sailkatu dira Urrezko Aizkorako finalerdietara, Elgoibarren aurreneko bi postuak eskuratuta. Ugaitz Mugertza eta Joxemari Olasagasti izan dira kanpoan geratu diren aizkolariak.

Bi fasetan banatuta aritu ziren. Aurrenekoan, hasteko eta behin, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren. Jarraian, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki zuten, eta azkenik, bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen bakoitzak.

Erasun eta Olasagasti elkarren aurka neurtu ziren. Kolpekakoan,  35ean bota zuen enborra nafarrak, eta igeldotarrak, 41ean. Erlojuz kontrakoan 50ean bota zuen enborra Erasunek, eta segundo bat gehiago behar izan zuen Olasagastik. Bi kana-erdikoak, berriz, 4 minutu eta lau segundoan amaitu zituen nafarrak, eta bost minutu eta 16 segundo behar izan zituen Igeldokoak. Denera, lan guztiak burutzeko, bost minutu eta 29 segundo behar izan zituen Erasunek, eta sei minutu eta 48 segundo Olasagastik.

Beste neurketan, Larretxeak irabazi zion Mugertzari. Nafarrak, kolpekakoan, 33an ebaki zuen enborra, eta bat gehiago behar izan zuen Mugertzak. Erlojuz kontra, 40 segundo behar izan zituen Larretxeak, eta zazpi gehiago, Mugertzak. Azkenik, 3 minutu eta 44 segundoan amaitu zituen bi kana-erdikoak Donatok, eta Mugertzak, berriz, 4 minutu eta 27 segundoan. Lan guztiak amaitzeko, 4 minutu eta 57 segundo behar izan zituen Donatok, eta 5 minutu eta 48 segundo Ugaitzek.

Bigarren fasea

Bigarren fasean, multzo bakoitzeko aurrenekoek bigarrengoen aurka neurtu behar izan zituzten indarrak. Aizkolari bakoitzak, gainera, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Neurketa batean, Ander Erasun eta Ugaitz Mugertza izan ziren aurrez aurre. Saio polita izan zen, baina nafarra aurrea hartzen joan zen, eta amaieran 45 segundo pasako aldearekin lortu zuen garaipena. Aurtizko aizkolariak 14 minutu eta 31 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko, eta 15 minutu eta 16 segundo, berriz, Ugaitz Mugertzak.

Beste saioan, aldiz, Donato Larretxea eta Joxemari Olasagasti lehiatu ziren, eta bi horiek aurreko biek baino dezente denbora hobeak egin zituzten. Donatok bere egin beharrekoak 11 minutu eta 15 segundoan egin zituen, eta Joxemarik, aldiz, 13 minutu eta 42 segundoan.

Ondorioz, Larretxea eta Erasun sailkatu ziren. Postuak finkatzerakoan, eta sailkatu ziren bien artean aurrena zein eta bigarren nor erabakitzeko, denborak hartu ziren kontuan, eta horrenbestez, Donato Larretxea pasa zen aurrera aurreneko bezala, eta Ander Erasun, bigarren bezala. Larretxeak itxura bikaina eman zuen.

Aurreikuspenak bete egin dira Bilbon

Alberdi eta Otaño sailkatu dira 23 urtez azpikoen Urrezko Aizkorako Txapelketan. Herenegun Bilbon jokatu zen saioa, eta hemen ere bi multzotan banatuta neurtu ziren hasieran. Hasterako, aldaketa bat izan zen, gainera, bertan aritzekoa zen Oier Kañamares ez baitzen jardun min hartu zuelako, eta bere ordez Etxeberria II.a joan zen. Aurreneko fasean, bi multzotan banatuta neurtu ziren. A multzoan, Alberdi izan zen aizkolaririk onena, Eneko Otañoren eta Larrea III.aren aurretik. Bestean, Etxeberria II.a izan zen nagusi Naredoren aurretik.

Bigarren fasean, multzo bakoitzeko aurrenekoak bestekoen bigarrengoen aurka aritu ziren. Alberdik oso erraz hartu zuen mendean Naredo asturiarra, bi minutu aterata, eta Eneko Otañok ere beste horrenbeste egin zion Etxeberria II.ari, minutu bat aterata. Azkoitikoak eta Beizamakoak finalerdiak jokatuko dituzte, Vicente II.arekin eta Eneko Saralegirekin batera.   J.L.