Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Egon badagoen mundua

Bistan da kirolaren arloa pixkanaka baina tinko feminizaziorantz ere badoala, pozez egiazta dezakegu emakumeen parte-hartzea areagotu eta zabaldu egin dela. Egungo neskatilek izan dezakete erreferentziarik maila gorenetara begiratzen jarriz gero, nahiz eta oraindik gehiegi arakatu beharra egon horiek topatzeko. Baina, behintzat, izan dezakete itxaropenik eta, hortaz, borrokatzeko motibaziorik, hamazazpi urteez harago kirolari izaten jarraitzeko. Ez baita alferrikakoa izan duela hamarkada gutxi batzuk hasitako lana, emakumezkoen kirolaren sustapena eta finkapena, eta uzta oparoa ematen ari delako han-hemenka, gimnasia erritmikora edo igeriketa sinkronizatura mugatu barik.

Falta da, ordea, kluben eta federazioen barruan normaltasunez eta seriotasunez egiten den ahalegin hori, neskek beren lekua eta garapena izan dezaten, normaltasun eta seriotasun berberaz aintzat hartzea horietatik kanpo ere. Gutxienez ondo egindakoen oihartzun zabalagoa eta, anekdotaz harago, adeitsuagoa. Izan ere, beti susmatu dut hainbeste futbolzale egoteko arrazoi hutsa dela nahi ala ez nahi txikitatik itsasten zaizula azalera, telebistan etengabe ematen dutelako, inguruan ohiko elkarrizketa delako, norbere inguruneko osagai bat gehiago delako. Finean, taldeen sufrikarioak eta pozak ezagutu eta, azkenean, horiek partekatzera jotzen delako. Ezagutzen ez denera, berriz, nola zaletu? Nola miretsi eta maitatu begien bistan bost segundoz izan duzuna?

Duela gutxi, Amaya Valdemoro saskibaloi-jokalari ohiari egin zioten elkarrizketa bat ikusi nuen telebistan (aparteko artikulua merezi du solasaldi horren nolakotasunak, penagarria). Ez nuen arrasto-izpirik nor zen emakume hori, eta emakume horrek orain arteko bizitza eskaini izan dio saskibaloiari, emakume hori kirol horren gailurrera iritsi izan da, NBAren Olinpoan aritu da, hainbat Olinpiadatan, garaipen kontaezinak lortu ditu, buruzagi irmo eta grinatsua izan da… historiako saskibaloi-jokalari espainiar onentzat jotzen dute, alajaina!

Hala eta guztiz ere, nik ez nuen ezagutzen, ez zidan ezertxo ere esaten izenak sikiera. Jokalari onenaren aurrizkia «emakumezko» izateak eragiten du hori. Oinarrietan garatzen ari den lanari gailurrean merezi duen tokia ukatzeak eragiten du hori, eta guztiz onartezina da. Konpontzen hasi beharrekoa, besteak beste, gazteei ezkutatu egiten zaizkielako horrela jorra litzaketen bideak, egon badauden munduak.