Iraia OIARZABAL

URRETXU-ZUMARRAGA HAIN GERTU, HAIN URRUN

Urola ibaiak banatzen dituen bi herri hauetan fisikoa baino nabarmenagoa da banaketa administratiboa, gertu egonagatik ere asko baitira Zumarragak eta Urretxuk partekatzen ez dituzten zerbitzuak. Maiatzaren 24rako egungo alkateek, PSEkoak Zumarragan eta EH Bildukoak Urretxun, hautagaitza errepikatzen dute, hasitako lanari segida emateko asmoz. Batak zein besteak bultzatutako ereduetan, ordea, aldeak nabarmenak dira.

Urteak daramatza PSEk Zumarragako Udalean agintean. Alderdiak Gipuzkoan duen alkatetza bakarrenetako bat da, Eibar eta Irungoarekin batera. Mikel Serrano egungo alkateak, zehazki, zazpi urte daramatza udal gobernua gidatzen eta aro horretan egindako lanari jarraipena emateko asmoz eutsi dio hautagaitzari. Alabaina, balantza aldatzetik gertuago egon daiteke oraingoan, batik bat biztanle kopurua jaitsi izanaren ondorioz udal batzordeko eserleku kopurua 17tik 13ra pasatuko delako. Horrek, Irabazi-ren presentziarekin batera, zuzenean eragin diezaioke alderdien arteko indar korrelazioari.

Herria eta politika bera kudeatzeko beste era bat aldarrikatu du oposizioak bukatzear den legegintzaldian. EH Bildu izan da eredu berri baten beharraz indartsuen jardun duena, herritarren parte hartzea erdigunean jarriz, «nolako Zumarraga» nahi duten erabaki eta modu aktiboan horren eraikuntzan jardun dezaten.

Horixe izango da, hain zuzen ere, hauteskunde kanpainako gako nagusietako bat. Udalak azken urteetan hartutako erabakiek hainbat balio galtzera eraman dituela uste du oposizioko talde nagusiak, euskara eta kulturarekin lotutakoak batez ere.

Aldi berean, polemikaren erdigunean egon diren eta dauden zenbait arazo sakontasunez landu ez izana leporatzen diote Serranori. Arcelor Mittal multinazionalak Zumarragan duen lantegian sortutako gatazka da horietako bat. Ateak ixteko asmoaren berri eman zuen abuztuan, herriko eta eskualdeko ekonomiak astindu gogorra jasotzeko arriskuarekin. Gatazka akordio bat sinatuta itxi bazen ere, herritarren artean ez da erabat amaitutako atala, hitzarmenaren baldintzak zalantza sortzen baitu askoren artean.

Kutsadura da herritarren kezka pizten duen gaietako beste bat. EAEko kutsadura maila handienetakoa du udalerriak eta horren aurrean neurri eraginkorrak hartu ez izana eta behar adinako erabakitasunik erakutsi ez izana ez dute begi onez ikusten.

Gabezia horiei guztiei aurre egiteko herritarrei entzutea lehenengo urrats bezala kokatzen du EH Bilduk, ezinbestean. Politika egiteko eredu «zaharrak» alboratu eta herrigintzari heldu nahi dio koalizioak herritarren esku hartzearekin batera, horien kezka eta behar nagusiak asetzeko. Ildo bertsuan agertu ditu bere asmoak Irabazik.

Emaitzen esperoan, azken urteetako joerari benetako aldaketa emateko aukera sumatzen hasia da eta, ematekotan, giltza koalizioaren eta Irabaziren eskuetan egongo dela.

Urretxun, gutxiengotik irten

Abiapuntua berdintsua badute ere, hots, hasitako lanarekin jarraitzea, egoera desberdina da Urretxukoa. Oihane Zabaletak (EH Bildu) bere burua aurkeztu du berriz alkate izateko, berak aitortzen duenez, aurtengo legealdia erraza izan ez bada ere. Gutxiengoan gobernatzeak sortzen dituen mugak desagertzea nahiko luke koalizioak, eta, horretarako, boto kopurua handitu edo beste indar batzuekin akordioa lortzea izango da gakoa.

Egoera ekonomikoak ere eragin dio Udalaren jardunari, eta ez onerako. Krisiak eragindako arazoei erantzutea izan da helburu nagusietako bat, beste eredu ekonomiko bat eraiki behar dela abiapuntu hartuta. Horretarako Urola Garaiko Garapen Agentziarekin eta Lanbide Eskolarekin eskuz eskuz aritu da, indargune eta bide berriak bilatzen.

Zailtasunak zailtasun, kudeaketa ereduan emandako aldaketarekin pozik dago udal gobernua. Parte hartzearen filosofiari heldu eta praktikara eraman du azken lau urteetan. Urretxuko industriagune abandonatu batean garatzen ari diren parte hartze prozesua da horietako bat. Maila txikiagoan ere, azpiegituren arloan batik bat, herritarren hitza izan dute oinarri erabakiak hartzeko garaian. Eredu horri eutsiz, auzoetan bizilagunekin elkartzeko ahalegina egin dute, euren kezkak azalera ditzaten.

Datorren legegintzaldian bide horretan sakontzea da asmoa. Eta horretarako ezinbesteko bi aldagai daude: Udalaren inplikazioa eta herritarren partetik aldeko jarrera. Izan ere, oposizioko taldeek aurreko legegintzaldian erakutsitako jarrerak, zenbaitetan eredu horren aurka eginez, ez du bidea erraztu. Horregatik, hain zuzen, erabakigarria izango da eserlekuen banaketa eta gobernuaren osaketa, zein eredu gailendu den mugatuko du eta.

Bi herrien arteko lankidetza

Desberdintasunak desberdintasun, bada gainditu gabeko ikasgai bat bi herriak inplikatzen dituena: Zumarraga eta Urretxuko udalen arteko lankidetza. Banaketa fisikoa ia sumatzen ez den arren, eguneroko jardunean nabarmena da bereizketa. Zerbitzuen kudeaketa bateratu batek, arlo guztietan ez bada ere, eraginkortasuna eta erraztasunak ekarriko lituzkeela uste dute askok.

Harremanak sendotzea izango da, hortaz, mahai gainean jarri eta eztabaidatu beharreko gaietako bat.