Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute
Bizkaia pilotalekuaren esleipenak palaren krisia areagotu dezake. Iaz greba abiatu zuten zortzi pilotariek babestutako eskaintzari gailendu zaio «Giroa Baiko Eragin», eta horrek Innpalako egungo koadroaren bidez ustiatuko du pala. Koadroan dauden bederatzi pilotarietatik zortzik ekainean egin zuten debuta, grebarako eskubidea urratuta.

Esteban Gaubekak (Armintza, 1977) 24 urte egin ditu profesionaletan eta atsekabez bizi du palaren egungo egoera. Banakako txapelketa sei aldiz irabazita eta Binakakoan beste hiru txapel eskuratuta, gertutik bizi izan du palaren gainbehera. Testuinguruan jartzeko datuak ere eskaini ditu. 2011n 22 pilotarik osatutako koadroa zegoen. Orduan sortu zen Innpala, urte berean inauguratutako Bizkaia pilotalekua kudeatzeko esleipena Giroa Baiko Eragin aldi baterako enpresa elkarteak (ABEE) eskuratu geroztik. Urtebete geroago, koadroa 12ra murriztu zen, soldata jaistearekin batera, eta 2013az geroztik, 10 palistaz egon da osatuta Innpalaren koadroa.
Amorruz eta tentsioz beteta bizi dute egoera Iñaki Urrutia (Armintza, 1994) eta Jagoba Madariaga (Armintza, 2000) herrikideek. «Kokoteraino gaude», dio aho bizarrik gabe Madariagak. Armintzan badago palaren harrobia, hazten doala ere ikusten dute baina icebergaren puntan dagoen «txiringitoak» ez du ahalbidetzen osotasunezko hazkuntza bat ematea. «Gu eskuzabalak izan gara ez dugulako irabazi pertsonalen arabera jokatu; irabazi pertsonalak lehenetsiko bagenitu, ez ginateke inorekin lerratuko eta jokatzen jarraituko genuke», dio Urrutiak. Asier del Riok (Lezama, 1998) erakunde publikoek pala alboratu nahi izana jarri du erdigunean.
Lau palistok Bilbo erdigunean batu dira GARArekin -Sociedad Bilbainaren egoitzan-, Enaitz Olaetarekin batera. Olaeta Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzako presidentea izan zen, eta, orain, palaren lehen lerrora egin du jauzi Bizkaia pilotalekuko kudeaketaren esleipenean parte hartuz. Bi urtez esleipena atzeratu ostean -tartean Innpalako palista profesional gehienek greba gogor bat aurrera eraman zuten-, Iñaki Urrutia «itxaropentsu» agertu zen urte bukaeran hedabide honi eskainitako elkarrizketan. Greba egin zuten zortzi palistak KTD ABEEarekin lerratu ziren, «palaren onerako» zela ulertuta. «Lur jota dago Urrutia, Banakako azken txapelduna (2025eko urtarrilean).
ESLEIPEN KORAPILATSUA
Duela urtebete kondizio hobeak eskatzeko planto egin zutenetik, egoera erabat aldrebestu zaie. «Galdutako urtea izan dela esan genezake», dio Gaubekak. Tartean eraman zuten «poz» txiki bat ere, Jose Ramon Garaik -Innpalaren jabeak eta Bizkaia pilotalekuaren kudeaketa zeukan enpresaren jabeak- esleipen berrira aurkeztuko ez zela iragarri zuenean. «Nik oraindik gordeta daukat oharra», esan du Madariagak, mugikorrean Gaubekak erakusten duen bitartean. Beteranoenak, halere, susmatu zuen gezurra izango zela.
Hain zuzen ere, hortik dator azken asteetako zalaparta. Jose Ramon Garai buru duen Giroa Baiko Eragin ABEEari eman baitzaio Bizkaia pilotalekuko kudeaketa, hiru urterako -bi urtez luzatzeko aukerarekin-. KTD ABEEak aurkeztutako eskaintza ekonomikoa «anormaltzat» jo zuen Bizkaiko Aldundiaren barnean dagoen Azpiegiturak sozietateak, «gutxiegi» izateagatik. Esleipeneko pleguetan aurreikusitako aurrekontua baino %44 txikiagoa dela argudiatu zuen Aldundiak eta beste eskaintzak egindakoa baino %37 murritzagoa -milioi pasatxo aurkeztu zuen Garaik; 708.000, Olaetak-.
Argibide SL kanpoko aholkularitza zerbitzuak aztertu zuen KTDren justifikazioa eta aurkeztutako datuak «eskasak» zirela iritzi zuen. Modu horretan, KTDren eskaintza, «nahiz eta irabazle suertatu» baztertu egin zen eta Giroa Baiko Eragin ABEEarentzat izan zen esleipena. «Kontua da proiektuaren arloan lau puntu atera zizkigula Garairen eskaintzak eta guk, horri buelta emateko, arlo ekonomikoan ‘murrizketa arriskutsua’ delakoa aplikatu behar genuen, 4,1 puntu eskuratzeko. Egin genuen eta justifikatu genuen, puntuz puntu. Halere, aholkularitza zerbitzuak, orrialde bateko txosten batean, ebatzi zuen justifikazioa oso mugatua dela. Bestalde, kritikatu nahi dugu inondik inora ez dela konparatu ea zergatik beste eskaintza baden bideragarria».
Olaetak nabarmendu du justifikazioan txertatutako datu asko Nafarroa Arenako gastuetan oinarrituta daudela eta bere kalkuluen arabera, gastu eta irabazien arteko balantzea eginda, %15-20ko marjina ateratzen zitzaiola. «Gastu batzuk laguntza publikoen bitartez ordaindu ahal dira, baina gero enpresak -horregatik da enpresa pribatuaren kudeaketa- mugitu beharko du, jende gehiago erakartzeko, leihatilan irabaziak handitzeko, babesletzak lortzeko...».
Esleipena aurkeztu zenetik, Olaetak bi helegite jarri zituen. Batetik, esleipena hiru lotetan banatzeko (segurtasuna, garbitasuna eta ustiapena) eta bestetik, haztapenak zuzentzeko. Biak irabazi zituen. Orain, arlo ekonomikoko ebazpena ezagutu ostean, bide guztiak urratuko dituela aurreratu du.
2011ra arte, Bilboko Deportivon jokatzen zen pala eta nolabaiteko berregituraketa baten ondorioz, Bizkaiko Aldundiak palara bideratuko zituen dirulaguntzak Miribillako pilotalekuko esleipenean txertatu zituen. Geroztik, baldintzen artean dago gutxienez, palako 40 jaialdi antolatzea, besteak beste.
ERAKUNDEEN BABES FALTA
2011ko esleipena eta 2018koa konparatuz gero, urteroko kantitatea 300.000 euroan handitu zen, palisten kondizioak eskasten ari ziren bitartean. Hilean, batez beste, 600 euro kobratzen zuten. «Nik LGS kobratzen nuen eta beraz, ez nintzen okerren zegoena», dio Gaubekak, bere apaltasunarekin.
«Pala ez da ganoraz ustiatu beste interes batzuk gailendu direlako. Urtean milioi eta erdi eramaten zuen kudeatzaileak dozenaka partida antolatu ditu Miribillako ateak itxita eta Aldundiak ez du jarraipenik egin», diote kexu. «Hori bai, gero azken Nazioen Ligan pozik ikus zitezkeen Aitor Esteban eta jendea, abertzaletasunaren defendatzaile gisara, baina, gero, hemengo kirol bat babesterako orduan, palako gatazka bideratzeari iskin egiten...», haserretu da Del Rio.
Innpalaren koadro sasiprofesionala da gatazkaren beste hari mutur bat. Jose Ramon Garaik eskualdatu egin zuen zortzi palistek greba abiatu zutenean. Josu Urkijok eta Dan Necolek hartu zuten ardura, eta ekain eta uztail bitartean, pilotariak greban zeudela, bederatzi pilotari gaztek egin zuten debuta. Horiek osatzen dute Innpala, Necolekin batera, eta koadro hori izango da erreferentzia Miribillako pala jaialdietan, Giroa Baiko Eragin ABEEak zehaztu bezala. Horien maila, aldiz, oso urrun dago Urrutia, Fusto, Gaubeka, Gordon, Madariaga, Alkorta, Perez, Maldonado eta Del Rio palariek dutenetik.
Koadroaren eraberritzea baloratu eta palaren egungo egoeraren ikuspegia kontrastatzeko Innpalarekin kontaktuan jarri da hedabide hau, baina ez dutela hitz egingo adierazi dute. «Atzo bertan [herenegun] partida bat jokatzeko deitu didate, ez dakit zein mundutan bizi diren», dio Madariagak. Urrutiak espero zuen horrelako deiren bat egingo zutela, batez ere gazteei, «terrenoa markatzen» joateko: «Beraiei ere interesatzen zaie onenak edukitzea». Madariagak ikusi ditu zenbait partida, gainontzekoek ez.
Greban egon ziren palisten batasuna, ordea, indartsua ari da izaten. Ez zaie beste erremediorik geratzen. «Haserreak zerbaitetarako balioko» diela ere espero dute. Ez dira damu planto egiteagatik, «hartu behar zen erabakia zen, gaizki tratatuak izan gara urte askoan. Akaso galdu egin dugu, baina urrats hori egin behar zen», iritzi du Gaubekak. Aurre hartu dio Del Riok, ez baitu uste galdu dutenik: «Agerian geratu da Bizkaiko Aldundiaren jarrera; hemengo kirolak bost axola dio eta argi esan behar da hori». Aldundiak ez zuen bideratu nahi izan aurreko urteko lan gatazka, egoera muturrera eramaten utzi zuen: «Ez gurekin ezta ELAren bitartez ere, Aldundia ez da guregana hurbildu».
Palarengatik kantxan -eta halabeharrez, baita kantxatik at ere- hainbeste borrokatu diren palista hauen estresa agerikoa da. «Konturatu gara ez daukagula inolako botererik; goian interes asko daude, gure ahalmenetik urrun daudenak». Palarekiko atxikimenduak bultzatuta, beraien aldetik bidea egiten saiatuko dira, beste herrietako pilotalekuetan txapelketak jokatzen. Horretarako, pilotazaleen babesa ere eskatzen dute. «Txiri-txiri» hasiko dira, ea publikoaren erantzuna zein den ikusi nahi dute, hortik aurrera arriskatzen hasteko.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
