Ainize BUTRON
BAIONA
aPERITIFa...

«Sexismoa gelditzeko kaleko lana egitea ezinbestekoa da» . LOLA GARCIA

Jaiak hasi berriak badira ere, Lola Garcia jadanik nahiko nekatua zen atzo eguerdian aurkitu genuelarik. Bezperan, goizeko lauretan erretiratu zen etxera, eta eguerdian berriz bestan murgiltzeko asmoa zuen.

Lolaren eta jaien arteko harremana aspaldikoa da. Txikitan, umeentzat deus antolatua ez bazen ere, gurasoen poteoak jarraitzen zituen, bere adineko lagunekin jostatzen zen bitartean. «Haur denborako oroitzapen anitz ditut jaiekin», dio. Aita-ama utzi eta, 16 urterekin, Orai Bat dantza taldearekin karrikak animatzen hasi zen. «Hasieran, gurasoek orduero hitzordu bat ematen zidaten», gogoratzen du, baina, gutxinaka «askatasuna irabazten» hasi zen. Gurasoekin izandako bizipena «jaiak behar bezala egiteko lagungarri» izan zaiola uste du.

Sankara ostatuan topatu dugu. Poteoa, kalez kale ibiltzea eta, bereziki, dantzatzea gustuko ditu. Halere, aurtengo jaiek beste kutsu bat ere badute Lola Garziarentzat. PAF elkarte feministan sartua, jarrera sexistak orokorrean salatzeko kanpaina indartsua bultzatu dute. Iaz hasi ziren ekimenarekin. «Sexismoa aipatzen dugularik, ez gara soilik matxismoaz edo bortxaketez ari. Jarrera sexistek homofobia, transfobia eta matxismoa biltzen dituzte ere», argitu du.

Pankartak jarri dituzte hainbat leihotan. «Udaletxeko batzordean sartu gara eta gauzak hobetzeko proposamenak egiten ditugu, baina beraiek gehienbat prebentzioa egiten dute, gu kalean gaude, karrikako brigadak bezala ikusten dugu geure burua», nabarmendu du.

Eskaerak Udalari

Jaiak hasiz geroztik jarrera sexista bat baino gehiago ikusi ditu. «Mutil batek, brometan, 'ixildu edo bortxatuko zaitut' esan dio neska bati, eta eskua ipurdian ipintzen askotan ikusi dut».

PAF-ek jarrera horiek salatzeaz gain, gertakari horien aurrean Udalak duen jarrera aldatzen saiatzen da. Hiru aldarrikapen nagusi luzatu dizkio: prebentzio gehiago egin eta mezua indartzea bigarrenik, bortxaketa bat dagoelarik Udalak berehala jakinaraztea «erreaktiboagoak» izateko, eta, azkenik, bortxaketa bat jazotzen delarik, ezin daitekeela «besten balantze baikorra» egin gogoratzea.