GARA
ORMAIZTEGI

Ander Lizarralde, garaile Ormaiztegin

Azken-aurreko final laurdena izan zuen atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak Ormaiztegin eta Ander Lizarralde nagusitu zen, finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratuaz.

Ormaiztegin jokatu zen atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko final laurdena. Ander Lizarraldek (501 puntu) lortu zuen lehen postua eta modu horretan finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen. Atzo lortutako garaipenari esker, bertsolari oiartzuarra zuzenean sailkatu da azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den finalaurrekoetako saiorako, Agin Laburu eta beste lau bertsolarirekin batera. Haren atzetik, Felix Zubia eta Iñaki Apalategi sailkatu ziren, hurrenez hurren. Oso alde txikiarekin konformatu behar izan zuen Zubiak bigarren postuarekin, 499 puntu eskuratuta. Estua izan zen hirugarren lekuan geratu zen Apalategiri ateratako aldea ere, puntu erdia baino ez (498,5).

Arkaitz Oiartzabal Xamoa laugarren postuan geratu zen, 490 punturekin. Bosgarren amaitu zuen Unai Gaztelumendik 485 punturekin eta, seigarren Maider Arregik, 444rekin. 460 bertsozalek jarraitu zuten zuzenean Zubipe pilotalekuan egin zen saioa.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hurrengo igandean izango du fase amaiera, Eskoriatzako kiroldegian jokatuko den azken final laurdenarekin. Sei bertsolari igoko dira oholtzara: Beñat Lizaso, Manu Goiogana, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal. Sarrerak salgai, Bertsosarrerak.eus webgunean.