Jon LEUNDA
TRONTZA

Ontsalo eta Astiazaran beste abiadura batean aritu dira

Nafarroako nesken txapela jantzi dute. Barberena anaiak nagusi mutiletan.

Ontsalo eta Astiazaranek nesketan, eta Barberena anaiek, mutiletan, lortu zuten atzo Nafarroako trontzalarien finala irabaztea. Emakumezkoetan, gainera, errekor berria izan zen.

Iraizoz ahizpak ziren askorentzat nesken mailako txapela irabazteko faboritoak, baina Ontsaloren eta Astiazaranen entrenamenduak jarraitzen zituztenek garbi zuten txapela irabazteko moduan zeudela, eta horrelaxe egin zuten, eta lehiaketako marka berria ezarriz, gainera. Sekulako abiadan egin zituzten egin beharreko guztiak, eta 3 minutu eta 53 segundo behar izan zituzten etzanda jarritako 45 ontzakoari hamar epai emateko. Atzetik, bigarren postuan, Iraizoz ahizpak sailkatu ziren 37 segundora. Atzetik, Sorondo eta Garcia, Lopez eta Nuñez eta Hualde eta Etxeberria sailkatu ziren.

Mutiletan, aurtengoan ez zuten barkatu Barberena anaiek. Zutikako lanean erabaki zuten finala. Bikote bakoitzak 14 epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako kana-erdiko bati eta lau zutik jarritakoari. Denera, 7 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten egin beharreko guztiak egiteko.

Bigarren postuan sailkatu ziren Eugi eta Kañamares III.a, eta hauek  30 segundora sailkatu ziren. Podiuma Kañamares IV.ak eta Kañamares V.ak osatu zuten. Hauek, 8 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten eurenak egiteko. Atzetik, Saldias eta Urrutia eta Berruezo eta Oteiza geratu ziren.

Harri-jasotzea

Iruñeko Foruen plazan, jaialdiek aurrera jarraituko dute 12.00etan hasita.  Nafarroako Harri-jasotze Txapelketa izango da gaurko ekitaldirik garrantzitsuena. Josetxo Urrutia, Albaro Zugarrondo eta Jon Irañeta arituko dira. Bakoitzak, 125eko zilindro kopa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin bi minutu izango dituzte lanerako.

Gainera, nesken txingen Nafarroako finala jokatuko da. Sousa, Ugarte, Gonzalez eta Lopez lehiatuko dira. Mutilen lasto-altxatzeko Nafarroako finala ere jokatuko da. Landaribar eta Goienetxe arituko dira.

Bestalde, harri-jasotzen, Azkoitiko Urrategi auzoan, bihar 12.30ean, Xabier Lizarraldek berak pisatzen duen pisu bikoitza duen harria jaso nahi du marka pertsonala egiteko. 175eko errektangularra erabiliko du.