.Idoia ERASO
BIARRITZ
Interview
KEPA AGUIRRE
OLDARRA TALDEKO DANTZARIA

«Gure kulturen gatazken gainetik, lotura egin nahi dugu dantzaren bitartez»

Lau urterekin hasi zen Oldarrako haurren Pinpirinak taldean. Koldo Zabalarekin ikasi zuen euskal dantza, eta duela bi urte azken hau zendu zenean bere tokia hartu zuen elkarteko irakasle eta gidari moduan, 15 urtez dantza utzi ostean. Bigarren aldia du Maitaldian parte hartzen.

Maitaldia dantza festibalaren 26. edizioa gaur hasi eta 18ra arte izango da Biarritzen. Karrikak, plazak eta antzokiak mundu osotik etorritako dantzari eta konpainien ikuskizunekin beteko dira. Klasikoa, garaikidea, tradizionala... aniztasuna da aurten ere nagusi programazioan. Jaialdian aurki daitezkeen estilo eta kultura ezberdinen nahasketaren erakusle da Kepa Aguirre biarriztarrak eta Zam Ebale belgikarrak egin duten “Alter ego” lana. Igande goizean estreinatuko da Bellevue plazan euskal dantza eta afro garaikidea elkartzen dituen obra.

Nola sortu zen proiektua?

Biarritzeko eta Ixelleseko (Belgika) herriko etxeen arteko elkarlan batetik; bi herriak anaituta daude duela 57 urtetik. Urtero trukaketa egiten dute, eta aurten galdegin digute Oldarra dantza taldekooi hango Nyangazam taldearekin parte hartzea. Bi estiloak nahasiz gazteekin bi emanaldi egin genituen hemen eta han. Eloixa Ospitalek hori jakin zuenean, galdetu zigun horrekin zerbait egin al genezakeen, eta proposatu genuen horren segida bat egitea, duo bat egitea.

Nyangazam afro dantza elkarte bat da eta Ixelles Belgikako herri bat... zergatik hautatu dute estilo hori? Afrikar asko dauden herria al da?

Ixellesen badira 84 nazionalitate. Brusela inguruko hiri bat da; badira auzo ezberdinak kultura anitzekin, biziki eklektikoa da.

Zam Ebale Belgikan eta zu Euskal Herrian, nola garatu duzue “Alter ego”?

Denbora gutxi izan dugu. Behin ni joan eta beste behin bera etorri da. Orain elkarrekin bururatzen ari gara.

Bi estilo oso ezberdin dira.

Hasi ginen nora gindoazen jakin gabe, bien kulturen nahasketa egin nahi genuen. Pixkanaka-pixkanaka nahasketa bat egin dugu, baina gehienbat afro garaikidea da, euskal dantzako pauso batzuekin.

Nola elkartzen dira?

Biok gauza bera egiten dugu, baina bakoitzak bere erara. Nik egingo ditut pauso afrikarrak, orain arte ez nituenak inoiz egin, nire modura; eta berak ere euskal dantzako pausoak berak ikusten dituen bezala egingo ditu. Batzuetan zailtasunak baditugu pausoak ulertzeko.

Bi estiloak batzen dira ala bata bestearen atzetik doaz?

Elkartzen dira, dena nahasia da. Hala ere, dantza da orokorki; badira beso joko batzuk estilo klasikokoak. Dena nahasia da, ezin da definitu.

Nola egin da nahasketa?

Badira hiru zati obran, nahiz eta ez diren definituak. Lehendabizi elkartasuna dago, gero bada duelu bat, konfrontazio bat bezalakoa; eta azkenik elkartzen gara. Momentu guztietan pauso berak egiten ditugu, norabide ezberdinekin bada ere, pausoa berdin atxikiz.

Zer da nahasketa horri batasuna ematen diona?

Kulturen diferentzia; “Alter ego”-k hori esan nahi du: biok bat egiten dugu, nahiz eta bakoitza leku ezberdin batetik edo kultura ezberdin batetik etorri. Bi pertsona diferente gara, baina horrek lotzen gaitu, kultur ezberdinen lotura. Munduan diren gatazken gainetik ere, kulturak nahastea. Ixelles anaitua da Israelgo herri batekin, Palestinako batekin, Afrikako batekin… horregatik nahi dute gatazken gainetik lotura egin, baita dantzaren bidez ere. Nahiz eta hori ezer gutxi izan seguruenik.

Euskal dantzan orokorrean gerritik gora gorputza gutxi mugitzen da; aldiz afro dantzan gorputz guztia. Diferentzia hori sentitzen da?

Bai, dantza egiten dugu gona luze batzuekin, eta zangoak ez dira anitz ikusten, horregatik momentu batzuetan altxatzen dugu. Gona da gure tresna, gonarekin jostatzen gara.

Zein doinurekin egiten duzue dantza?

Txalapartaren doinuekin egiten da guztia; perkusio pixka bat ere sartzen da. Zerbait aski salbaia egin nahi genuen, eta horregatik sartu genuen txalaparta. Musikarik gabe hasi ginen, eta gero Zami txalaparta entzunarazi nion, eta gustatu zitzaionez hori sartu genuen. Biarritzeko bi anaiak jotzen dute, musikariak dira eta dantzari ohiak. Musika konposizioa dantzaren arabera egina dago.

“Alter ego”-ren beste emanaldirik izango al da?

Anaitze horretatik sortu den proiektua denez, Ixellesen beste emanaldi bat egingo dugu.

Horretaz gain, besterik egiteko gogorik izango duzue?

Zergatik ez?

Joan den urtean ere parte hartu zenuen Maitaldian.

Bai, beste koreografo batekin parte hartu nuen. Foofwak dantzariak ez diren jendeekin egin zuen dantza performancea egiten lagundu nuen, euskal dantza pausoak sartu genituen. Bertan agertzen ziren eguneroko bizitzako keinuak, baina dantzariak ez direnen eskutik. Biarritzeko itsasargiaren lautadan egina izan zen, eta ikuskizun horretako argazkia da Maitaldiko aurtengo afixa egiteko erabili den irudia.