Jaime VALVERDE
Pastorala

Ohiturak irauliz

Badira zenbait arrazoi pentsatzeko “Katalina de Erauso” lanak inflexio puntu bat markatuko duela pastoralaren historian. Hasteko, lehen aldia da rol nagusiak emakumezkoek betetzen dituztela; hala nola sujeta, idazlea, errejentak eta kantoreen zuzendaria. Herri antzerkiaren tradizio maskulinoegian hori lorpen handia bada ere, obraren interesa ez da, inondik ere, horretan agortzen. Aukeratutako protagonistak, berez, berebiziko xarma emango lioke edozein obrari. Katalina de Erauso famatua da garaiko gizartearen arauak hankaz gora jartzeagatik. Komentutik ihes egin zuen, ezkontza bat baino gehiago errefusatu eta, gizon identitatea hartuta, alferez izatera heldu zen Ameriketan, jokoan eta ezpatarekin hainbat abentura biziz tartean. Donostiar hau ehunka obren protagonista eta genero askatasunaren erreferente bilakatu da nazioartean, gurean nahiko ezezaguna bada ere.

Pastoral honi dagokionez, badirudi pertsonaiaren errebeldiarekin inspiratu direla autoreak, zenbait arau urratu baitituzte taularatzean: nabarmenena, pertsonaien irudikatze manikeoa irauli izana. Ezagun da pastoralak urdin (onak) ala gorri (gaizto) bereizketa egiten duela. Kasu honetan, ordea, eta estreinakoz mendeetako historia batean, sujeta gorrien aldera pasatzen da tarte batez, hain zuzen ere Katalina Ameriketako konkistatzaileekin batera borrokatzen denean.

Tradizio-formetan aldaketak beti eztabaidagai badira ere, nire ustez kasu honetan pertsonaien ohiko irudikatze zapal eta garapenik gabekoa saihesten da, pastoralari dimentsio aberatsagoa emanez bere berezkotasunei muzin egin gabe eta Katalinaren izaera konplexuak eskatzen zuen sakontasuna lortuz. Izan ere, azpimarratu behar da Maite Berrogainek egin duen lana, testu indartsu, aberats eta hunkigarria lortu duelako. Nabari da autoreak pertsonaian barneratzen jakin duela, miresmenez baina limurkeriatan erori gabe, potret sinesgarri eta gizatiarra egiteko. Berrogainen testuak aldi berean liluragarria eta uherra den pertsonaia bat hurbiltzen digu, bere sekretu eta kontraesanak zapuztu gabe.