J.L.
Aizkora

Txapartegik eta Zalduak apustua jokatuko dute

Xabier Zalduak eta Luix Txapartegik aizkora apustua jokatuko dute datorren martxoaren 5ean, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Ordua oraindik zehazteko dago, baina jadanik akordioa itxi dute eta data ere jarri dute.

Xabier Zaldua izan zen desafioa bota zuena, baina ez zion zehazki Txapartegiri bota. Berak Euskal Herriko Bigarren Mailako finalean aritu ziren sei finalistei bota zien, haietako edozeini jokatzeko prest agertu zen 20 kana-erdikotara, baina enborrak Zumarragakoak berak eramanda. Pasa den ostiral gauerako jarri zuen eguna Zalduak, jokatu nahi zuenarekin hitz egiteko.

Finalean aritu zirenek iragarria zuten ez zirela bilera horretara joango, beraz, garbi zegoen haietako inorekin ezingo zuela jokatu, baina zita egina zuen Zalduak eta hantxe agertu zen, baita Luix Txapartegi ere. Aizarnako aizkolari beteranoak badaki Lehen Mailako finalak jokatzea zer den, baina aurten ezin izan du Bigarren Mailako finalean sartu.

Bi aizkolariak ados jarri ziren, eta hogeina kana-erdiko ebaki beharko dituzte. Hori bai, enbor guztiak Txapartegik eramango ditu. Alde bakoitzak 6.000 jartzen ditu dirutan. Apustua polita geratu da, eta segur aski ikusmina ere piztuko duen neurketa izango da hau, biak ere Azkoititik gertukoak baitira.

Apustua maite dutenek hemendik eta urtea amaitu arte asetzeko aukera izango dute, izan ere, lau apustu izango dira. Aurrenekoa, gainera, datorren igandean bertan izango da, Arria V.ak Jauregiren eta Kañamares III.aren aurka jokatuko duenarekin, aizkoran eta korrikan. Gero harri jasotzeko bi etorriko dira, eta baita harri zulatzekoa ere. Kirol honetan ez dira asko izaten, baina aurten bat izango da.