Ion SALGADO
GASTEIZ

Urtaranek ez ditu aldatuko frankisten izenak dituzten Gasteizko kaleak

EH Bilduk Gasteizko alkateak memoria historikoaren inguruan dagoen adostasuna arriskuan jarri duela salatu zuen atzo. Dirudienez, Gorka Urtaranek ez ditu aldatuko frankisten izenak dituzten kaleak. Hala dio sare sozialen bidez argitaratutako mezuak: «Ez dut uste Gasteizko kaleen izenak aldatu behar direnik. Alkate bezala, ez ditut hiriko kaleen izenak aldatuko. Are gutxiago, Jose Lejarreta bezalako pertsonei aitortza egiten dien kaleen izenak; nahiz eta Francoren garaiko alkatea izan, pertsona ona izan zen eta gauza asko egin zituen hiriaren eta gasteiztarren alde». Izen horiek testuinguruan jarri nahi ditu alkateak, «zenbait kaletan argibide-plakak jarriz, omendutako pertsona hori nor izan zen azalduz».

Ane Aristi EH Bilduko zinegotziak gaitzetsi egin zuen Urtaranen erabakia. «Alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, adostu dugun txostenean argi azaltzen da Gasteizko sei kaleren izenak aldatu edo testuinguruan jartzeko borondatea. Kontsentsu hori kolokan jarri du Urtaranek, bere kabuz hartu duen erabakiarekin bi urteko lana hondatuz. Adierazpen horrekin alkatea PPrengana hurbildu da eta baliorik gabe utzi du bilkurara eramango den txostena».

Frankismoari lotutako pertsonei eskainitako titulu guztiak kentzeko eta errepresioa pairatu zuten gasteiztarren zerrenda bat egiteko eskatzen da ostiralean bozkatuko den txosten horretan.