Mundu mira iraultzailea

AEBetako Bostongo eskola publikoek erabaki iraultzailea hartu dute: mundua ikusteko lentea ofizialki aldatzea. Mundua faltsutuz, 500 urtez erabili den Mercator mapamundi estandarra alboratu eta Gall-Peters proiekzioa lehenetsi dute.

Gerardus Mercator kartografo flandiarrak 1569. urtean egindako mapak potentzia europar kristauen tamaina nahitara handitu eta Europa munduaren erdigunean kokatzen du. Efektu bisual horren poderioz, mendebaldar zibilizazio kristauaren nagusitasuna bultzatu da, tamainaren esajerazioaren bitartez dominazio mezu historiko eta soziopolitiko zehatza igorriz.

XIX. mendeko mapagile eskoziar James Gallen lanean oinarrituta, 1974. urtean Arno Peters historiagile alemanak egin zuen proiekzioak, aldiz, kontinenteen formen desitxuratzearen polemika gorabehera, tamaina eta eskala mailan egia geografikora hurbiltzen gaitu, bereziki Afrika eta Hego Amerikarekin justizia eginez. «Egiaren osteko aroa», «gertaera alternatiboak»… aditzen diren uneotan, dudarik ez, erabaki ausarta, paradigma aldaketa erradikala suposatzen duena. Gure ikastola eta eskolek jarraituko ahal dute bidea!